Julián Gayarreren irudia eta Sarasate pasealekutik eramandako Nafarroako erregeen sei eskulturak Taconeran daude jada. Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideak gaur goizean joan dira eskulturak dauden Taconerako eremura: bertako lorategiak 1830ean diseinatu zituzten, eta Iruñeko zaharrenak dira.
Aurreko astean amaitu ziren kareharrian zizelkatutako erregeen estatuak eta idulkiak –hasiera batean Orienteko jauregiko (Madril) goiko frisorako sortu zituzten– lekualdatzeko lanak. Bestalde, iazko urte amaieran, Julián Gayarreren omenez eraikitako iturri apaingarrian esku hartu zuten, hiriko iturri apaingarriak hobetzeko eta uraren birzirkulazio-sistemak instalatzeko lanen barruan. Iturriko apaindura-argiak ere aurrez instalatu dira. Halaber, iazko udaberrian, Iruñeko Udalak harrizko eta marmolezko iturria urez garbitu eta iragazgaiztu zituen jada, eta elementu horren eta Eusako Portale Berriaren arteko guneari azken ukitua eman zion: 2.300 m2 bide drainatze-materialez zolatu eta zuhaitz eta parterre berriak landatu zituen.
Aldaketa asko egin dira 12 hilabete inguruan, eta bisitan parte hartu dutenek hori ikusteko aukera izan dute, eta iturriko ura birzirkulatzeko sistema berriaren funtzionamenduaren azalpen teknikoak jaso dituzte. Sistema horrek 500 litroko edukiera duen uraska bat eta ura ponpatzeko eta birzirkulatzeko sistema bat ditu oinarri, eta 100 metro kubiko ur inguru aurrezten ditu egunean. Gainera, azaldu zaie hiru hustubide konpondu dituztela euri garaietan putzu-arazoak konpontzeko. Hori bera lortu nahi zuten Vista Bella eremuko barneko bidea zolatzeko lanak egiterakoan, zoo txikiko lubanarroetatik ibilbide horrek San Roke kalearekin eta Portale Berriarekin bat egiten duen tokiraino.
Udalak 456.962 euro inbertitu ditu guztira parkea hobetu eta berritzeko. 212.164 euro inbertitu dituzte barneko bidean drainatze-zoladura jartzeko; 155.577 euro, Orienteko jauregiko erregeen eskulturak lekualdatu eta zaharberritzeko; 57.221 euro, Julián Gayarreren omenezko iturria garbitu eta iragazgaizteko, eta 32.000 euro, uraren birzirkulazio-sistema instalatzeko.
Lorezaintza-lanak
Lan horiekin guztiekin batera, lorezaintzari lotutako aldaketak ere egin dituzte, Udalaren Berdeguneetako Zerbitzuaren eta haren menpeko kontratuen bitartez. Hala, zolatzeko lanekin batera, parterre berriak sortu dituzte Portale Berriaren ondoan, eta, iturriaren inguruan arrosaz hornitutako parterre bat jarri dute berriz, antzinako diseinua berreskuratu eta drainatze-azalera handitzeko. Parterrea 50 eta 60 cm bitarteko altuerako Buxus sempervives espezieaz egindako ertzen bidez mugatu da.
Hain zuzen, erregeak –parkeko eskultura-ondarearen kide berriak– egokitze aldera, eremua lorez hornitu beharra dago oraindik. Aurreikuspenen arabera, parkeko udal-langileek arrosen beste bost mazizo sortuko dituzte hurrengo asteetan, sei estatuak nabarmendu eta edertzeko, bai eta 6 eta 7 tona bitarteko pisua duten piezak lekualdatu eta kokatu ondoren berdeguneek jasan dituzten kalteak konpondu ere.
Berdeguneetako Zerbitzuak kudeatzen ditu parke historikoak, eta neguan zehar hainbat koloretako 15.000 tulipa-erraboil inguru (iaz baino hiru aldiz gehiago) landatu ditu parkeko hainbat eremutan. Landareak Aste Santurako loratuko dira.
Historiaz eta ondare artistiko eta naturalez betetako 90.000 m2
Taconera parkeko 90.000 metro karratuek Iruñeko historiaren funtsezko zati baten berri ematen diete ibiltariei, osagai hauen bidez: lorategiak, askotariko landare-elementuak, askotariko zuhaitz- eta lore-espezieak, lubanarroak eta harresiak. Taconera eta Gonzaga bastioietan sortu zen, harresiekin lotutako gune batean, eta, bere garaian, debekatuta zegoen bertan eraikitzea. Parkearen ibilbideak Donibane eta Alde Zaharra lotzen ditu, oinezkoen eta ziklisten joan-etorriak errazteko, eta O-ko Andre Maria plazan eta Ingurabideko pasealekuan du amaiera.
Ondare historiko eta artistikoari dagokionez, parkeak bisitarien gozamenerako eskulturak barne hartzen ditu: besteak beste, Mari Blanca iturria (Ongintzaren monumentua) eta Hilarión Eslava artistaren eta Julián Gayarre Erronkariko tenorearen omenezko eskulturak; gainera, joan den ostiraletik aitzina, Nafarroako erregeen estatuak daude bertan. Naturarekin lotutako ondareari dagokionez, zuhaitz-espezie hauek daude parkean: pagoak, magnoliak, ginkgo bilobak, erramuak, gorostiak eta sekuoia erraldoi bat (40 metro). Zuhaitzik deigarrienetako bat Japoniar sofora da: vienar kafetegian dago; hagin bat ere badago espiralean, lizar bat ere bai, baita lorez osatutako hainbat parterre ere. Gainera, lubanarroetan, zoo txiki bat dago.
TACONERA PARKEAN EGIN BERRI DIREN JARDUKETAK
Vista Bella eremuko lorategietatik Taconerara sartzeko bidea zolatzeko lanak
Construcciones Lacunza Hermanos SL: 212.704,73 euroBerdegune berriak sortzeko eta horiek zabaltzeko lanak Taconeran eta Vista Bella eremuan. Portale Berriaren ingurua
Udal-langileak. Inbertsioa, guztira: 28.149,44 euroJulián Gayarre iturrian ura birzirkulatzeko sistema jartzeko lanak
Construcciones y excavaciones Erriberri SL; Obra zibila: 23.871,16 euro
EULEN Medio Ambiente SA. Ura ponpatzeko eta birzirkulatzeko zirkuitu hidraulikoa sortzea: 6.123,51 euroJulián Gayarreren omenezko iturriko parterre zaharrak berreskuratzeko lanak. Gauzatzen ari da
Udal-langileak. Inbertsioa, guztira: 10.972,07 euroBeste bost parterre sortzeko lanak erregeen estatuen gunean. Gauzatzen ari da
Udal-langileak. Hasierako aurrekontua: 12.900 euro