Sarasate pasealekuan ‘Beste mundu batzuk’ argazki-erakusketa egonen da ikusgai. Artea kalean programako erakusketa horrek eguzki-sisteman barrena bidaia bat egitera gonbidatzen du, Michael Benson sortzailearen eskutik. La Caixa Fundazioak Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatutako erakusketa honek NASAren eta ESAren zunden bidez hainbat planeta-misiotan hartutako eta ondoren prozesatutako planeten 40 irudi biltzen ditu. Nork bere kabuz bisitatzeko 24 orduz zabalik egonen den erakusketa urtarrilaren 9ra arte egonen da ikusgai, eta taldeendako eta partikularrendako bisita gidatuak egiteko aukera ere izanen da, euskaraz eta gaztelaniaz.`
Erakusketaren inaugurazioan, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Francisco Senosiain Caixabankeko Banca Entidades Navarra Territorial Ebroko zuzendariak eta Izaskun Azcona Nafarroako “la Caixa” Fundazioko arduradunak parte hartu dute, Kike Herrero erakusketako aholkulari zientifikoarekin batera. Erakusketak kultura, zientzia eta jakintza gizartera hurbiltzea du helburu, kasu honetan nazioartean ospe handia duen artista baten eskutik, eta Iruña aire zabaleko museo bihurtzea.
‘Beste mundu batzuk’ erakusketak Lur planetatik eguzki-sistemaren mugetaraino doan ibilbidea proposatzen du zunden bidez jaso eta ondoren Michael Benson zinemagile, artista eta idazle estatubatuarrak prozesatutako formatu handiko irudien bidez. Egileak koloretako mosaiko ikusgarriak sortzen ditu jatorriz zuri-beltzekoak diren irudietatik abiatuta. Irudi horiek azken sei hamarkadetan espazioaren esplorazio robotizatuaren bidez jasotakoak dira. Egileak iragazkiak eta ehundik gora irudiren konbinazioak erabiltzen ditu pieza bakoitzean, panoramika liluragarrien hausturarik gabeko mosaikoak osatzeko.
Michael Bensonek (1962) planetetako paisaien argazkigintzari buruzko nazioarteko hainbat erakusketatan lan egin du azken hamarkadan. Sateliteen edo teleskopio espazialen bidez lortutako jatorrizko irudi tratatu gabeak hartzen ditu argazki zientifikoen artxiboetatik, NASAren artxibotik esaterako, eta editatu eta prozesatu egiten ditu, formatu handiko paisaia iradokitzaileak lortu arte.
Sorkuntzek espazioaren edertasuna eta aniztasuna esploratzeko aukera ematen dute, eta besteak beste Eguzkia, Artizarreko sumendiak, Marteko haranak eta Jupiter eta Saturnoren eraztunak dituzte protagonista. Erakusketak adierazpen artistikoa eta dibulgazio zientifikoa uztartzen ditu, eta Kataluniako Ikerketa Espazialen Institutuko Kike Herreroren aholkularitza zientifikoa du. Beste mundu batzuk. Bidaia eguzki-sisteman barna erakusketa Artea kalean programaren parte da, eta horren bidez La Caixa Fundazioak pertsonengana hurbildu nahi du artea, museoek eta erakusketa-aretoek eskaintzen duten ohiko esparrutik kanpo.
Artea kalean programa 2006an abiatu zen, eta harrezkero modernitateko erreferenteen sormen-lanak ekarri dizkie ikusleei, hala nola Auguste Rodinenak, Henry Moorerenak eta Sebastião Salgado argazkilari brasildarrarenak.
ARTEA KALEAN. BESTE MUNDU BATZUK. SARASATE PASEALEKUA
Eguzki-sisteman barnako bidaia, Michael Benson-en eskutik
- 2024ko abenduaren 6tik 2025eko urtarrilaren 9ra
- Erakusketa 24 orduz egonen da zabalik nork bere kabuz bisitatzeko
- Bisita gidatuak: sarreren erreserba, hemen: CaixaForum.org
Ikusle guztiendako bisita gidatuak
- Larunbatetan: 12:00etan (gaztelaniaz), 17:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz)
- Igandeetan: 12:00etan (euskaraz), 13:00etan (gaztelaniaz) eta 17:00etan (euskaraz)
Eguberrietako saio berezia Abenduak 23 – Urtarrilak 7
- Astearteetan, 17:00etan (euskaraz) eta ostegunetan, 17:00etan (gaztelaniaz)
- Larunbatetan, 12:00etan (gaztelaniaz) eta 17:00etan (euskaraz)
- Igandeetan: 12:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz)
Bisitak ikasle-taldeendako eta bestelako kolektiboendako:
- Eskatu hitzordua 900 80 37 telefono-zenbakian
- Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara