Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioak zeharkako pasabide eta egonleku berriak sortuko ditu, Alde Zaharraren eta Zabalguneen arteko iragazkortasuna biderkatuz

Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioak zeharkako pasabide eta egonleku berriak sortuko ditu, Alde Zaharraren eta Zabalguneen arteko iragazkortasuna biderkatuz
Gobernu Batzarrak 10.210.339 euroan lizitatu ditu 22.000 m2 berritu eta oinezkoen eremua Lizarra kalerantz hedatuko dituzten obrak

 

 

Sarasate pasealekua itxuraz aldatuko da eta bulebar kontzeptua indartuko du, hiriko espazio enblematikoenetako baten ezaugarriak balioestea xede duen berrurbanizazioaren bidez. Proiektuak erdialdeko lorategidun parterrak eta arbolen lerrokadurak mantendu eta zeharkako pasabide berriak sortuko ditu, espazioari iragazkortasun naturalagoa emateko Alde Zaharraren eta Bigarren Zabalgunearen artean. Erdiko pasealekuaren eta iparraldeko gunearen arteko desnibela berdintzeko, harmailak – eskailerak paratuko dira, eta haien bidez egonleku informal berriak sortuko dira, bai eta arrapala berriak ere, irisgarritasuna hobetzeko.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko proiektuaren lizitazioa. Aurrekontuak 10.210.338,67 euro jotzen du, eta barne hartzen du ere Iruñerriko Mankomunitateak egindako saneamendu- eta hornidura sareak berritzeko proiektuaren 2,1 milioi euroak. Proiektu hori berrurbanizazioko lanekin batera eginen da, bi entitateren artean sinatutako hitzarmenari esker. Mankomunitateak aurreikusitako lan horien ondorioz, obretako esparrua hedatu egin da Alhóndiga, Vínculo, García Castañón, San Ignazio eta Fernández Arenas kaleetara. Lanak egiteko epea 15 hilabetekoa izanen da, eta aurreikuspenen arabera, 2020ko urtarrilean hasiko dira. Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-hitzarmenean jasota dago.

Proiektuak lehentasuna emanen die oinezkoen joan-etorriei, eta pasealekuaren diseinua bateratuko du espazio ezberdinak mugatuko dituzten zoladura homogeneoez, zirkulazioa hegoaldeko bidetik mantenduz eta iparraldeko bidea egituratuz, zerbitzu-eremu gisa batez ere. Beste jarduketa batzuen artean, lur-azpiko komunak kendu eta garbiketa automatikoko komunak jarriko dira, loregintza indartuko da, Nafarroako erregeen sei eskulturetatik lau lekuz aldatuko dira, eta Foruen monumentuaren garrantzia nabarmenduko da.

Lizitazioarik handiena 2008az geroztik

Enrique Maya Iruñeko Alkateak eta Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu dituzte hiriaren erdiguneko 22.675 metro koadro (horietako % 10, berdeguneak) berrurbanizatuko dituen proiektuaren xehetasunak. Iruñeko Udalak 2008az geroztik lizitatu duen obrarik handiena da; izan ere, 2008an Navarreria eremuaren eta ondoko kaleen berrurbanizazioa egin zen 14 milioi euroko aurrekontuarekin. 

Proiektuaren abiapuntua Udalak 2019an deitu zuen Ideia-Lehiaketa da. 16 proposamen aurkeztu eta 3 hautatu ziren irabazle gisa: ‘Zapateando’, Ramón Garitanok zuzendutako talde iruindarrarena; ‘ZIP’, Luis Beriáinek zuzendutako Bartzelonako taldearena, eta ‘Pasealeku bat hiru plazarekin’, Ulargui y Asociados Arquitectos SLP Madrilgo estudioarena. Lizitatutako proiektuak hiru proposamenen alderdiak batzen ditu eta proiektua idazteko harremanetan egon dira parte hartzen duten beste administrazioekin, hala nola Iruñerriko Mankomunitatearekin, Vianako Printzea Erakundearekin, Correosekin, ONCErekin eta energia eta zerbitzuak ematen dituzten enpresekin.

Lanak hasi baino lehen, zundaketa arkeologiko batzuk egin dira, Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren (BBBPB) araudiak ezartzen duen bezala, zorupea ezagutze aldera, saneamendu- eta hornidura-sareak berritzeko obrak egiteko.

Oinezkoen erabilera nagusiko eremua, bide ziklistekin lotuta iparraldeko bidetik 

Proiektuak oinezkoen erabilera proposatzen du nagusiki, baina ibilgailuak pasa daitezke beharrezkoa den lekuetan Eremu guztia bizitegi-eremu gisa arautua egonen da, ibilgailuen zirkulazio hori ahalbidetzen duten plataforma bakarreko kaleekin. Planteamendu horrek bizikletekiko elkarbizitza erraztuko du, izan ere, hiri-diseinuak gida bat izanen du bizikletek modu antolatuagoan zirkulatzeko, jada badiren beste tarte batzuekin argiago lotzeko. Iparraldeko bideak, Alde Zaharretik gertuen dagoenak, hartuko du Taconeratik Gazteluko plazara doan ziklisten trafikoa, betiere oinezkoei lehentasuna emanez.

Ibilgailuak San Ignazio kaletik sartuko dira. Zamalanen zirkuitura Comedias kaletik sartuko da, ohiko muga-ordutegiekin bat. Hiri-autobusek, taxiek, hondakinak biltzeko kamioiek eta bizilagunen ibilgailuek pasealekuaren hegoaldeko biderantz biratuko dute, eta handik García Castañón eta Alhóndiga kaleetara sartzen ahalko dira. Vínculo kalea gaur egun bezala geratuko da: Lizarra kaletik pasealekurantz sartzeko dauden aparkatze-arrapaletatik.

Iparraldeko bidean, zirkulazio esklusiboko espazio bat gordeko da, larrialdietarako, merkatariei eta ostalaritzari zerbitzua emateko eta atarira sarbidea izan behar duten egoiliarrentzat. Hegoaldeko bidean honako zerbitzu hauek egonen dira: Iruñerriko hiri garraioaren geralekuak, García Castañónen eta Foruen monumentuaren artean bi markesinatan; taxi geraleku bat Correos parean; eta erreserbatutako lekuak, hain zuzen ere, Correosentzat, Nafarroako Parlamentuarentzat eta mugikortasun murriztuko pertsonen baimendutako ibilgailuentzat.

Ondoko kaleak berrurbanizatzeak beste erreserba-gune batzuk sortuko ditu. García Castañón kalean mugikortasun murriztuko lau lekutarako edo beste zerbitzuetarako espazioa gordeko da; Fernández Arenas kalean, Nafarroako Gobernuari edo zamalanei zerbitzua eman ahal dizkioten hamaika leku prestatuko dira, eta San Ignazion, aparkalekura sartzeko arrapalaren eta Sarasate pasealekuaren artean, euskarri bat paratuko da Iruñeak etorkizunean izanen duen bizikleta elektrikoko sistemaren 24 unitateentzat. Kale horiek plataforma bakarrean ezarriko dira, hau da, espaloia eta galtzada maila berean.

Zoladura bereizgarria alde bakoitzean

Zoladurak esku hartzeko eremu ezberdinak ezarriko ditu, batasuna eta jarraipena emateko eta Sarasate pasealekuaren iragazkortasuna hobetzeko, Alde Zaharretik Bigarren Zabalgunera pasatzerakoan. Iparraldeko fatxadetan, Alde Zaharretik gertuen dagoen aldean, oinezkoen joan-etorrietarako zabalera errespetatuko da, zoladura-muga bezala nabarmenduko dena. Kalkarenita harrizko lauzak erabiliko dira, Alde Zaharreko antzeko zatikatzeaz, San Nicolás elizaren inguruan bezalaxe. Zerbitzu-gune bat ere prestatuko da beste erabilera batzuk jartzeko, hala nola terrazak, bizikleten aparkalekuak, komunak, eta, noizean behin, parterreak, espazioa naturalizatzen lagundu ahal izateko. 
Iparraldeko bidean libre geratuko den espazioa, oinezkoen, ziklisten, larrialdietako ibilgailuen eta, noizean behin, egoiliarren ibilgailuen zirkulaziora bideratua, itsas koloreko basa-granitozko galtzada-harriekin zolatuko da. Material hori bera jarriko da Nafarroako Jauregian dagoen espaloiaren eta Foruen monumentuaren plataformaren arteko zoladuran. 

Foruen monumentuaren inguruko espazioa aske geratuko da, horri presentzia handiago emanez, zoladura berriak indartua, zeina pasealekuaren beste puntan ere, Parlamentuaren parean, erabiliko baita, basa-granito itsas eta beltz koloreetako piezetan oinarritua. Bestalde, pasealekuaren erdiko aldeak ere zoladura bereizgarria izanen du, granitozko lauzaz. Oinezkoen pasabide berriei dagozkien zonaldeetan (gaur egun parterreak) zoladura drenante bat jarriko da, granito beltzeko juntura berdedun galtzada-harrien piezaz osatua. Horri esker, eremuak erabiltzeko modukoak izanen dira, pasealekura sartzea nabarmen erraztuz. 

