Sarasate pasealekuan izango dira haurrendako ikuskizunak, bertsolariak eta dantzak, familiei zuzenduta, sanferminetako arratsaldeetan, uztailaren 7tik 14ra

Sarasate pasealekuan izango dira haurrendako ikuskizunak, bertsolariak eta dantzak, familiei zuzenduta, sanferminetako arratsaldeetan, uztailaren 7tik 14ra
Ikuskizunak 19:00etan hasiko dira eta, sanferminetako programako ekitaldi gehienak bezala, doan dira eta parte-hartzera irekiak

Sanferminetako arratsaldeetan, aurten ere, familiei zuzendutako jarduerak izango dira Sarasate pasealekuan. Bihartik, igandetik, uztailaren 14ra haurrendako ikuskizunak, musika eta abestiak, bertso-saioak eta dantza-taldeen emanaldiak izango dira. Tokiko folklorerako, antzerkirako eta musikarako gune bat, 19:00etatik aurrera arratsalde ona pasa nahi duen edonori irekia.

Eidabe konpainiak hasiera emango die, igandean, Sarasate pasealekuko arratsaldeei Gora Kasete! antzezlanarekin. Musika eta abestiak, familia eta haurrei zuzenduak, izeba Margaritaren urtebetetzea ospatzeko. Bere neurrira dagoen opari bat egin behar zaio. Zein baina? Ba bere bizitzako abestiekin grabatutako kasete bat... Baina ikuskizunera doazenek agian ez dakite zer den kasete bat, ezta nola grabatzen den ere...Hortaz, konponbideak bilatu beharko dira.

Uztailaren 8an, astelehenarekin, bertso-saioa egongo da, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Xabat Ilarregui eta Sustrai Colinarekin. Aurkezlea Ainhoa Larretxea izango da. Bertsoak eta inprobisazioa arte hori erakusteko Sarasate pasealekura joan nahi duen orori. Uztailaren 9an, asteartearekin, Duguna-Iruñeko Dantzariak taldearen txanda izango da, eta Iruñeko udal-dantza taldeak hainbat pieza dantzatuko ditu.
Uztailaren 10ean, asteazkenarekin, Haurren Eguna da festetako programarekin bat, eta Sarasate pasealekua adin txikikoei zuzendutako dantzaldi berezi baten erritmoan mugituko da. Girotu plaza du izenburu musika-ikuskizunak, eta Eneko Arrate bertsolaria arituko da animatzaile. Musika, umore ona eta sorpresa ugari festen erdialdera heltzeko.

Biharamunean, uztailaren 11n, ostegunarekin, haurrendako ikuskizun gehiago egongo dira Sarasate pasealekuan Xip Xap konpainia katalanaren eskutik. 1983az geroztik 10.000 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte plaza, antzerki zein kaleetan. Sanferminetara ¡¡Que salte la plaza!! ekarriko dute, ongi pasatzeko tarte bat: musika oso alaia; askotariko erritmo, abesti eta dantzak; txotxongilo erraldoiak, pilota ikaragarriak eta jantzi dotore eta modernoak.

Jaiak amaitzeko, dantza eta bertso gehiago
Uztailaren 12an, ostiralean, ikuskizunaren protagonista Makaia dantza-taldea izango da; duela hiru hamarkada sortu zen, María Jesús Bailos, Nieves Armendáriz, Chus Echarri, Elena Pejenaute eta María José Cortés faltzestarren eskutik. Emandako lehen urratsetan, Lizarrako Larraiza dantza-taldeko Mikel Asartaren laguntza izan zuten. Gaur egun, hogei bat heldu eta beste hainbeste haur dira Makaiako taldekide. Errepertorioan hauek dituzte, besteak beste: Cortesko makil-dantza, Agurrak, Ingurutxo, Arrantzaleak, Larraindantzako jota zaharra, Banango, Tuterako jota eta jatorriz Arabakoak diren Eltziegoko dantzak.

Larunbatean (uztailak 13) inprobisazio-saioa egongo da berriro, bertsoz eta musikaz, Ez da kasualitatea izenburupean, eta lau emakumeren eskutik. Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza igoko dira taula gainera, eta beraien arteko konplizitatea agerikoa egingo dute umorea, jolasa eta hausnarketa uztartuko dituen emanaldian. Horiekin batera izango dira Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak. Alaitz Rekondo izango da aurkezlea.

Eta azkenik, Sarasate pasealekuko arratsaldetako emanaldiei buru emateko, uztailaren 14an, igandearekin, Zangozako Rocamador dantza-taldea izango da. 1972an sortua, neska-mutil taldetxo baten jakin-nahiak hartaraturik jaio zen, dantzarien ideia berreskuratu nahi izan baitzuten. Izan ere, XX. mendeko lehen urteez geroztik badaude Zangozan dantzariak egon izanaren datuak. Sorkuntzak eta moldaketak batuta, 14 bat dantza osatu dituzte, antzinako balsa berreskuratzen lagundu dute eta Cantaricoan beren ekarpena egin dute.

ARRATSALDEAK, SARASATE PASEALEKUAN 19:00

•    Uztailak 7, igandea. Haurrendako ikuskizuna: Gora Kasete! Eidabe konpainia
•    Uztailak 8, astelehena. Bertso-saioa: Maialen Lujanbio, Julio Soto, Xabat Ilarregi eta Sustrai Colina. Aurkezlea: Ainhoa Larretxea
•    Uztailak 9, asteartea. Dantza: Duguna – Iruñeko Dantzariak
•    Uztailak 10, asteazkena. Haurrendako dantzaldia: Girotu plaza
•    Uztailak 11, osteguna. Haurrendako ikuskizuna: ¡¡Que salte la plaza!! Xip Xap konpainia
•    Uztailak 12, ostirala. Dantza: Makaia Dantza Taldea (Faltzes).
•    Uztailak 13, larunbata. Bertsolariak. Bertso eta musika saioa: Ez da kasualitatea. Bertsolariak: Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza.
•    Uztailak 14, igandea. Dantza: Rocamador Dantza Taldea

 

¿Te ha sido útil esta página?