Sarasate pasealekuan Oteizaren bi eskultura jarri ahal izanen dira gehienez ere, Foruen monumentuarekin eta musikari iruindarraren eskalako eskultura naturalista batekin batera

Sarasate pasealekuan Oteizaren bi eskultura jarri ahal izanen dira gehienez ere, Foruen monumentuarekin eta musikari iruindarraren eskalako eskultura naturalista batekin batera
Proiektuak idazten ari diren taldeek haien proposamenetan Oteizaren obra erabiliko duten ala ez erabakiko dute, eta pasealekuan dauden sei errege-eskulturak Taconerako lehentasunezko espazio batean birkokatuko dira
esculturas sarasate

 

Sarasate pasealekuaren urbanizazio berrian Jorge Oteizaren bi eskultura txertatu ahal izanen dira Iruñeko Udalak pasealekua eraberritzeko aurreproiektuak landu dituzten idazketa-taldeei eginiko proposamenaren arabera. Gaur egun hiriko beste eremu batzuetan kokatuta dauden pieza horiek jartzea aukerakoa da, izan ere, Udalaren iradokizun bat baita, eta proiektuak idazten ari diren taldeek baloratu eta erabaki behar dute egokia den ala ez konfigurazio berrirako egin dituzten proposamenetarako. Horrela azaldu dute prentsaurrekoan Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Maialen Ariz Sarasaketa Proiektu eta Mugikortasuneko zuzendariak. Hiruak aurkeztu diren proposamenak gaurtik aurrera baloratzen hasiko den epaimahaiko kideak dira.

Agerraldian nabarmendu dutenez, Sarasate pasealekua hirigintzako erreferente ez ezik hirirako kultur balioa duen gune bihurtzea da xedea. Oteizaren bi lanez gain, nahitaezko baldintza zen aurkeztutako aurreproiektuak balioa ematea bulebar berriaren funtsa definitzen duten oinarrizko bi elementuri: Foruen monumentuari (1883) eta Sarasateren eskalako eskultura naturalista bati. Azken horri dagokionez, idazketa-taldeei azken kokapenarekin jokatzeko aukera eman zitzaien, baina lan guztietan kontuan hartu behar zen. 

“Garrantzitsuena Sarasate pasealekuak Iruñean ardatz nagusi gisa beti izan duen balioa azpimarratzea da, ez soilik hirigintza-ikuspegitik, non plataforma bakarra eta zuhaitzak mantentzea azpimarratu dugun, baizik eta hiriko artelanen erreferentziazko edukiontzi gisa ere bai”, azaldu du alkateak.

‘Une espirituala’ eta ‘Preso politiko ezezagunaren monumentua’ 
‘Une espirituala’, gaur egun Yamaguchi parkean dagoena, eta Iturramako Félix Huarte plazan ikusten ahal den ‘Preso politiko ezezagunaren monumentua. Espirituari omenaldia’ dira kokaleku berri horretan jartzeko eskura egonen diren Jorge Oteizaren lanak. José María Muruzábal Iruñeko Hiri Eskulturaren Gidaren egileak emandako deskribapenaren arabera, ‘Une espirituala’ kubismoaren ezaugarri bereizgarriari, hau da, hutsari eginiko omenaldia da. Egiturari dagokionez, eskultura erabat sinplea da, metalezko oinarri bat baitu, bi xafla bertikal eta zeiharren euskarri. Obra hau Oteizak izan duen pentsamendu-prozesuaren ondorioa da, non espazioa libre uztearen arazoaz, kutxa hutsez eta haien bilakaeraz gogoeta egin baitzuen ondoko ondoriora heltzeko: espazio hutsa nagusitu egiten zaio obraren materialtasunari. Yamaguchi parkeko pieza honen originala Jorge Oteiza Fundazioaren Museoan dago, Altzuzan, eta 1959koa da. Bada obra honen beste erreplika bat ere, Madrilgo Reina Sofia Arte Garaikidearen zentroan.

‘Preso politiko ezezagunaren monumentua. Espirituari omenaldia’ lanari dagokionez, 1952an eginiko proiektua da. Muruzabalen arabera, hiru atal ezberdinez osatutako eskultura-multzo bat da; bertan bi elementu bertikalak gailentzen dira, bost metrotik gorako garaiera baitute. Multzo osoak hiperboloidearen ideiak abstrakziora eramatea dakar. Oteizak Londresko Tate Gallery erakusketa-aretoaren Eskulturaren Nazioarteko Erakusketa-Lehiaketarako egin zuen lan hori. 1965ean, obra harriz egin zuen, Madrilgo lorategi partikular baterako, eta Udalak ordainduta, haren erreplika bat jarri zuten Iruñean.

