Sarasate pasealekuari buruzko ideia-lehiaketan hautatutako hiru proposamenek oinezkoen eremu bihurtzearen alde eta zirkulazioa Zabalgunetik hurbilen dagoen eremura lekualdatzearen alde egiten dute

Sarasate pasealekuari buruzko ideia-lehiaketan hautatutako hiru proposamenek oinezkoen eremu bihurtzearen alde eta zirkulazioa Zabalgunetik hurbilen dagoen eremura lekualdatzearen alde egiten dute
Guztiek Foruen monumentuari balio handiago ematearen alde egiten dute, eta pasealekuaren inguruko eremuetako loturak ugaritzearen alde
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
concurso de ideas paseo sarasate

 

Sarasate pasealekuari buruzko ideia-lehiaketan hautatutako hiru proposamenek honako hau iradokitzen dute: oinezkoen eremu bihurtzea, zirkulazioa Zabalgunetik hurbilen dagoen eremura lekualdatzea, Foruen monumentuari balio handiago ematea eta pasealekuaren inguruko eremuetako loturak ugaritzea. Horrela, ondoko guneetako oinezkoen eremuak, hala nola Karlos III.ekoa eta Gazteluko plazakoa, Sarasatera zabalduko lirateke. Lehiaketara 16 proposamen aurkeztu ziren, eta hauexek hautatu dira: Iruñetik bidalitako Oinkatzen lana, Ramón Garitanok zuzendutako taldearena, Simón Garitano, Álvaro Sesma, Eos Ingeniería SL eta José Carlos Irurzun taldekideak dituela; Bartzelonatik bidalitako Zip!! lana, Luis Beriáinek zuzendutako taldearena, Conchita Ruiz, Aritz Sáez eta Gerard Yubero taldekideak dituela; eta Hiru plaza dituen pasealekua lana, Ulargui y Asociados Arquitectos SLP-rena (Madril).
 

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak zehaztu ditu hautatutako ideiak, formula hauek planteatzen dituztenak: San Ignazio etorbidea oinezkoen eremu bihurtzea, urmael bat jartzea, parterre batzuk sigi-sagan diseinatzea eta San Nikolas elizaren ondoan plaza bat sortzea.
 

Proposamenak, Kondestablen, abenduaren 2tik 13ra

Lehiaketak bi fase ditu, eta, bien artean, parte-hartze publikoko prozedura. Gehienez hiru ideia hautatuta, oinarrietan herritarren partaidetzako prozedura ezarrita zegoen; hortaz, jendaurrean jarriko dira ikusgai, herritarrek iritzia eman dezaten. Hiru proposamenak Kondestablearen jauregiko erakusketa batean jasoko dira abenduaren 2tik 13ra. Bisitendako ordutegia: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, astelehenetik igandera, jaiegunak izan ezik. Kondestablen jarritako ontzietan zein proyectos@pamplona.es helbidean utz daitezke ekarpenak. Egileekiko topaketa abenduaren 13an eginen da, 18:00etatik 21:00etara, Kondestableko Ekitaldi-aretoan. Prozesu partizipatibo osoa laburpen-agiri batean jasoko dira.
 

Bigarren fasean, hautatutako proposamenak oinarrizko proiektuan garatuko dira hilabeteko epean. Erredakzio-taldeek proiektuak egokitzen edo hobetzen ahalko dituzte herritarren partaidetzaren edo epaimahaiaren ekarpenak aintzat hartuta, betiere proiektuen funtsezko ezaugarriak mantenduz. Fase hau amaituta, proiektu bakoitzari 10.000 euroko saria emanen zaio, lehiaketak duen zuzkidura.
 

Zabalgunearen ondoko espaloiak zabaltzea, eta gelditzen den tartea mailaz gainditzea

Oinkatzen lanak erdiko pasealekua mantentzea proposatzen du, Alde Zaharretik hurbilen dagoen alboa eta San Ignazio zein Fernández Arena oinezkoen eremu bihurtuz. Harmaila batzuk proiektatzen ditu San Nikolas ondoan, plazatxo bat sortuz, eta zirkulazioa hegoaldean berrantolatzen du. San Nikolas elizatik bi arrapala aterako lirateke, San Migel eta San Nikolas kaleak Vínculo plazarekin eta García Castañón kalearekin lotzeko. Gainera, diseinu ezberdin baten alde egiten du Foruen monumentuaren ingururako, non harmailak eta komun publikoetarako sarrera berriak sortuko bailirateke. Proiektua honela osatzen da: hegoaldean espaloiak zabaltzen dira, eta Parlamentutik hurbilen dagoen alboan urmael bat sortzen da, 40 zentimetrora altxatutako ontzia eta ura horren ertzetaraino dituena; García Castañón kalean zirkulazioa aldatzen da.
 

