Iruñeko Udala Mendaur Mendiaren eta Lakartxela Mendiaren kaleen arteko elkargunea eraberritzeko lanak bukatzen ari da Arrosadiko Santa María la Realen. Inguru horretan ibilgarritasuna hobetzeko lanak egin dira: uztailaren bigarren hamabostaldian hasi ziren, eta, besteak beste, espaloiak zabaldu, berdegune eta egonlekuak sortu eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatu dira. Halaber, datorren astean, Mutiloabeiti kalean esku hartuko da, kale horren eta Lakartxela Mendiaren kalearen arteko elkarguneraino.
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak obrak bisitatu dituzte gaur goizean, eta Udalak 170.000 inbertitu ditu guztira lan horietan. Inbertsioak berrurbanizazio-, lorezaintza- eta asfaltatze-lanak barne hartzen ditu.
Zehazki, azken asteotan espaloiak zabaldu dira, eta hori dela eta, espazio gutxiago izanen du galtzadak, baina, hala eta guztiz ere, errepideko zirkulazioa bere horretan mantenduko da. Espaloiak oinezkoendako eremu irisgarri eta zabal bihurtu dira. Era berean, espaloiak zabaldu dira oinezkoendako pasabideen eremuan, pasabideak gurutzatu baino lehen dagoen eremua oinezkoendako utzita. Hala, oinezkoen ikusgarritasuna hobetzen da, baita bideko abiadura murriztu ere. Aparkatzeko plazei dagokienez, mugikortasun urriko pertsonendako toki bat sortu da lanei esker, eta motorrek aparkatzeko eremuak mantendu dira. Horrez gain, ibilgailuendako aparkaleku-plazak berrantolatu dira, baina plazen kopurua bere horretan mantendu da.
Hau da inguruan egin den eraldaketa esanguratsuenetako bat: oinezkoendako pasabide bat sortu da Lakartxela Mendiaren kalean, kale horrek Mendaur Mendiaren kalearekin bat egiten duen tokian; aurretik ez zegoen pasabiderik inguru horretan, eta, hortaz, funtsezko aldaketa da oinezkoen segurtasuna hobetzera begira. Sortu berri den oinezkoendako pasabideari esker, bidegurutzean aldaketak egin dira, espazio gehiegi baitzegoen bertan, eta ez baitzitzaion etekinik ateratzen, gune hori ibilgailu motordunek birak eta maniobrak egiteko baino ez baitzen erabiltzen.
Hein batean, pasabide horrek lau berdegune txiki sortzea ahalbidetu du, eta horri esker, azpiegitura berdeak hobetu dira. Gune horiek, gainera, drainatze jasangarriko sistema hiritar gisa baliatuko dira: euri-uren infiltrazioa errazten dute, eta ondorioz, akuifero naturalak bete eta euri-uren sareak gehiegi betetzea saihesten da. Aurreikuspenen arabera, Udalak 11.000 euro inbertituko ditu lorezaintza-lan hauek egiteko: ureztapen-sistemak instalatzeko eta hainbat zuhaixka-mazizotan zuhaitz, zuhaixka, zuhaixka-landare eta landare aromatiko batzuk landatzeko. Zehatz-mehatz, hauek landatuko dira: bi bananaondo, erromeroa, pitosporo nanoa, ipurua eta salbia, besteak beste. Lanak osatze aldera, hainbat eserleku eta beste hiri-altzari batzuk jarriko dira.