
Iruñeak datozen egunetan artea kaleetara eramanen du, 2024ko Iruñeko Topaketen kultur programazioaren barruan. Datorren igandera arte (urriak 13), Sarasate pasealekuan Alberto Odérizen Hontzek ez dute habiarik egiten eskultura-instalazioa egonen da ikusgai, eta hiriko hainbat pasabide espazio artistiko bihurtuko dira Nerea de Diegoren eta bere Igaro obraren eskutik.
Sei dira Nerea de Diegok Iruñeko San José udal hilerrian dauden eskulturen eskuei ateratako argazkietan oinarritu duen lana erakusteko aukeratutako pasabideak. Horrela, ikusgai egonen dira Francisco Seminario pasabidean (Kale Berria Florencio de Ansoleaga kalearekin lotzen duena), Jacobaren pasabidean (Gazteluko plaza Zapatería kalearekin lotzen duena), San Domingo azokako pasabidean, Ingurabidetik Descalzos kalerantz doan pasabidean, Plazaolako tunelean (Arrotxapea auzoan), eta Ziudadelatik ateratzeko Laguntza Ateko tunelean. De Diegok igarobide horien aldeko hautua egin du, herritarrak gelditzera, une bat hartzera, gonbidatzeko, eta esku horien atzean dagoen zentzu, sentimendu eta esanahi guztian pentsatzera bultzatzeko.
Bestalde, Odérizek Sarasate pasealekuko apustu artistikoan kaltzioa erabiltzen du sorkuntzarako material gisa. Horrekin hontz-arrautzak diseinatu eta sortu ditu, formatu handian, Hontzek ez dute habiarik egiten obra gauzatzeko. Arrautza horiek Prada Poolek 1972ko Iruñeko Topaketetan egindako lan ikonikoari egiten diote erreferentzia, gaur egun Baluartek eta bere plazak hartzen duten espazioan kokatu ziren kupula pneumatiko haiei. Kupulak orduan eta hontz-arrautzak orain, funtsean, elementu nomadak dira, arrotzak eta ikonikoak hiriaren erdian. Bere lanarekin, Odérizek, hiritarra aurtengo edizioko gai batzuetara erakarri nahi du, hala nola ingurumenaren hauskortasunera, artisautzaren garrantziara eta gizakien izaera migratzailera
Iruñeko kale eta pasealekuetan barreiatutako bi instalazio artistiko horien bidez hiriak 72ko lehen Topaketa horien bokazioari heltzen dio berriro; hau da, museoak eta aretoak alde batera utzi eta hirirantz zabaltzeari, artea herritarrengana, arlo publikora hurbiltzeko, eta Iruñean barrena mugitzen den pertsona ororengana iristeko.
Bi erakusketa horiek Ziudadela, Baluarte, Kondestable Civivoxa, Nafarroako Museoa eta kanpoko espazioak, hala nola Burgoen plaza eta Seminarioko Etxearen fatxada barne hartzen dituen 2024ko Iruñeko Topaketen kultur proposamenaren parte dira. Ekitaldiak hiriko artistak, estatukoak eta nazioartekoak bildu ditu, zehazki, Nerea de Diego, Ada Garrués, Lorea Alfaro, Katixa Goldarazena, Alicia Otaegui, Patxi Araujo, Cabeza de Artista, Alberto Odériz, Eva Lootz, Herta Müller eta Apichatpong Weerasethakul. Horien guztien formatu ezberdineko lanak urriaren 13ra arte egonen dira ikusgai.