
Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko lanak abenduan hasiko dira, obrak 15.071.144,49 euroan (BEZa barne) adjudikatu ondoren. Iruñerriko Mankomunitateko eta Nafarroako Kontratazio Batzordeko udal-teknikariek osatutako kontratazio-mahaia lizitazioan jasotako hiru proposamenak baloratzen aritu da hilabete batez. Zehazki, lizitazioan parte hartu duten enpresak honako hauek izan dira: Construcciones Mariezkurrena SL eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresek osatutako ABBEa, OBENASA eta LACUNZA HERMANOS SL ABBEa eta EXCAVACIONES FERMÍN OSES SL enpresa.
Jasotako proposamen guztien lanen eta xehetasunen maila handia nabarmendu du Mahaiak, eta, azkenean, Construcciones Mariezkurrena SL eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkartea proposatu du behin-behineko esleipendun gisa, puntuaziorik altuena lortu baitu (77,27 puntu, beste bi lizitatzaileek, berriz, 75,23 eta 60,48 puntu jaso dituzte hurrenez hurren). Hala, hurrengo egunetan, behin-behineko adjudikaziodun izendatutako lantaldeak adjudikaziodun izateko eta kontratua sinatu ahal izateko beharrezko administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Construcciones Mariezkurrena SL eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresek osatutako ABBEa proposatuko du obren adjudikazioduna izateko, lizitazioaren prezioa baino % 10,4 merkeagoa den eskaintza ekonomikoa eskaini baitu. Bat egin duten enpresa adjudikaziodunek ‘Isolineak’ proiektua gauzatu beharko dute, lerro diagonaletan barnako plataforma bakarrean oinarritutako pasealekuaren diseinua ardatz hartuta. Pasealekuaren berrurbanizazio-lanez baliatuta, euri-sareak berrituko dira eta bilketa pneumatikoko sistema instalatuko da, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean. Lan horiekin batera, obrek 18 hilabete irautea aurreikusten da.
Guztira, lanek 24.000 metro karratuko azalerari eraginen diote, honako hauek barne hartuta: Sarasate pasealekua eta inguruko García Castañón eta Alondegi kaleak eta Vínculo plaza, bai eta Yanguas y Miranda kaleko ekialdeko espaloia Lizarra kaleraino, baita Trinidad Fernández Arenas kalea eta San Ignazio etorbideko Nafarroako Jauregiko lorategien pareko eremua ere.
Construcciones Mariezcurena SL eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresek osatutako ABBEak ‘Isolineak’ proiektua gauzatuko du, OAB Office of Architecture in Barcelona eta OKRA Landscape Architecten enpresekin batera berrurbanizazioa diseinatu zuen Vi17 Arquitectura lantaldearen zuzendaritzapean. Proiektuan aurreikusten den bezala, Sarasate pasealeku berriak oinezkoei aukera emanen die ibilbide diagonaletan barna iparraldeko eta hegoaldeko espaloien artean –Alde Zaharraren eta Zabalgunearen artean– ibiltzeko, arkitektura-oztoporik gabe eta irisgarritasun unibertsala bermatuta. Ibilbideak egun dauden zuhaitzetan barna iraganen dira.
Lizitazio-prozeduran hainbat alderdi hartu dira kontutan, hala nola lanak hasterakoan arkeologia-lanei ekitea eta lanek oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan (Iruñerriko Hiri Garraioa barne), fatxadetan eta inguruko eraikinetan eta hondakinen kudeaketan izanen duten eragina kontrolpean izatea Afekzio bakoitzaren ikerketa sakona egin eta horiek murrizteko neurri zehatzak planteatzeaz gain, enpresa adjudikaziodunak langile kopurua handitzeko eta jarduerak eta faseak gainjartzeko aukera planteatzen du, epeak laburtu eta herritarrei eragindako gorabeherak murrizte aldera. Enpresa adjudikaziodunaren eskaintzak, halaber, zuhaitzen kudeaketarako proposamen bat barne hartzen du, zeinak zuhaitzen problematikaren ikerketa xehatu bat eta lanak gauzatu ondorengo kontrol bat barne hartzen baititu, bai eta hileroko jarraipena barne hartzen duen landatzeen eta inausketen plan bat eta urtero eginen den zuhaitzen adaburuen azterketa bat ere.
Obraren plan zehatza eta lan-faseak hilabete honetan emanen dira ezagutzera, lanen zuzendaritzaren eta enpresaren arteko lehenengo bileren ondoren. Informazio interesgarri guztia bizilagunei, saltokiei eta herritarrei helaraziko zaie Herritarrei Arreta Emateko Planaren bidez, eta bertan ere, interesa dutenekin bilerak, etxez etxeko informazio-banaketa eta dibulgazio-saioak egitea aurreikusten da. Gainera, enpresa adjudikaziodunak herritarren eskura jarriko ditu zeregin horretarako dedikazio esklusiboa duen pertsona bat eta guardiako beste pertsona bat, 24 orduetan gerta litezkeen gorabeheretarako.
Granitozko lauzazko pasealekua, hainbat formatu eta akaberatan
Sarasate pasealekuaren diseinu berrian hainbat elementu nabarmentzen dira. Alde batetik, pasealekua bera, lerro diagonaletan diseinatua. Bestalde, Foruen estatuari eginen zaion tratamendua. Eta, azkenik, eskulturagune bat sortzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Pasealekuaren diseinuari dagokionez, granitozko zoladura erabiliko da, kokapenaren arabera bost tipologia desberdinetan egituratua. Hala, zorua askotariko formatu, akabera eta testuraz osatuko da, espazioak zedarritu eta pasealekuari dinamismoa emateko. Zuhaitzak diseinuan txertatuko dira, eta haien inguruan plataformak eta eserlekuak sortuko dira, eta egonleku eta kultur ekitaldi eta jardueretarako gune bihurtuko dira, harmaila gisa. Erdiko ardatza eremu libre bat izanen da, bertan mota guztietako jarduerak egin ahal izateko.
Bestalde, Foruen estatuaren inguruko espazioa birmoldatuko da, eta granitoan Nafarroako herri guztien izenak zizelkatuko dira, dagozkien merindadeen arabera multzokatuta. Aurkako muturrean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, esku-hartze artistiko bat eginen da, Jorge Oteizaren Monumento al prisionero político desconocido (Monumentua preso politiko ezezagunari) izeneko eskultura instalatuta. Azkenik, Pablo Sarasateren eskultura figuratibo berri bat txertatuko da pasealekuan, berrurbanizazio-proiektuaren baldintzetako bat baitzen.
Horrekin guztiarekin batera, Sarasate pasealekuko argiteriaren diseinu berri bat eginen da. Eserlekuen, parterreen eta pasealekuan barnako oinezkoen ibilbideen inguruko argiteriaz gain, San Andresen gurutzeen eta San Ferminen makuluen farolak berreskuratuko dira neurri batean. Berrurbanizazioa osatze aldera, beste hiri-altzari batzuk jarriko dira. Hegoaldeko espaloian, hain zuzen, zerbitzu guztiak instalatuko dira, autobus-geralekuetatik komun autogarbitzaileetaraino, eta hori dena espazioaren diseinuarekin bat datorren estetika bati jarraikiz.