Erdiko pasealekua garatuko litzateke, eta zoladura berria izanen luke; bi alboetan erdiko gunea zedarritzen duten zuhaitzak mantenduko lirateke; aitzitik, pasealekuko mendebaldeko alboan erdiko bideak banatzen dituzten zuhaitzak kenduko lirateke, eta San Ignazio etorbidera zein Fernández Arenas kalera eramanen, proiektutako oinezkoen eremu berrietara. Lorategiz hornitutako parterre berriak sortuko lirateke, eta San Nikolas elizaren ondoan dagoena desagertuko litzateke, plaza berrirako lekurik uzteko. Hiri-altzarietan alboetako eserlekuak egonen lirateke pasealeku osoan, eta muturretan ere bai.
 

Hegoaldean autobus-geralekuak jarriko lirateke. Navas de Tolosa eta García Castañón kaleen artean zirkulazio-norabidea aldatuko litzateke, eta García Castañón kalearen eta San Ignazio etorbibearen artean zirkulazioa moztuko litzateke. Jarduketan, Sarasate pasealekuko alde honetan, bidegorria jarriko litzateke Navas de Tolosa kalearen eta San Nikolas elizaren artean.
 

San Ignazio etorbidea eta Fernández Arena kalea oinezkoen eremu bihurtzea, eta zirkulazioa berrantolatzea

Oinkatzen lanak planteatzen du San Ignazio etorbidea oinezkoen eremu bihurtzea, hor urbanizazio berria eginez, egungo espaloiak eta galtzada desagerrarazita. Ibilgailuen sarrera mugatua baimenduko litzateke eta taxi-geraleku bat erantsiko lirateke, eta bizikleta-aparkalekuak, Gazteluko plazako aparkalekuan sartzeko arrapalen ondoan. Horrela, oinezkoentzat izanen litzateke Nafarroako jauregiaren inguruko lau alboetako hiru, eta lorategiak beste sarrera bat izanen luke. Fernández Arenas kalean antzeko diseinua eginen da oinezkoentzat; Navas de Tolosako elkargunean, berriz, galtzada zabalduko litzateke hiri-garraioko autobus-geraleku bat eta Navas de Tolosako biribilguneranzko errei bat jartzeko. Nafarroako Parlamentua aurreko oinezkoen pasabidea estutuko litzateke.
 

Pasealekuko erdiko eremua, iparraldeko oinezkoen eremu berriak, San Ignazio etorbidea eta Trinidad Fernández Arenas kalea granitozko lauzaz egindako zoladuraz marraztu dira Gazteluko plazan bezala. Hegoalderako eta García Castañón kalerako koloreztatutako asfaltoa aukeratu da. Proposamenak zaborren bilketa pneumatikoa planteatzen du iparraldean.
 

Oinezkoendako bihurtzea, irisgarritasun unibertsala, birnaturalizatzea eta sinbolismoari balioa ematea

Zip!! proposamenaren abiapuntua honako ideia hau da: Iratiko Trenbide Elektrikoaren adarra ezartzean, 1911n, eta ondoren bertatik zirkulazioa finkatu zenean 1902an ezarritako Foruen Monumentua itxita utzi zuen. Horregatik proposatzen du “buelta ematea lubaki-egoera horri, eta paseoari hiri-zelaigunearen forma ematea berriz ere, Alde Zaharraren eta I. eta II. Zabalguneen arteko kremailera-lana egiten duena, bai eta igarobide berdea eta Taconera parkea lotzen dituen gune naturala ere eratzen duena”. Paseoa oinezkoendako bihurtzea du oinarri, oinezkoei lehentasuna emanez leku guztietan eta maila bereko urbanizazioa eginez, “plataforma osoa eta bakarrean”, zuhaitz-kopuruaren handitzearekin bat naturalizatuz eta Nafarroako Jauregia/Gobernua – Foruen Monumentua – Nafarroako Parlamentua ardatz historiko-instituzionalaren sinbolismoari balioa emanez. Ibilgailuen zirkulazioa murriztuta egonen litzateke, Alde Zaharrean dagoen moduan. Proposamena harri naturaleko zoladurarekin egiten da guztiz.
 

Aurreko ideian bezala, hiri-garraioko autobus-geltokiak iparraldetik (Alde Zaharra) hegoaldera eramanen ditu, eta autobusak San Ignaziotik Garcia Castañonera hartzen ahalko dira. Zip!! proiektuak Alde Zaharraren eta Zabalgunearen arteko lotura sustatzen du, zeharkako bi ardatzen bitartez: horietako bat San Migel kaletik Vinculo plazara, eta bestea, Comedias kaletik San Ignaziora. Gazteluko plazaren eta Ziudadelaren arteko lotura ere sendotzen da, Baluarteko plazatik bidea eginez.
 

