Epaimahai teknikoak hiru proposamen hauek hautatu ditu Santa Ana plaza berrurbanizatzeko ideien lehiaketan: Basoa, Jokiñe Crespo Garbisu ordezkari duen lantaldeak egina, El sitio de mi recreo (Nire jolas ordurako tokia), Carlos Iraburu Elizalderen lantaldearena, eta Aquí convive un barrio (Hemen auzotarrak bizikide dira), David Garcia Muñozek ordezkatutako lantaldeak egina. Hirurak ere plaza biziberritzearen aldekoak dira: gune bizia eta berdea sortu nahi dute, hainbat jarduera komunitario egin ahal izateko, aisialdirako eta lasai egoteko toki bat. Horretarako, proposatzen dute pergolak, jolaserako eta haur-jolasendako guneak, zuhaitzak, belar usaintsuen lorategiak eta landarez eginiko estalkiak jartzea, besteak beste.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2023 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Uxua Domblás Ibañez Alor horretako zuzendariak xehe-xehe azaldu dituzte ideia lehiaketara aurkeztutako sei proiektuen artean hautatutako hirurak. Behin epaimahai teknikoaren erabakia jakinda, parte hartzeko prozesuaren bigarren faseari ekinen diote orain, proposamenak ezagutarazi eta ekarpenak biltzeko behin betiko proiektuari begira. Finalera iritsi diren proposamenei 20.000 euro emanen dizkiete, proiektuen kalitatea aitortzeko.
Laster hasiko da parte hartzeko prozesuaren bigarren fasea
Otsailaren 26an, asteazkenarekin, Hirigintza Batzordea, lantalde finalistak eta TRAMA arkeologia kabineteko lantaldea plaza aztertzera joanen dira: analisi sakona egin eta plazaren testuinguru historikoaren berri jakin nahi dute. Biharamunean, martxoak 27, osteguna, jardunaldi bat eginen dute epaimahaiak hautatutako hiru proposamenak aurkezteko. Proiektuak idazteaz arduratu diren lantaldeek emanen dituzte argibideak, eta gero jendaurreanjarriko dituzte ikusgai proiektu bakoitzaren nondik norakoak, panelen bidez: Kondestablen jarriko dute erakusketa, martxoaren 14ra arte. Erakusketa horretan hainbat kutxa jarriko dituzte herritarrek proposamenak egin ahal izan ditzaten proiektuak hobetzeko; martxoaren 13an ere aurkezten ahalko dira ekarpenak, parte hartzeko lantegi bat eginen baitute Kondestablen bertan, batzuen eta besteen iritziak entzun eta hausnartzeko. Ideia-lehiaketaren helburua da plazaren itxura hobetu eta funtzionaltasun handiagoa ematea eremuari, hiriaren erdiguneko berdegune bat izan dadin, eta harremanetarako balio dezan.
Parte hartzeko prozesuaren lehen fasea 2024an egin zen, eta hainbat saio, bisita eta bilera izan ziren. Faseari amaiera emateko, txosten batean bildu zituzten plazaren inguruko xehetasunak eta zer aukera ematen dituen, eta ideia-lehiaketaren oinarriei atxiki zioten, lehiaketara aurkezten ziren erredaktore taldeek aintzat hartu zezaten proposamenak egiteko orduan. Txosten hori izan dute ardatz beraz lehiaketara aurkeztu diren proposamenek, eta horri esker, herritarren beharrak eta iritziak islatu ahal izan dituzte.
Basoa proposamenak eskuratu du lehen postua: epaimahaiak 88 puntu eman dizkio. Finalera iritsi diren beste bi proposamenek, El sitio de mi recreo (Nire jolas ordurako tokia) eta Aquí convive un barrio (Hemen auzokideak bizikide dira) izenburudunek, berriz, 75 eta 67 puntu lortu dituzte hurrenez hurren. Hiru horien ondotik, proposamen hauek geratu dira finalaren atarian: De plazas y refugios (Plazak eta babeslekuak), 61,5 puntu eskuratuta; Assimulare, 52,5 punturekin, eta Hortus, 41,5 puntu lortuta.
