Sarasate pasealekua ia osorik irekiko da sanferminetan eta behin-behineko zoladura izanen du, Parlamentuaren eta Vínculo kalearen arteko erdiko bidean eta hegoaldeko galtzadan izan ezik

Sarasate pasealekua ia osorik irekiko da sanferminetan eta behin-behineko zoladura izanen du, Parlamentuaren eta Vínculo kalearen arteko erdiko bidean eta hegoaldeko galtzadan izan ezik
Lanek plataforma bakarra egitea eta zuhaitzak mantentzea dute oinarri: dagoeneko obren herena gauzatu da eta neguan hiru zuhaitz handi birlandatu aurreko lanak egiten ari dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi

Sarasate pasealekua ia osorik egonen da zabalik sanferminetan, pertsonen mugimendu librea ahalbidetzeko. Behin-behineko zoladurari esker pasealekua erabilgarri egonen da, Parlamentuaren eta Vínculo kalearen arteko erdiko bidean eta hegoaldeko galtzadan izan ezik. Egiten ari diren berrurbanizazio-lanak bertan behera utziko dira tarte batez eta festak amaitu ondoren normaltasunez ekinen zaie berriz lanei.

Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur, asteazkena, bisitatu dute eremua, pasealekuaren egoeraren berri izateko: lanak hasi zirenetik sei hilabete igaro dira eta orain arte sestra azpiko lanak izan dituzte ardatz. Lurrazpiko lan horiek ia obren lehenengo heren osoa hartu dute, eta García Castañón eta Trinidad Fernández Arenas kaleetako hornidura-sare handiak berritzea eta Nafarroako Jauregiaren inguruko loturak egitea besterik ez da falta.

Proiektuak, berrurbanizazioaz gain, eremuko hornidura-sareak erabat berritzea barne hartzen du, ehun urtetik gorakoak baitira, baita hondakinen bilketa pneumatikoko sistema instalatzea ere, zeina ia Alde Zahar osoan instalatuta baitago dagoeneko. Lan guztiek jarraipen arkeologiko sakona izan dute, eta aurkikuntza guztiak erregistratu dira, hiriko eremu horrek garrantzi historiko handia baitu.

Hiri-arbolazaintzako profesionalek ere jarraipena egin dute, obrak egin arren zuhaitzen ongizatea bermatzeko xedez. Lanak Zuhaitzak Babesteko Plan zehatz bati jarraikiz egiten ari dira, eta egitasmo horrek obretan garatu beharreko lan guztiak eta lan horiek egitean bertan dauden aleak errespetatzen dituzten irizpideak jasotzen ditu. Aurreko astean, neguan birlandatuko diren pasealekuko hiru zuhaitz berraldatzeko lanak egin zituzten. Aurreikuspenen arabera, pasealekuan dauden 77 zuhaitzetatik 74 jatorrizko kokapenean mantenduko dira. Hala, proiektua inspiratu duten funtsezko bi premisak betetzen dira: plataforma bakarra egitea eta zuhaitzak mantentzea.

Lanak aurreikusitakoarekin bat doaz aurrera
Erregeen estatuak desmuntatu, makina astunak sartu eta eremua behin betiko hesitu ondoren, urtarrilean abiatutako lanen ondorioz, Sarasate pasealekuko tarte guztiak eraldatu dira. Kanalizazio nagusiak egin dira, Foruen monumentuaren eta Nafarroako Jauregiaren arteko eremuan izan ezik, eta, esparru horretan, Sarasateko hegoaldearen eta Comedias kalearen arteko elkargunean instalatuko diren bilketa pneumatikoko ontzi berriak konektatzea falta da. Aurreikuspenen arabera, sanferminen ondoren, udalaren hornidura-sareak berritzeko eta zolatzeko lanak abiatuko dira: Parlamentua dagoen aldetik hasiko dira, Nafarroako Jauregirako noranzkoan.

Alondegi kalean zerbitzu guztien kanalizazioak gauzatu dira, bai eta zoladuren oinarriak ere. Zolatzeko lanak ere abian dira dagoeneko, eta udan zehar eginen dira. Vínculo kalean, hornidura-sareak berritzen jarraitzen dute eta, aurreikuspenen arabera, kale horretako lanak udazkenean amaituko dira. García Castañón eta Trinidad Fernández Arenas kaleak oraindik ez dira ukitu: hornidura-sareak berritzeko lanak sanferminen ostean abiatuko dira eta kale horietan 2027ko hasierara arte luzatuko dira obrak.

Lanen egoera ekonomikoari dagokionez, 2025eko abendutik 2026ko maiatzera bitarte egindako sei egiaztapenen zenbatekoa 2.089.294,68 eurokoa (BEZa barne) da, 15.071.144,50 euroko (BEZa barne) adjudikazio-zenbatekoaren % 13,863 alegia.

18 hilabeteko gauzatzeko epea
Sarasate pasealekua eta alboko kaleak berrurbanizatzeko, saneamendu- eta hornidura-sareak berritzeko eta Sarasaten bilketa pneumatikoaren instalazioa handitzeko lanak Construcciones Mariezkurrena SL eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresek osatutako ABBEari adjudikatu zitzaizkion 15.071.144,50 euroan (% 21eko BEZa barne). 18 hilabeteko gauzatzeko epea ezarri zen, baita hiru urteko berme-epea ere, obra-harrera egin eta hortik aitzina kontatuta.

Adjudikazio-zenbatekotik 10.780.727,63 euro (BEZa barne) berrurbanizazio-lanei dagozkie; hornidura-sareak berritzeko lanei, 2.410.580,35 euro (BEZa barne) eta hondakinen bilketa pneumatikoari, 1.879.836,52 euro (BEZa barne), eta Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak erdibana ordaindu dute zenbateko hori. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak 1,71 milioi euro jarri ditu Tokiko Inbertsioen Planaren bidez.

Lanak Obra Hasieraren Akta sinatu zenean hasi ziren, 2025eko abenduaren 15ean. Aurrez Segurtasun eta Osasun planak onetsi ziren, bai eta Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen kudeaketakoa ere. Orain arte sei egiaztapen egin dira, bat hilabete bakoitzeko: azkenekoa 2026ko maiatzean egin zen.

¿Te ha sido útil esta página?