Sarasateren brontzezko eskultura bat benetako eskalan
Erdiguneko pasealekuari izena ematen dion Pablo Sarasate musikari iruindarraren eskulturari dagokionez, proiektuak idazten ari diren taldeei gauza bakarra aurreratu zaie: estatua hori, oraindik diseinatu gabe dagoenai, brontzezkoa izanen dela, tamaina naturalekoa eta adierazpen figuratibo eta naturalistakoa. Hori bai, Udalak zehaztu bezala, lurzoru mailan txertatu behar da pasealekuan, eta interaktiboa edo dinamismoa duena izan beharko du, irudi hieratiko edo oroitzapenezkoa saihestuz. Idazketa-taldeek egiten dituzten proposamenen araberakoa izanen da estatua horren azken kokapena. 

Joan den irailean egindako bisitaren ondoren lehiaketa honetako bost talde finalistek  Udalari aho batez eginiko eskaeraren ondorioz etorri da Sarasateren estatuaren kokapena eta Oteizaren irudiak multzoan sartu ala ez proiektuak idazten ari diren taldeek erabaki ahal izatea. Orduan erabaki zuen Iruñeko Udalak Foruen Monumentuarekin osatuko den eskultura-multzoari buruzko eskakizunak malgutzea. Foruen monumentuari dagokionez, idazketa-taldeei beren lanetan eskultura-multzoan trataera berezia emateko eskatu zaie, "hiriarendako balio sinboliko handia duen obra baita, dagokion lehentasunezko tokia izaten jarraitu beharko duena". 

Olivieri eta Castroren errege-estatuak Taconerako lehentasunezko leku batera eramanen dira
Gaur egun pasealekuan dagoen eskultura-multzoari dagokionez, Olivieri eta Castro lantegiak berez Madrilgo Errege Jauregiaren kanpoalderako egindako sei errege-estatuak Taconera parkeko lehentasunezko espazio batean birkokatzea aurreikusi da. Zehazki, bi leku posible aztertuko dira: alde batetik, parkeko sarreran, Basotxo kalean zehar jartzea; eta, bestetik, parke barruan, lubanarroen gainean, begiratoki gisa dauden terrazei balioa emateko. 

Sarasate pasealekuko eskultura-multzo berriaren jarduketaren aurrekontua zehazteke dago, behin betiko antolaketa ideia-lehiaketako proiektu irabazlean egindako aukeraren mende baitago. Hala ere, horretarako behar den diru-partida azken aurrekontuan sartuko da, eta ez da berariazko aurrekonturik gaitu beharko jarduketa horietarako, Olivieri eta Castroren lantegiko estatuak lekualdatu eta berriz jartzeari dagozkion gastuak ere barne.

Abenduan, proposamen irabazlea
Aukeratutako bost idazketa-taldeek egun hauetan aurkeztuko dituzte Sarasate pasealekua eraberritzeko aurreproiektuak. Aurreikuspenen arabera, abenduan ebatziko da ideien lehiaketa eta adieraziko da zein den proposamen irabazlea. Aukeratutako proposamena idazten ari den taldeak seguruenik maiatzen aurkeztu beharko du azken proiektua. Lanak datozen sanferminak amaitutakoan hasiko dira, abuztuan seguruenik. Lanak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa da, beraz, 2026ko abendurako amaituta egon beharko lukete. Sarasate pasealekuko hornidura- eta saneamendu-sareak berrurbanizatzeko eta berritzeko obrek 8,5 milioi euroko aurrekontua izanen dute, eta horietatik 1,5 milioi euro Iruñerriko Mankomunitateak jarriko ditu.

Ideia-lehiaketa bigarren fasean dago une honetan, ondorioz, hautatutako bost taldeek Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko diseinu-proposamen bat garatu behar izan dute, horretarako, oinarrietan ezarritako zehaztapen, helburu eta baldintzatzaileak kontuan hartuta, besteak beste, espazioaren erabateko irisgarritasuna eta zuhaitzen tratamendu berezia. Haien kaudimen profesionalagatik eta antzeko proiektuetan duten eskarmentuagatik hautatutako bost taldeak honako hauek dira: Linazasoro & Sánchez Arquitectura; MRM Arquitectos eta Tabuenca eta Leache Arquitectos-ek osatutako elkartea; Vi17 Arquitectura, Office of Architecture in Barcelona eta Okra Landscape Architecten-ek tokiko arkitekto gazte baten eskutik osatutako elkartea; Batlle i Roig; Mangado y Asociados, eta Espinàs i Tarrasók eta Leku Studiok osatutako elkartea. Bigarren faseak anonimoa izaten jarraitzen du, izan ere proiektuak lelopean aurkeztu dira astelehen honetan, eta anonimo izaten jarraituko du epaimahaiak abenduan bere irizpena edo erabakia argitaratu bitartean.

¿Te ha sido útil esta página?