Bihar, asteartearekin, hitzordua dago Civivox sareak teknologiaren alorra lantzeko eskaintzen duen #MartesTIC zikloaren barruan, eta oraingoan datu eta informazio pribatuen babesa jorratuko da, bereziki smartphone eta sare sozialetan. Hitzaldia euskaraz izango da, teknologia berrietan aditu Julen Linazasororen eskutik, 19:00etatik aitzina, Iturramako Civivoxean, eta sarrera librea da.
Babestu zure smartphonea eta zure sare sozialak da hitzaldiaren izenburua. Hitzaldian Linazasorok gaur egun smartphone eta sare sozialen erabilera ohikoa eta orokorra dela nabarmenduko du, eta jende gutxik ematen diola behar besteko garrantzia smartphonea eta sare sozialak babesteari, halako gailu eta tresnak bat-batean iritsi direlako, eta horiek ongi erabiltzeko eskulibururik gabe. Gainera, tresna horiek Internetera konektatuta daudenez ziberdelitugile asko saiatzen dira datu eta informazio pribatua lortzen. Erabiltzaileak gero eta egoera zaurgarriagoan daude eraso gero eta sotilagoen ondorioz, segurtasuna eta pribatutasuna arrisku larrian jartzen dituztelako smartphonea edo sare sozialak erabiltzen diren aldiro.
Hitzaldi honetan ikusiko dira nork aurrean dituen arriskuak, eta horiei aurre egiteko moduak landuko dira. Jendeari oro har zuzenduta dago, nerabeak barne, eta interesgarria izan daiteke familia osoa bertaratzea.
Biharko hitzorduaren ostean, #MartesTIC zikloko hurrengo hitzaldia apirilaren 24an izango da, Juslarrocha Civivoxean, Cristina Fernandez teknologia berrietan prestatzailearen eskutik, Libre Office programaren inguruan.