2025eko azaroaren 9tik 15era bitarte, Iruñaldiaren beste edizio bat eginen da Iruñean. Euskaraz sortutako kultura garaikidea hedatzen du, besteak beste, esparru hauetan: musikan, dantzan, literaturan, antzerkian, zirkuan, ikus-entzunezkoetan, performanceetan, gastronomian eta esperientzia digitaletan. Proposamenen artean, jaialdiak hiru ikuskizun eskainiko ditu Gayarre Antzokian eta Baluarten, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Arratsaldez eskainiko dira ikuskizunak: azaroaren 9an, igandearekin, Zirkozaurre konpainiaren Harreman lana Gayarre Antzokian; azaroaren 14an, ostiralarekin, Ikimilikiliklik musika-ikuskizuna Baluarten eta azaroaren 15ean, larunbatarekin, Olaia Inziarteren Zarrautsa kontzertua Gayarren Antzokian.
Sarrerak salgai daude bi gune horietako txarteldegietan eta irunaldia.eus webgunean; hain zuzen ere, webguneak lorazain bihurtzeko aukera ematen du: lorazainek prezio bereziak dituzte, bertatik bertara eskuratzen ahal dute jaialdiaren programazioari buruzko informazioa, opari bereziak jaso eta zozketetan parte hartzeko aukera dute. Guztiz doakoa da Loraldiaren komunitatearen parte izatea eta euskal kulturarekin lotutako jardueretan parte hartzea.
Iruñaldia: Geroa Gaur izenburupean, programazio guztia laster eginen den prentsaurrekoan aurkeztuko da: gainontzeko ekitaldiak berretsi eta programazioaren xehetasunak jakinaraziko dira.
Zirkua, musika eta txalaparta
Azaroaren 9an (igandea) lehenengo proposamenaren txanda izanen da Gayarre Antzokian: Zirkozaurre konpainiaren Harreman lana, zirkua, dantza eta musika bateratzen dituen 50 minutuko ikuskizuna. Sorkuntza ikusgarria da, eta, zirkua eta euskal musika tradizionala bateratzen ditu, txistuari protagonismoa emanda; gainera, memoriara eta etorkizunera bidaia egiten du konpainia bilbotarraren laborategian sortutako malabareez eta dantzez gozatzeko. Sortzaileek metronomoa erabili eta matematika aplikatzen dute eszenako malabaristak sinkronizatzeko.
Azaroaren 14an, ostiralarekin, bigarren ikuskizunaren txanda izanen da: Ikimilikiliklik onomatopeia du izenburu, eta hainbat eremu fusionatu zituen ikuskizun harrigarri eta berritzaileari egiten dio erreferentzia, besteak beste: Laboaren lehen abestiak, Artzeren poesia, ikus-entzunezkoak, Zumetaren artea... eta txalaparta modu berri batean erabilita, Mikel Laboak eta Artze anaiek egindako esperimentazioa, zeinari esker Veneziako Bienalera joan eta nazioarteko saria lortu baitzuten. Bost hamarkada geroago, Loraldiak ikuskizun berritzailea aurkezten du, jatorrizko ikuskizunarekin hartu-emanean: Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluceren eskutik, XXI. mendeko Ikimilikiliklik ikuskizunaren txanda da orain, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean.
Hirugarren hitzorduan musika da protagonista: azaroaren 15ean (larunbata), Gayarre Antzokian, Olaia Inziartek Zerrautsa izeneko kontzertua emanen du. Artistak kontzertu intimo eta hunkigarri batekin emanen dio amaiera 2025eko birari, eta bertan bere bigarren diskoa aurkeztuko du: emozioen eta egiazkotasunaren ospakizuna da, musikaren eta hitzen bidez partekatzeko gonbidapena. Diskoa norberaren barrunbean arakatzeko bidaia bat da, emozio gordinen eta kalteberatasunaren bidez. Olaia Inziarterekin (ahotsa, pianoa eta gitarra) batera, hauek arituko dira: Eric Deza (gitarra elektrikoa eta efektuak), Gema Ines Murillo (gitarra elektriko eta akustikoa), Ander Unzaga (sintetizadorea eta pianoa), Lore Nekane (baxua eta sintetizadorea eta Josu Erviti (bateria eta perkusioa).
IRUÑALDIA 2025. GEROA GAUR
Azaroak 9, igandea. Gayarre Antzokia. 18:00etan
Harreman. Zirkozaurre Konpainia. Zirkua, Dantza eta musika
Sarrerak: 10-15 € / 12 €
Azaroak 14, ostirala. Baluarte 19:30ean
Ikimilikiliklik. Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce. Musika, poesia, ikus-entzunezkoak eta txalaparta
Sarrerak: 18 € / 15 €
Azaroak 15, larunbata. Gayarre Antzokia. 20:00etan
Zerrautsa. Olaia Inziarteren kontzertua
Sarrerak: 19 € / 15 €