Sarasate pasealekuko agertokia jotak eta dantzak maite dituzten pertsonendako erreferentzia izanen da berriz ere uztailaren 7tik 14ra bitarte, baina aurten beste ekitaldi batzuk ere izanen dira bertan, hala nola bi kontzertu, haurrendako bertso-antzerki bat, bi bertso-saio eta Txistularien Alarde tradizionala. Hamasei proposamen kultural, goizez eta arratsaldez, 12:00etan eta 19:00etan, uztailaren 13an izan ezik, Adinekoen Egunaren kontzertua 20:30ean izanen baita.
Festetako berritasunetako bat Jotaren Eguna izanen da, uztailaren 12an (asteartea), hitzordu bikoitzarekin, Acordes Navarros eta Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartearen (AMUDISNA) eskutik, hurrenez hurren, hiriko kaleetan barnako hainbat jota-errondarekin uztartuko dena. Beste berritasun bat da Txistularien Alardea Sarasate pasealekuko eremura itzuliko dela, uztailaren 10ean, igande goizean.
Goizeko jarduerak
San Fermin eguneko lehen hitzordua musika klasikoko kontzertu bat da, Belgikako Diksmuide herriko Speelschare orkestrarekin. Taldea musikari gazteek osatzen dute, eta mota guztietako errepertorioak jorratzen dituzte, jazz, pop eta rock moldaketak barne. Uztailaren 8an (ostirala), jotaren txanda izanen da, Roberto Urrutia eta Corrientes Navarras taldearekin. Hauek, jota tradizionalarekin batera, habanerak, estanpa euskal-nafarrak, rantxerak eta Errioxako jotak eskainiko dituzte. Uztailaren 9an (larunbata) La Ribera Canta taldearen txanda izanen da, Tuterako jota-eskolatik sortutako ibilbide profesional luzeko jota-taldearena.
Uztailaren 10ean, igande goizeko hitzorduan, Nafarroako ibaiak izanen dira nagusi, Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak antolatutako 63. Txistularien Alardearen ardatz nagusia izanen baitira. Hogeita hamar bat musikarik alardearendako berariaz sortutako piezak joko dituzte. Uztailaren 11n (astelehena), jota Sarasate pasealekuan izanen da berriz ere, Voces del Ebro taldearekin, Errioxako eta Nafarroako musika tradizionala sustatzea xede duen taldearekin, eta uztailaren 12an (asteartea), Jotaren Egunean, Acordes Navarros taldeak festa girotuko du Nafarroako jota eta estanpekin, baita rantxerekin ere.
Adinekoen Egunean, uztailaren 13an (asteazkena) Yoar errondailak eta Armonía errondailak boleroak, habanerak, rantxerak eta betiko abestiak eskainiko dituzte adinekoen gozamenerako. Jota-soinuak zikloa uztailaren 14an amaituko da Voces Navarras taldearekin, zeinak jota zaharrak eta berriak, iparraldeko estanpak, pasodobleak eta zortzikoak interpretatuko baitituzte.
Arratsaldeko jarduerak
Bertsolariek Sarasateko arratsaldeko gunea estreinatuko dute San Fermin egunean. Alazne Untxalo, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina, Ander Aranburuk aurkeztuta, bertsotan arituko dira. Hurrengo egunean, uztailaren 8an (ostirala), Larraiza Dantza Taldeko dantzak Lizarratik iritsiko dira oholtzara, eta Tuteratik, hurrengo egunean, San Juan makil-dantzaz gozatzen ahalko da. Ikuskizun horretan makil-dantzak eta bertsotan egindako antzezpenak egiten dira, pertsonaien parte-hartzearekin.
Uztailaren 10ean (igandea), haurrek hitzordu bat izanen dute ‘Alpistegia’ bertso-antzerkiko ikuskizunarekin, bertsolarien zikloaren barruan. Eta astea astelehenean hasiko da, Haurren egunean, Iruña Dantza Taldearen dantza folklorikoekin, eta, hurrengo egunean, jotaren txanda izanen da, Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartearekin (AMUDISNA).
Uztailaren 13an (asteartea), 20:30etik aurrera, adinekoek ‘El baúl de los 70’ kontzertua ikusteko aukera izanen dute, Serafín Zubiri, Mikel Herzog eta Artaxoako bandaren eskutik. Ikuskizun horretan 70eko hamarkadako kanturik adierazgarri eta ezagunenak interpretatuko dituzte. Sarasateko azken hitzordua bertsolariekin izanen da berriz ere. Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Julio Sotok eta Saioa Alkaizak, Fernando Anbustegik aurkeztuta, bertsoekin itxiko dute programa.
HITZORDU BIKOITZA SARASATE PASEALEKUAN
• Uztailak 7, osteguna
o 12:00. Musika klasikoko kontzertua. Speelschare orkestra belgikarra, Diksmuide (B).
o 19:00. Bertso-saioa. Parte-hartzaileak: Alazne Untxalo, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Aurkezlea: Ander Aranburu.
• Uztailak 8, ostirala
o 12:00. Jota-soinuak. Roberto Urrutia eta Corrientes Navarras.
o 19:00. Dantzak. Larraiza Dantza Taldea (Lizarra).
• Uztailak 9, larunbata
o 12:00. Jota-soinuak. La Ribera Canta.
o 19:00. Dantzak. San Juan makil-dantza (Tutera). 20:00ak arte.
• Uztailak 10, igandea
o 12:00. Txistularien 63. Alardea. Ibaiak. Euskal Herriko Txistulari Elkartea - Nafarroa
o 19:00. Bertso-saioa. Alpistegia, haurrendako ikuskizuna.
• Uztailak 11, astelehena (Haurren Eguna)
o 12:00. Jota-soinuak. Voces del Ebro.
o 19:00. Dantzak. Iruña Dantza Taldea (Iruña).
• Uztailak 12, asteartea (Jotaren Eguna)
o 12:00. Jota-soinuak. Acordes Navarros.
o 19:00. Jota-soinuak. AMUDISNA. 20:00ak arte.
• Uztailak 13, asteazkena (Adinekoen Eguna)
o 12:00. Jota-soinuak. Yoar errondaila. 13:15. Armonia Errondaila.
o 20:30. Kontzertua. El baúl de los 70, Serafín Zubiri, Mikel Herzog eta Artaxoako bandaren eskutik.
• Uztailak 14, osteguna. Gaixoa ni!
o 12:00. Jota-soinuak. Voces Navarras.
o 19:00. Bertso-saioa. Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Aurkezlea: Fernando Anbustegi.