Sarasate pasealekua eraberritzeko aukeratutako bost idazketa-taldeek urriaren erdialderako aurkeztu behar dituzten proposamenak lantzen jarraitzen dute. Bost taldeetako ordezkariek parte hartu dute ostiral honetan Iruñeko Udalean proiektuari buruz egindako bilera teknikoan eta Sarasate pasealekura egindako bisitan, espazioaren egungo egoera bertatik bertara egiaztatu eta haien proposamenak azkentzeko.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak Udaletxeko Harrera Aretoan agurtu ditu idazketa-taldeak, proiektuaren garrantziaren berri emateko, eraberritzearekin lotutako hainbat gai azaltzeko, galderak egiteko eta zalantzak argitzeko bilera egin baino lehen. Haien kaudimen profesionalagatik eta antzeko proiektuetan duten eskarmentuagatik hautatutako bost taldeak honako hauek dira: Linazasoro & Sánchez Arquitectura; MRM Arquitectos eta Tabuenca eta Leache Arquitectos-ek osatutako elkartea; Vi17 Arquitectura, Office of Architecture in Barcelona eta Okra Landscape Architecten-ek tokiko arkitekto gazte baten eskutik osatutako elkartea; Batlle i Roig; Mangado y Asociados, eta Espinàs i Tarrasók eta Leku Studiok osatutako elkartea.
Bilera egin ondoren, oinez joan dira Sarasate pasealekuraino, eta han Foruen monumentutik abiatuta Nafarroako Parlamentuaren ingururaino joan dira, baita proiektuaren parte diren Bigarren Zabalguneko ondoko kaleetara ere. Horrela, bertatik bertara ikusi ahal izan dute zuhaitzen egungo egoera, eskulturen kontserbazioa, desnibelak eta oztopo arkitektonikoak, bai eta talde bakoitzak bere proposamena garatzeko funtsezkotzat jotzen dituen xehetasunak ere.
Obretarako zenbatetsitako aurrekontua 10,2 milioi eurokoa da, eta horietatik 2 milioi Iruñerriko Mankomunitateak jarriko ditu, Sarasate pasealekuko eta inguruko kaleetako hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko. Lehiaketa irabazi duen proposamena zein den zehaztuta, eta proiektuaren behin betiko idazketa egiteko lau hilabeteko epea igarota, Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera lanak 2025eko sanferminen ondoren hasten ahalko lirateke.
Proiektu-lehiaketaren bigarren fasea
Lehiaketaren oraingo fasean, bigarrenean, hautatutako bost taldeek Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko diseinu-proposamen bat garatu behar dute; horretarako, oinarrietan ezarritako zehaztapen, helburu eta baldintzatzaileak kontuan hartu beharko dituzte, besteak beste, espazioaren erabateko irisgarritasuna eta zuhaitzen tratamendu berezia. Bigarren fase hori erabat anonimoa izanen da epaimahaiak bere irizpena edo erabakia argitara eman arte.
Proposamenak era anonimoan aurkeztuko dira, LELOpean, eta, beraz, ez da egilearen edo egileen izenik agertuko bertan, ezta haien nortasuna zeharka ezagutzea ahalbidetzen duen edozein motatako datu, irudi, logo edo zantzurik ere. Oinarrietan jasotzen da proposamenak bi hilabeteko epean aurkeztu beharko direla, hautatutako parte-hartzaileei aldibereko gonbidapenak bidaltzen zaizkienetik zenbatzen hasita.
Proposamenen balorazioa kalitate orokorrean oinarrituko da, lehiaketaren konplexutasun espezifikoaren ikuspegitik betiere. Kontuan hartuko dira, besteak beste, proposamen bakoitzaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, eta planteatzen diren konponbideekin lotutako beste irizpide batzuk: oinezkoen mugikortasuna; iragazkortasuna; irisgarritasuna eta oztopo fisikorik eza; eskualdeko hiri-garraioarekiko koordinazioa, eta orain dauden eskulturak kokatu eta Foruen estatuarekin ahokatzeko jarduketa. Epaimahaiaren balorazio horretatik aterako da proposamen irabazlea.
JARDUNALDI TEKNIKORA BERTARATUTAKOAK
LINAZASORO & SÁNCHEZ ARQUITECTURA/MRM ARQUITECTOS/TABUENCA Y LEACHE ARQUITECTOS
- LINAZASORO & SÁNCHEZ ARQUITECTURA
- José Ignacio Linazasoro Rodríguez
- Ricardo Sánchez González
- José Ignacio Linazasoro Rodríguez
- MRM ARQUITECTOS
- Roberto Erviti Machain
- Miguel Alonso Flamarique
- Roberto Erviti Machain
- TABUENCA Y LEACHE ARQUITECTOS
- Jesús Leache Resano
- Fernando Tabuenca González
- Jesús Leache Resano
BATLLE I ROIG
- Antoni Monté Llopis
- Iván Sánchez Fabra
- Juan Carlos Ovalle Cortissoz (del estudio local KREAN)
VI 17 ARQUITECTURA/OAB/OKRA
- VI17
- Gustavo Figueira Serrano
- Diego Díaz Mosqueira
- Álvaro Itarte Pérez
- Gustavo Figueira Serrano
- OAB
- Núria Ayala Prats
- Núria Ayala Prats
- OKRA
- Martin Knuijt
- Lourdes Barrios Ayala
- Martin Knuijt
MANGADO Y ASOCIADOS S.L.
- Patxi Mangado Beloqui
- Idoia Alonso Barberena
ESPINÁS I TARRASÓ/LEKU STUDIO SLP
- ESPINÁS I TARRASÓ
- Julià Espinàs Casas
- Olga Tarrasó Climent
- Julià Espinàs Casas
- LEKU STUDIO SLP
- Jokin Santiago Elorriaga
- Marta Sola Páramo
- Jokin Santiago Elorriaga