‘Gorputzaren soinuak’ da Ziudadelako Labean urtarrilaren 8ra arte ikusgai egonen den proposamenaren izena. Ghislaine Veranoren sorkuntza da eta gorputzak sortzen dituen soinuak ardatz dituen ikus-entzunezko instalazio bat barne hartzen du, zeina proposamen performatibo baten bidez aktibatzen baita. Meditazio-behaketa egiteko gune bat sortzen da, bideodantza eta soinu sorkuntza esperimentala barne hartzen dituena.
Ostiral arratsaldean erakusketa irekiko duen performancea eginen da, eta hortik aurrera ikusgai egonen da. Erritu gisa, bost interpretek mugimendu bilakatuko dituzte gorputzaren zenbait soinu , espazioarekin jolastuz eta ikusleak beren ikuspuntua aldatzera gonbidatuz. Aktibazio performatiko gehiago eginen dira instalazioa Labean dagoen bitartean. Performancea gorrentzat egokituta dago.
Instalazioa aktibatzen duen erritu-performancean honako bost dantzari hauek hartuko dute parte: Carmen Larraz, Martin Los Arcos, Stefano Mattiello, Inés Aubert Boadilla eta Irina Tcymbal; soinu sorkuntzaz Hilario Rodero arduratuko da eta Santi Echeverría bideoez. Proiektuaren sorkuntza eta garapen prozesuan parte hartu dute halaber, Xabier Erkizia soinu-ikertzaileak, Miguel Eraso bideo-sortzaileak, Kitti Arozena aktoreak, beste dantzari batzuk, hala nola, Asier Gonzalezek eta Harritxu de Atxak eta Ilazki Martirena jantzien arduradunak.
Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta Ghislaine Verano ‘Gorrputzaren soinuak’ instalazioaren egileak gaur goizean aurkeztu dute kultur- eta arte-proposamen berria. Proiektua sortzen eta ekoizten lagundu dute Nafarroako Gobernuak, Huarte Zentroak, La Faktoriak, Azala Sorkuntza Zentroak eta DNA 2021ek.
Behaketa eta arreta gunea
Sorkuntza hori Ghislaine Veranok urteetan zehar garatu duen zaintzaren eta errespetuaren inguruko proiektu baten ondorio da, anplifikatu eta xehetasunez betetzen den mundu bati bide ematen dioten behaketa sakona eta arreta geldia lantzeko beharra sentitu baitu. Zentzumenetan jarri du behaketaren ardatza, eta kasu honetan, entzumenean, zentzu zabalago batean hartuta, jakinik soinuek eragina dutela hor daudela ez dakigunean ere. Zaintzarako eta isilunerako gunea da, eta horiek ez dira beti erosoak.
Instalazio performatiboan gorputzak modu automatikoan egiten dituen bost soinu aukeratu dira. Horietako bat automatikoa da eta kontrola daiteke, eta beste bat ez dute pertsona orok entzuten. Soinu-mailan, ‘Gorputzaren soinuak’ instalazioan , beste mundu bat eta bi mikrokosmosen arteko harremana –giza gorputza eta hiri gorputza– sortzen duten egiazko soinuen anplifikazio bat erakusten da. Funtzionamendu ia berdinarekin, antzekoak bezain desberdinak diren soinuak sortzen dira, eta oso erraz erlazionatzen ahal direnak.
Maila fisikoan, soinuen anplifikatze horrekin gorputzari zer gertatzen zaion aurkitzea izan da ikerketaren ardatza. Horretarako, ikasi gabeko mugimenduak eta formula koreografikoak bilatu dira, dantzariengandik gorputz estereotipatu hori erauzi eta zerbait benetakoagoa eskaini nahian.