‘Basoa’: San Zernin burguaren birika berdea
Esan bezala, Basoa proposamena gustatu zaio gehien epaimahaiari: hiriaren erdigunean hiri-oasi natural bat sortzeko beharra oinarri hartuta garatu dute. Proiektu horretan, geometria da diseinuaren ardatza: gune biribilak sortu nahi dituzte hainbat jarduera egin ahal izateko, eta zoladura drainatzailea jartzea proposatu dute; gainera, igarobideak eta eremu berde naturalizatuak tartekatzea planteatu dute, plazak baratzeekin betetzen zuen funtzio hidrologikoa berreskuratu dezan. Proiektu hori eginen balute, zuhaitzak eta landaredia jarriko lituzkete plazan, auzoaren birika berdea izan dadin.
Gaur egun dituen erabilerez gain, beste batzuk ere proposatu dituzte. Pellejerías zokoan dagoen sarreran zuhaitz berezi bat jartzea jasotzen du proiektuak, eremu horri duintasun handiagoa emateko. Domoa eta hiri-baratzea bere horretan mantenduko lituzkete, eta landarez osatutako anfiteatro bat sortuko lukete Kondestableren atzeko irteeran dagoen desnibela baliatuz. Plazaren erdiko eremua haurrendako jolaserako eta hiri-gimnasiorako gordeko lirateke aurrerantzean ere, baina elementu naturalagoak jarriko lituzkete.
Jardueretarako eremua, berriz, ekialdera mugitu nahi dute, horrela probetxu handiagoa aterako baitzaio tokiak duen tamainari, eta sarrera batetik gertuago egonen da. Aldaketa horri esker, garai bateko Txerrien Azokak hartzen zuen tokia berreskuratuko litzateke. Lehen hala zuen izena Santa Ana plazak. Pergola bat jarriz aterpe bat sortuko lukete hor. Jarauta kaletik sartzen da inguru horretara, eta hor garbiketa automatikoko komunak jartzea planteatu dute.
Hitz gutxitan esanda, paisaia aintzat hartuta garatu dute Basoa proposamena, eta plazaren ingurua naturalizatzea proposatu dute: hala, natura ardatz hartuta berrituko litzateke eremua, eta plazako jardunaren eta etxebizitzen arteko talka arindu. Basoa proposamena garatzeko 947.945 euroko aurrekontua beharko litzateke gutxi gorabehera, eta lanek sei hilabete iraunen lukete.
‘El sitio de mi recreo’ (Nire jolas ordurako tokia): egurrezko pergola bat erdiko gunea inguratzeko
Bigarren proposamenak egurrezko inguru iragazkor bat sortzea jasotzen du: pergola laukizuzen bat jarriko lukete, eta, diotenez, bi eremu desberdin egonen lirateke plazan. Alde batetik, jarduerak egiteko gune bat egonen litzateke erdian, eta bestetik, plazaren inguru osoa, ondoan dituen eremuei begira: kafetegia, hiri-baratzea, Kondestableren atzeko aldea... Ekialdean, Pellejerías zokoaren inguruan alegia, berdegune bat jarriko lukete; mendebaldean jolaserako eta bestelako jardueretarako gune bat sortzea proposatu dute, eta erdian, berriz, lasai egoteko eta bestelako kontuetarako eremua sortuko lukete.
Erdiko pergola da diseinu honetan plazaren ardatza: egitura soil bat proposatu dute, egurrezko atari moduko bat, eremu bakoitzaren beharretara egokitua. Hala, erdigunea eremu librea litzateke, eta lehendik plazan zegoena errespetatuko luke, hala nola zuhaitzak eta putzuak. Pergola egokitu eginen litzateke eremu bakoitzak duen erabilerara, eta beraz, lorategi bertikalak izanen lituzke, landarezko sabaia ere bai itzalak sortzeko, plazaren historiari buruzko panelak jarriko lituzkete, eta haurrendako jolasak ere bai. Pergolaren inguruan lorategi bat sortuko lukete, antolatzen diren programak eta jarduerak egiteko, eta eremu bakoitzean ekipamendu egokia jarriko lukete: lasai egoteko, jolaserako, atseden hartzeko, erlaxatzeko, kulturjardueretarako, artearekin lotutako kontuetarako, zerbitzuetarako...