Hiri-altzariei dagokienez, farola historikoak mantentzea proposatzen du, eta argiteria handitu elementu berriekin, uste baitu gaur egun paseoan dagoen argiteria ez dela nahikoa, makulu altuak baino ez ditu eta horietako gehienak adaburuetan sartuta geratzen dira. Horregatik, makuluak mantentzearen alde egiten du, estatuak zedarritzen duen paseoaren ardatzean, baina San Nikolaseko espaloietakoak beste leku zentralago batean jarriko dira, paseoaren zeharkako ardatzean. Horiei zuhaitz azpiko makulu baxuen bi lerro gehitzen zaizkie, eta beste bat Zabalguneko aldearen espaloian, garraio publikorako eremu berria argiztatzeko. Horrela, argiteria tradizionalaren irudia Alde Zaharrarekin lotzen da, eta I. eta II. Zabalguneetara hurbildu ahala argiteria modernoak hartzen du protagonismoa. Horren osagarri bezala, argi-lerro berriak proposatzen dira, lurrean sartuta, Foruen Monumentuari begira.
 

Marraztu dituen bankuak ez dira norabide bakarrekoak, ez homogeneoak (banku linealak eta harrizko tabureteak konbinatzen ditu), eta iturri ludiko bat ere sartu du Nafarroako Parlamentuaren ondoan. Foruen Monumentuari balioa emateko, egungo diseinua finkatzea proposatzen du, oinarria eta parterreak barne hartuta, baina zintarriak eta perimetroko hesiak kenduko lituzke. Gaur egun dauden eskulturak ere mantenduko lirateke, baina kasu honetan lurraren arrasean.
 

Hiru plaza eta parterre bat sigi-saga formarekin

Hiru plaza dituen pasealekua proiektuak, izenak dioen bezala, hiru plaza sortzea proposatzen du, zoladuraren diseinuak berak zedarrituak: plaza bat Foruen Monumentuaren inguruan, inguru horretako elementuak kenduta estatuari indarra emateko, beste bat San Nikolas elizaren ondoan, Alde Zaharrera sartzeko atea izanen litzatekeena, eta hirugarren bat Parlamentuaren sarreran. Hirugarren honek Navas de Tolosa kaleko ibilgailu-bidearen trazadura berria ekarriko luke, eta horrek espaloiaren tamaina handitzeko aukera emanen luke.
 

“Egungo egiturak, bideen marraketak, lorategiek eta monumentuek bulebar-banaketa klasikoa berresten dute” eta, hori abiapuntu, platano- eta zumar-ilarak mantentzen dira. Zerbitzu-bidea sortzen da hegoaldean garraio publikorako zein zamalanetarako, eta pasealekuan gainontzekoa oinezkoen eremu bihurtzen da, zorua laua jarriz.
 

Iparraldeko parterrea kenduko litzateke, eta horrela zoladura duen eremua ederki zabalduko litzateke eta atseden-gune, jolas-gune edo terraza bezala erabiltzea ahalbidetuko. Aurreko alboan hegoaldeko parterrea mantenduko litzateke, eta zerbitzu-bidera doitzeko eraldatuko; halaber, pasealekuko ardatzera iristeko zabalduko litzateke. Hegoalderantz parterrea lerroan mantentzen da, eta zeharkako oinezkoen ibilbideek eteten dute; baina iparralderantz sigi-sagan jarraitzen du. Muga hori zedarritzen duena jarraikako zurezko eserleku bat da. Sei eskulturak ilara bakarrean lerrokatzen dira.
 

Hiri-aretoa, egoteko eta paseatzeko

Hautatutako proposamenek pasealekuaren ibilbide historikoa egiten dute Sarasateko; bat egiten dute erdigune-izaeran, eta hiri-bilbean duen garrantzian. Hiriko erdigune historikoaren eta Zabalgunearen arteko elkargunean jaiotzen dela azpimarratzen dute, eta XIX. mendearen amaieratik hiri-areto bihurtzen dela, egoteko eta paseatzeko gunea. 1885ean, pasealekuaren eraldaketa handia egiten da, alboetako bi galtzadak sortzen dira, eta erdian, oinezkoen ibilbidea. Ondoren, esanahia ere zabaldu da, Foru-botere legegilea eta betearazlea bertan bertan kokatu baitira. Era berean, ibilbideko maldan guztira 60 cm-ko tartea gainditzen dela nabarmentzen da, eta luzera nahiko ongi erabiltzen dela, ez aldiz zeharka, alboko eremuak ez baititu lotzen.
 

ideia-lehiaketaren epaimahaian Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkaria izan da buru; eta Juan José Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkaria, buruorde. Mahaikideak hauek izanen dira: Alejandro Astibia Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zuzendaria; Óscar Esquíroz Hiri Kontserbazioko zuzendaria; José Ignacio Alfonso eta Ignacio Iribarren Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko arkitektoak; Rafael Araujo Hirigintza Gerentziako arkitektoa; eta Javier Recalde, Zaharberritzeko Bulegoko arkitektoa. Epaimahaiko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe, Victoria Martínez zuzenbideko lizentziaduna, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrekoa. Halaber, elkarlanean aritu da Arancha Carrero Cabezas, Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko idazkari teknikoa. Proposamenen balioespenak kalitate orokorra izan zuen ardatz, eta, zehazki, herritarrendako erabilera, inguruarekiko loturak, ingurumen-kalitatea, mugikortasunerako beharrak eta Foruen estatuaren kokapen egokia. Era berean, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa hartu ziren kontuan.

¿Te ha sido útil esta página?