
Santa Ana plazaren zorupean aztarna arkeologikoak daude, besteak beste, Kondestablen aurkitutakoen antzekoak diren Antzinaro berantiarreko ehorztokiak eta industria-iraultzari lotutako industria-ondarea, hala nola Pinaquy galdategiko eremuak (XIX. mendea) eta lixiba-fabrika zahar bat izan litekeen ondoko beste gune batenak. Gainera, litekeena da indusketaren ondoren tamaina handiko eraikin bat dokumentatu ahal izatea. Eraikin horri espazio horretan aurretik zegoen zutabe hexagonalaren zatia dagokio, eta iturri historikoek ez dute horren berririk. Uztailean georradar bat erabili zuten, eta metodo ez-inbaditzaile horri esker, aurretik aipatutako datu batzuk atera zituzten: uhin elektromagnetikoak erabiltzen ditu zorupea ikusteko, eta kanpaina arkeologikorako funtsezkoak izan daitezkeen puntuak identifikatzeko balio du.
Aurreikuspenen arabera, azaroan 3x3 metroko lau laginketa eginen dira plazako hainbat puntutan, hondakinak aurkitu eta duten garrantzia eta kontserbazio-maila baloratzeko. Oraingoz, Iruñeko Udalak erabaki du ‘Basoa’ proiektuaren sinatzaileei –berrurbanizazioa egiteko aukeratu zuten eta urtearen amaierara arte idazketa-fasean egonen da– eskatzea garrantzitsutzat jotzen diren elementu arkeologikoak etorkizuneko plazan txertatzen joatea.
Santa Ana plaza A mailako eremu arkeologikoan dago, hori dela eta, Vianako Printzea Erakundeak tarteka informazioa jasoko du, eta indusketen emaitzak gainbegiratu eta haiei buruzko argibideak emanen ditu. Aurreikuspenen arabera, zundaketen emaitza zehatz eta xehatuak azaroan ezagutuko dira, eta horri esker, hondakinen bolumena, garrantzia eta urbanizazio berrian txertatzeko duten bideragarritasuna. Aurkikuntza horietan guztietan sakontzeari esker, hiriaren historia hobeto ezagutuko da.
Antzinaroko nekropoli batetik industrializazioaren aurreko arkupedun eraikin bateraino
Eremuko bizilagunekin eta erakundeekin egindako parte hartzeko prozesuaren barruan hainbat proposamen jaso ziren, hala nola Erdi Aroko putzu-sistema berreskuratzea, odol-noriaren hondakinak balioestea eta Kondestablearen jauregiaren birgaitze-prozesuan aurkitutako ehorztokiak modu kontrolatuan berrezartzea. Dena den, Kantabriako Unibertsitatearen eta Tesela Arqueología enpresaren esku-hartze arkeologikoko proiektua egin ondoren, badirudi garai askotako aztarnak aurkitu direla. Une honetan, txosten historikoa idazten ari dira Nafarroako Udal Artxiboko eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko agiriekin.
Uztailean georradarra erabiltzeaz gain, azaroan 3x3 metroko lau laginketa eginen dira, horietatik hiru dagoeneko aurreikusita zeuden eta laugarren bat egitea proposatu dute georradarraren emaitzen ondoren. Lehenengoa, Kale Nagusiko 8. zenbakiaren atzealdean dago, oso azaleko kotetan, eta Kondestablearen jauregia birgaitu zenean agertu zen nekropoli bereko ehorzketak izan litezke.
Balizko aurkikuntzen irizpide kronologikoari jarraikiz, hirugarren laginketak (Kale Nagusiko 24. eta 26. zenbakietako atzeko aldean) georradarrak bi eraikin modernoen artean kokatu zuen mehelina aztertuko du. Ikerketa horrek gune horretako atzeko aldeko Erdi Aroko fatxaden lerrokadurak eta kaleen trazadurekin duen lotura argitzen lagunduko luke. Izan ere, 22., 24. eta 26. zenbakiak XIX. mende erdialdeko sustapen batean egin ziren.