Programa didaktiko bat sortzea proposatu dute, esperimentuen bidez azaltzeko baratzeko eta lorategiko lanak, uraren zikloa, eta kutsadurarekin eta energiarekin lotutako kontuak. Proposamen honen arabera, bi fasetan berrurbanizatuko litzateke Santa Ana plaza, eta 875.058 euroko aurrekontua beharko litzateke.
‘Aquí convive un barrio’ (Hemen auzokideak bizikide dira): plaza naturalizatzea eta haur-jolasendako gunea
Proposamen honen helburua da plazak berak eta harako sarbideak inguruko hiri-egiturarekin bat egin dezaten lortzea. Etxadiaren tamaina historikoa berreskuratzea proposatu dute, gaur egun dauden eraikin gehienak errespetatuz eta beste batzuk berrituz; egitura kaltetuta duten eraikinak, berriz, bota eginen lituzkete. Horri esker, Eslava kaletik sarbide bat izanen luke plazak, arkupe formakoa.
Elementu historiko eta sinbolikoak bere horretan utziko lituzkete, esaterako hargintzarako putzuak eta aulkigintzarako zutabea.
Plaza diafanoa izatea nahi dute, argia, lasai egoteko toki bat, landarez eta zuhaitzez inguratua; bertako espezieekin osatutako lorategi bat sortuko lukete, eta landarez osatutako muino txikiak ere bai, desnibelak arintzeko. Hiri-baratzea mantendu eginen lukete, baina beste toki batean. Uretako jolasendako gune bat sortzea ere proposatu dute, eta horrez gain, haurrendako jolasak, bidezidorrak, terrazak, lasai egoteko tokiak eta gerizpean elkartzeko guneak ere egonen lirateke. Plazak plataforma bakar bat izanen luke, zoladura irisgarria, eta bizikletendako aparkalekuak jarriko lituzkete sarbideetan; Kondestablearen jauregiaren atzeko sarbidea lehenestea proposatu dute gainera.
Halaber, bizilagunendako zentro zibiko bat sortuko lukete Eslava kaleko sarbide berriaren ondoko eraikinean, beheko solairuan. Hamar hilabete beharko lirateke ‘Aquí convive un barrio’ proposamenean bildutako lanak egiteko, eta 1,1 milioi euroko aurrekontua beharko litzateke gutxi gorabehera.
Epaimahai teknikoaren bilerak
Anonimotasuna bermatuz aztertu zituzten lehiaketara aurkeztutako sei proposamenak: epaimahaiak ez zekien zer lantaldek idatzi zuen bakoitza. Urtarrilaren 23an osatu zuten epaimahaia, eta otsailaren 6an eta 14an ere bildu ziren. Dokumentu guztiak aztertu ondoren, otsailaren 6an hautatu zituzten finalera pasatu diren hiru proposamenak, eta joan den ostiralean zabaldu zituzten plikak proiektu bakoitza norena zen jakiteko.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2023 Agendako zinegotzi ordezkaria da epaimahaiburua, eta hauexek epaimahaikideak: Uxua Domblás Ibáñez Alor horretako zuzendaria, Maialen Ariz Sarasketa Proiektuetako eta Mugikortasuneko zuzendaria, Isabel Herrero de la Torre Iruña Biziberritzen (PCH-IB,SA) estudioko arkitektoa, eta María Urmeneta Fernández Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako delegazioko kidea; idazkari lanetan, berriz, Miren Anaut Izcok dihardu. Zenbait alderdi aztertzeko, Hiri Kontserbazioko, Berdeguneetako eta Hiri Ekologiako teknikarien laguntza izan dute.
Hainbat irizpide erabili dituzte aurkeztutako proposamenak ebaluatzeko, eta bakoitzak puntuazio jakin bat zuen ezarrita. Besteak beste, alderdi hauek hartu dituzte kontuan: arkitektura-proposamena, lehendik eginiko parte hartzeko prozesua aintzat hartu izana, ekonomiari dagokionez jasangarria ote den, ea Iruñeko Hiri Agendarekin bat datorren, argi eta modu didaktikoan idatzita dagoen edo ez, zer ekarpen egiten dion jasangarritasunari eta inklusioari, eta, azkenik, sormena eta berrikuntzari egiten dion ekarpena. Parte hartzeko prozesuaren bigarren fasea amaitu eta herritarren ekarpenekin proposamenak osatu ondoren, epaimahai teknikoak proposamen bat aukeratuko dute irabazle.