Sei Civivox zentrok beren auzoetako historia gertatu berria kontatuko dute Iruñeko Udal Artxiboko argazkien bidez

Sei Civivox zentrok beren auzoetako historia gertatu berria kontatuko dute Iruñeko Udal Artxiboko argazkien bidez
Jada bisitatzen ahal dira Milagrosako eta Mendillorriko zentroetako erakusketak, eta hurrengo astean, Iturrama, Juslarrocha, Sanduzelai eta Zabalgunekoak inauguratuko dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Civivox sareak sei erakusketa abiatu ditu –bana auzo bakoitzeko zentroetan– Iruñeko Udal Artxiboko argazki-funtsaren bidez ezagutzera emateko hiriko auzoek azken bost hamarkadetan izan duten hiri-bilakaera eta eraldaketa, hiriburuaren egungo hirigintza azaltzen dutenak. Civivox bakoitzean ikusgai egonen dira haren eragin-eremuko historiari buruzko argazkiak. Milagrosako eta Mendillorriko Civivoxetan inauguratuko da erakusketa, eta datorren astean Sanduzelai, Iturrama eta Zabalguneko zentroetara eta Juslarrocha Civivoxera helduko da. Erakusketak doan bisita daitezke zentroak zabalik dauden ordutegian, goizez bederatzietatik ordu bietara, eta arratsaldez bostetatik bederatzietara.

Guztira, Iruñeko Udal Artxiboan gordetako 225 argazki dira, azken berrogeita hamar urteetakoak, eta horiek hautatzeko kontuan hartu dira eremu bakoitzaren ezaugarriak eta Civivox bakoitzaren eragin-eremua. Erakusketaren helburua da auzotar guztiei aukera ematea historia gertatu berriko errealitateak gogoratzeko, ezagut dezaten nola iritsi den auzo bakoitza egun ezagutzen dugun egoerara. Horrela, halaber, herritarrei gerturatzen zaizkie Iruñeko Udalaren dokumentu-funtsak, hiriaren historia era bisualean osatzeko aukera ematen duten horiek. Azken urte hauetan egiten ari den digitalizazio-lanari esker, argazki horien zati handi bat online kontsultatu daiteke Iruñeko Udalaren webguneko https://www.pamplona.es/archivomunicipal atalean.

Civivox bakoitzeko erakusketak aukera emanen du haren eragin-eremuko historia gertatu berrian barnako ibilbidea egiteko

Milagrosako Civivoxean 70, 80 eta 90eko hamarkadetan egindako 40 argazki hautatu egonen dira ikusgai. Adibidez, Foruen plaza eraikitzeak zonaldean izandako eragina ikus daiteke. Argazki batzuetan eremua plaza eraiki aurretik nolakoa zen ikus daiteke, eta beste batzuetan, eraikuntza-lanen funtsezko une batzuk, bai eta horien bilakaerak Zaragozako etorbidea ardatz zuen zonaldeari ematen zion itxura ere. Putzuak sortzea ekidite aldera auzotarrek kale batzuk urbanizatzea eskatzen zuten bitartean –argazkiak ere ateratzen zituzten–, pixkanaka, eraikin handiak gorpuzten joan ziren eta hiriaren hegoaldeko irteeraren skyline berria eraikitzen. Aldi berean, denborarekin historikoak izanen ziren beste eraikin batzuk ere eraiki ziren, hala nola San Fermin parrokia eta Erruki Etxea. Aldaketa horien guztien lekuko eta zonaldeko irudiaren parte, argazki batzuetan Zaragozako etorbideko gasolindegia eta Pamplonicaren lantegi zaharra ageri dira, eta bertan jarraitu zuten XXI. mendea aitzina zihoala bitartean.

