Bihar hasiko da Ziudadelako jazz-zikloa, eta hurrengo hiru ostegunetan musika-genero honi buruzko kontzertuak eskainiko ditu. Sevillako O Sister! seikoteak emanen dio hasiera, eta ‘Nobody cares’ lan berria aurkeztuko dute. Emanaldia, zikloko gainerako kontzertuak bezala, 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea da. Gehienez ere 600 ikus-entzule egon ahal izanen dira, eta ateak emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
Sevillako seikotea 2008an sortu zen, Ipar Amerikako 20ko eta 30eko hamarkadetan emakume-ahotsak zituzten jazz-taldeen omenaldi gisa, eta orduz geroztik haren estiloa aldatu egin da, dixieland eta jazzaren jatorrizko formetarantz joaz. Hamarkada batez esploratzen egon ostean, New Orleansetik bira egin ostean eta 500 kontzertu baino gehiago eman ostean –besteak beste, Danimarkan, Suedian, Italian eta Grezian– swing banda honek musika ulertzeko modu bat lortu du, berezko nortasun-bereizgarria duena, eta horixe islatzen da azken lanean.
O Sister!-en lan berria ikus-entzulea 20ko hamarkada berrira eramaten duten 10 konposiziok osatzen dute, eta horiekin swing-aren barruan soinu berri bat sortu eta genero berriak arakatzera ausartzen dira. Hori guztia haien ezaugarriak mantenduz, beren karrerako diskorik pertsonalena dirudien honetan, non O Sister!-ek defendatzen duen filosofia agertzen baita: bizitza inolako presarik gabe gozatzea, uneak dastatuz eta sortzeko beharrezkoa den denbora hartuz. ‘Nobody cares’ Espainiako Antzoki, Auditorium, Zirkuitu eta Jaialdi Publikoen Sareko musika-batzordeak gomendatzen duen lehen ikuskizuna da.
Beste bi kontzertu, hurrengo bi ostegunetan
Programatutako hiru kontzertuen bigarrena uztailaren 16an izanen da, ostegunarekin. Mikel Andueza y Javier López Jaso Quarteto taldeak ‘Encuentros’ aurkeztuko du: sonoritate eta bide musikal berriak arakatzeko beharretik eta jakin-minetik sortutako proiektua. Bi musikariren arteko elkarlanaren fruitu da. Biek ala biek oso bestelako ibilbideak, kontrajarriak, egin dituzte, baina biek jazzarekiko duten loturak elkartu ditu, musikaren eta jazzaren tradiziotik inolaz ere ihes egin gabe. Giro iradokitzaileak, ñabarduraz beteak, entzun ahal izanen dira, melodia eta erritmo tradizionalak, brasildarrak, folklorikoak, introspekzioa eta tradizioa oinarri harmonikoetan, erritmo iradokitzaileak eta inguratzaileak... Horren guztiaren emaitza kalitatezko errepertorio eder eta poetikoa da, modu berritu eta ezohikoan interpretatua.
Zikloa uztailaren 23an amaituko da, Bartzelonako De Diego Brothers laukotearekin. 1993an sortutako talde honen buruak Juan eta Víctor de Diego anaiak dira. Errepertorioaren oinarrian jatorrizko konposizioak eta beste artista batzuenak daude: Lee Morgan, Joe Henderson, Herbie Hancock... 60ko hamarkadako ‘Blue Note’ zigiluarekin bat etor liteke haien musika-estiloa, garai hartan swing-a erritmo afrokubatarrekin, funkyarekin eta bogalooarekin nahastu baitzen.
Ciudadela Jazz
- Uztailak 9, osteguna. 20:00 Ziudadela
- O Sister!
- Uztailak 16, osteguna. 20:00 Ziudadela
- Mikel Andueza & Javier López Jaso Quarteto
- Uztailak 23, osteguna. 20:00 Ziudadela
- De Diego Brothers