Bigarren laginketan (Kale Nagusiko 14. eta 16. zenbakietako atzeko aldeak) tamaina handiko eta patio arkupeduneko eraikin bat agertu litekeela kalkulatzen da, eta horri legokioke seguruenik industria-iraultzaren aurrekoa den zutabe hexagonal baten fuste zatia.
Industria-iraultza Iruñean
Laginketa hori eginen den tokian, Kale Nagusiaren 16. zenbakiaren atzeko aldean, zirkulu handien itxurako orbanak agertu dira, eta ikerketa historikoan kontsultatuko eta Pinaquyk berak emandako planoen arabera, bost labe garaietako bati eta izen bereko galdategiko sutegiei legozkieke. Lantegi hori Iruñeko XIX. mendeko industria-ondarearen parte izanen litzateke. Gainera, georradarrak beste industria batenak izan litezkeen hondakin batzuk antzeman ditu, Lejías el Tigre fabrikarenak hain zuzen. Indusketak, halaber, bi eraikin horien zoladurak eta egiturazko osagaiak egiaztatzeko balioko luke.
Gailu elektromagnetikoa erabili ondoren, laugarren laginketa bat egitea proposatu dute. Udalak Pinaquyri eskatu zizkion planoak lantegian beste godaleta bat eta lurrun-makina bat txertatu ahal izateko baliatu ziren, eta plano horien arabera, godaleta Kondestablearen jauregiko Areto Gotikorako sarbidean egonen litzateke, Jarauta kaleko 27. zenbakiaren atzealdean. Labe garaia egoera onean badago, osagaiak museo bihurtzearen aldeko apustua egin liteke, plazan bertan daudenak baino hobeak baitira.
Tesela Arqueología enpresaren txostenaren arabera, etorkizunean indusketa batzuk herritarren parte-hartzearekin egin litezke –2018an eta 2019an egin zen bezala– hiri-arkeologiako metodologia profesionalak hedatu eta aurkikuntzak hiriarekin partekatze aldera.
Hirigintza parte-hartzailea eta memoriarekiko begirunezkoa
‘Basoa’ Jokiñe Crespo Garbisu, Laura Hernández Soto, Ignacio Cordero Fort, OM Arq SLP, Santiago Virto Calleja eta Navenek egindako proiektua da, eta baloratu zen ezaugarrietako bat jatorrizko planteamenduaren malgutasuna izan zen, hain zuzen, batasuna galdu gabe bizilagunen ekarpen gehien kontuan hartu zituena izan baitzen.
Hemendik aurrera berriz egiten ahalko du, bai parte hartzeko bigarren fasean, bai aurkikuntza arkeologikoekin lan egiteko orduan. Izan ere, idazketa-taldeak arkeologo profesionalak barne hartzen ditu, haien ikuspegi espezializatua abiapuntu hartuta eta diseinu arkitektonikoaren jarraibideak txertatuta egin ahal izateko.
Jarduketa, espazio publikoak eraberritzeaz gain, nortasun-ikurrak berreskuratuz memoria aldarrikatzea eta hiri finkatuan bizi-kalitatearen aldeko apustua egitea ere xede duen hiri-berroneratze eredu baten barruan dago. Proiektuaren idazketa amaitu ondoren, Udalak lizitazio ireki bat deituko du lanak adjudikatzeko, eta 2026ko udaberrian hasi eta 2027an bukatzea aurreikusten da. Lanak, guztira esku hartzeko 3.768 m2-ko azalera duen (sarbideak barne) eremu batean gauzatuko dira.
Lanak amaitutakoan, Iruñeko historiaren ezagutza orokorra handituko da, eta aurrerapauso garrantzitsua litzateke ‘etxadi pilotua’ delakoaren konfigurazioan: 80ko hamarkadan sortu zen termino hori eta hiri finkatuan hirigintza egokiaren gida izan nahi zuen.