Mendillorriko Civivoxean auzo gazte horretako 18 argazki daude ikusgai, eta bertan ikus daiteke nolakoa zen eraldatu eta hiriarekin bat egin zuen eremua. Aipagarriak dira 90eko hamarkada baino lehenagoko aire-irudi ikusgarriak, zeinetan soro zabalak ageri baitira, eta hainbat agiri grafiko erakusten dutenak nolakoak ziren Uren Etxea eta Telleria zaharra –lanerako eta biltegiratzeko eraikinak barne–. Argazki berriago batean ageri da nolakoa zen gaur egun Lezkairuko zaldua auzoa den eremua.

Iturramako Civivoxean 60, 70 eta 80ko hamarkadetako azken urteetako 40 argazki egonen dira ikusgai. 70ko hamarkadan hiria zabaldu zuen eremu garrantzitsu honen bilakaera eta hazkundea azaltzen digute. López frontoiaren argazkiak nabarmentzen dira, inguruan zuen hiri-azpiegituran izandako aldaketen erakusgarri. Horrez gain, ikus daiteke nola sortu ziren, eraikin berritzaileen bidez, hiriaren eremu ezagun batzuk, hala nola Gaztelugibel eta San Joan Bosco, Serafín Olave eta Abejeras kaleak. Halaber, Karmeldarren komentu zaharra ikus dezakegu, gerora eraitsi eta Pio XII.aren etorbideari bide eman ziona.

Mende erdiko hirigintza-bilakaera iruditan

Juslarrocha Civivoxean 50, 60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako 100 argazkiren artean hautatutako 30 argazki egonen dira ikusgai. Horiek ikustean argi geratzen da hiriko eremu horrek azken hamarkadetan izan duen eraldaketa nabarmena. Egun desagertuta dagoen Zamargileen eremuko etxeak oraindik ere bizitzeko moduan ikus ditzakegu argazkietan, baita hala toki horretan nola Eskortetan egin ziren zaharberritze- eta birgaitze-lanak ere. Cuatrovientosek azken hamarkadetan izandako aldaketak ere ikusgai daude, hala nola eraikin zaharren eraisteak eta auzorako zuzkidura berrien eraikuntza eta urbanizazioa. Juslarrocha zentroaren beraren edo Matesa inguratzen zuten orubeen argazkiei esker, auzotarrek haien auzoaren historia ezagutuko dute.

Sanduzelaiko Civivoxean ia 100 argazkiren artean hautatutako ia 50 argazki egonen dira ikusgai, auzoaren hazkundearen eta urbanizazioaren erakusgarri. Sanduzelai etorbidearen eta haren inguruaren forma deigarria da, gaur egun ezagutzen dugun auzoaren ardatz nagusia osatzen baitu. Halaber, hautatutako argazkiek gogora ekartzen digute CAMPSA enpresaren biltegiak han zeudela, edo duela hamarkada gutxi batzuk elkarren ondoan zeudela lurzati industrialak eta arian-arian eraikitzen zituzten etxebizitza berriak.

Eta, azkenik, Zabalguneko Civivoxean 50, 60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako berrogeita hamar argazki egonen dira ikusgai, Iruñeko erdialdeko eremu honen aldaketaren erakusle argiak. Duela hainbat urte oinezkoendako diren kaleak aparkatutako edo zirkulatzen ari diren autoz beteta egoteak eta Vínculo eta Nafarroako Blanca plazetako aparkalekuen eraikuntzak erakusten digute ibilgailuek ere hiriaren ikusizko bilakaera baldintzatu dutela. Vínculo plazaren edo Zabalguneko merkatuaren inguruan eraikinak eraikitzea hiriaren hedapen bertikal eta horizontalaren beste adibide bat baino ez dira. Era berean, deigarria da gasolindegi eta kontzesionario bat egotea Merindadeen plazan, iragartzea ‘laster eraikiko’ zela gerora Iruñeko Udal Aurrezki kutxaren egoitza izanen zen eraikina, edo intendentzia-kuartel zaharren eraisketa, gaur egun El Corte Inglésaren eraikina dagoen tokian.