Santa Ana plazan dantzatuko du ostegun honetan Duguna Folklore Taldeak soka-dantza tradizionala

Santa Ana plazan dantzatuko du ostegun honetan Duguna Folklore Taldeak soka-dantza tradizionala
Emanaldia 19:30ean hasiko da eta parte-hartzea librea da
Soka Dantza

 

Udaburua denez, eta San Joan bezpera, Duguna Folklore Taldeak soka-dantza dantzatuko du bihar, ostegunarekin, Santa Ana plazan. Hitzordua 19:30ean izanen da eta parte-hartzea librea da. ‘Soka-dantza’ hau urtean bitan dantzatzen da, otsailaren 3an, San Blas egunean, eta San Joan bezperan, horien bitartez ospatzeko hiriko neguko jaiak eta udaren hasieran eguzkiaren eta argiaren etorrera, hurrenez hurren. 

San Joan bezperako soka-dantza hau 2013an aurkeztu zuen Dugunak lehen aldiz. Jatorrian, dantza hau Arrotxapeko maiordomoen ohitura gogoratzeko sortu zen, auzoko jaiak dantza baten bidez haste aldera. Denboraren poderioz, dantzaren koreografia-egituran eta funtzio sinbolikoan zenbait egokitzapen egin dira. Soka-dantza izena ematen diogu eskuak elkartuz dantzariek osatzen duten soka edo kate dantzatuari. 

Dantzaren oinarrizko egitura, munduko txoko eta historiako une ugaritan errepikatua, duela gutxi arte gure plaza eta erromerietako dantza nagusia izan da, eta gaur egun ere herri askotan dantzatzen da. Nahiz eta ezinezkoa den esatea Iruñean noiztik dantzatu den soka-dantza, Jimeno Jurio historialariak eta Patxi Arrarás folkloristak dokumentatu dute. Bestalde, 1646an Felipe IVak Iruñera egindako bisita baten karietara Juan Bautista Mazo margolariak egindako koadro batean ageri da.

Kontratuaren luzapena Duguna – Iruñeko Dantzariekin

Dantza honek bat egiten du Duguna – Iruñeko Dantzariak taldearen kontratuaren lehenengo luzapenaren onespenarekin, zeina joan den astelehenean egin baitzen, hainbat jarduera egiteko eta udal-segizioa lagunduz eginen diren emanaldietarako. Kontratuaren aurrekontuak 31.800 euro jotzen du, eta indarrean egonen da 2022ko ekainaren 18tik 2023ko ekainaren 17ra bitarte.

Kontratuan xehatzen dira dantzariek parte hartu behar duten protokolo-ekitaldiak, hala nola hiriaren izenean desfilatzen denean eta prozesioetan San Fermin egunean, San Ferminen Zortziurrenean, San Saturnino egunean eta Batasunaren pribilegioaren karietara. Barne hartzen ditu, halaber, San Blas eguneko dantzak, San Joan egunekoak, Aldapako San Ferminetako ekitaldietan parte hartzea eta bi emanaldi gehiago, zehazteke, gutxienez 16 dantzarirekin. 

¿Te ha sido útil esta página?