Paisajismoa eta berdeguneak, eskulturak eta monumentuak, garbiketa automatikoko komunak...

Proiektuaren alderdi ezinbestekoak dira jada landatuta dauden zuhaitz-lerrokadurak, 2. babes-gradua dutenak, kontserbatzea, jarraipena ematen baitiote eremuari eta hura Taconerarekin lotu. Proiektuak zero landaketa-kota berri bat jasotzen du, zoladuratik goratua eta bereizia (bideak, pasealekuak), zoladuraren maila berean landatutako lorategiak jasaten duten zapaltzea ekiditeko. Udalak, aholkularitza tekniko baten bidez, paisajismo-proiektu hori MDS Paisajismo enpresari enkargatu dio Sarasate pasealeku guztirako.

Foruen monumentuak ahalmen berezia dauka Sarasate pasealekuan, bere kokapena eta eskala direla-eta. Onetsitako proiektuak are gehiago nabarmenduko du, gaur egungo zenbait elementu kenduz, hala nola inguratzen duten hasiak edo lurpeko komun publikoetako barandak. Bere apainketa-argiteria indartuko da, Ingeniería INARQ enpresari aholkularitza tekniko baten bidez enkargatutako berariazko proiektuaren bitartez. Halaber, pasealekuaren argiteria publikoa guztiz berrituko da.

Pasealekuaren beste aldean, Parlamentuaren parean, eskultura berri bat jartzea aztertzen ari dira, Foruen monumentuak daukan polaritatearen kontrapuntu izateko. Udalak proposamen bat eskatu zien ibilbide sendoa duten tokiko hiru eskultoreri, eta horietako bat hautatzeko erabakia hartzearen zain daude. Halaber, Sarasate pasealekuko Nafarroako erregeen sei estatuak, 1760koak, desmuntatu eta garbituko dira. Horietako lau lekuz aldatuko dira pasealekuan bertan, eta erdiko biak leku berean mantenduko dira. 

Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioak gaur egun dauden lurpeko komun publikoak ixtea ekarriko du; izan ere, horietarako sarbideak ez datoz bat iristagarritasuneko araudiarekin. Garbiketa automatikoko hiru komun jarriko dira, edikuluetan dauden pixatokiez, zeinetan ureztatzea eta elektrizitatea kontrolatzeko beharrezko armairuak kokatuko baitira. Lanetan zehar, existitzen den garbiketa automatikoko komuna berreskuratu eta hiriko beste kokagune batean jartzen saiatuko da.

Horri guztiari hiri altzari berriak gehitu behar zaizkio, eserleku jarraituekin erdiko bidean, eta harmailetan – eskaileretan, bai eta paperontzi berriak, bi iturri eta eskudela berria ere eskaileren eremuan, San Nicolás elizaren parean. ONCEren salmenta-kabinak lekuz aldatuko dira gaur egun dauden lekuetatik gertu, eta Telefónicako kabina ere aldatuko da tokiz. 

Hornidura- eta saneamendu-sareak berritzea

Hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko proiektua, Iruñerriko Mankomunitatearen mende, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioarekin batera eginen da. Hornidurari dagokionez, barne hartzen ditu berrurbanizatuko diren eremuetan dauden eta existitzen diren eraikinen hargune-hodiak, bai eta diametro handiko 1895eko kolektore bat ere, iparraldeko parterretik eta Foruen estatuaren azpitik doana, lekuz aldatzea, puntu guztietan erregistragarri izateko xedez.  Saneamenduarei dagokionez, lehengo saneamenduko kanalizazio bateratuak berrituko dira eta sare bereizle bat ezarriko da, euri-uren eta ur beltzen kolektore paraleloekin.

Bestalde, Iruñeko Udalaren kontura, iparraldeko eraikinen euri-uren zorrotenak ere jasoko dira, espaloira edo zintarritik barrena isurtzen dutenak, espaloia eta tarte honetako zein pasealekuaren erdialdeko bidearen hustubideak hodi baxu bidez zeharkatuta, lehendik dauden erregistro-putzuei lotzen zaizkien euri-uren bi kolektorerekin. Proiektua idazteko Udaleko hainbat zerbitzurekin lankidetzan aritu da (Loretegiak, Argiteria, Herritarren Segurtasuna, Osasuna eta Kultura), eta galderak egin zaizkie Mankomunitateko teknikariei (Ura, Hondakinak eta Garraio Publikoa) eta eremuan kanalizazioak dituzten zerbitzu-enpresetako langileei, hala gaur egungo egoera nola beharrak ezagutzeko, horiek proiektuan sartze aldera.
 

¿Te ha sido útil esta página?