Santa Ana plaza berrurbanizatzeko hiru proposamenek gune horretako elementu historikoak eta ondare-elementuak mantendu dituzte

Santa Ana plaza berrurbanizatzeko hiru proposamenek gune horretako elementu historikoak eta ondare-elementuak mantendu dituzte
Hirigintza Gerentziak eta Batzordea plazan izan dira gaur, eta elementu horiek zer-nolako garrantzia duten jakin ahal izan dute: besteak beste, putzuak, odol-noria eta zutabe oktogonala ikusi dituzte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Santa Ana plazak aberastasun handia du bai ondareari dagokionez eta bai historiari dagokionez. Hiriaren erdigunean dago, eta ondorioz, arkeologiaren aldetik aukera asko eskaintzen ditu: ez alferrik, A mailako Eremu Arkeologiko izendatua du BBBPBak, eta hori aintzat hartu dute plaza berrurbanizatzeko ideien lehiaketan. Epaimahai teknikoak hautatu dituen hiru proposamenek bere horretan utzi dituzte dituzte gaur egun plazan dauden ondare-elementuak, eta balioa aitortu diete gainera: besteak beste, putzuak, odol-noria baten egitura eta harrizko zutabe oktogonal bat dira elementu horiek. 

Hirigintza Gerentzia eta Batzordea gaur goizean izan dira plazan, elementu horiek zehatz-mehatz aztertu eta plazaren testuinguru historikoaren berri jakiteko. Finalera iritsi diren proiektuak idatzi dituzten taldeen ordezkariak eta Trama arkeologia kabineteko kideak ere izan dira bisitan, eta azalpenak eman dituzte proposamen bakoitzean elementu horiei zer trataera eman dieten eta aurreikusi dituzten aukeretako bakoitzak elementu horiek kontserbatzeari zer garrantzi eman dion jakinarazteko. 

‘Pellejerías zokoko putzua’ deritzona garai bateko Pellejerías auzoan zegoen. 2019an, hustu eta garbitu egin zuten, eta haren inguruko dokumentazio-lanak egin zituzten. Oraindik ez dago garbi Erdi Aroan hiria hornitzen zuten putzu komunaletako bat ote zen edo garai batean Kale Nagusiko 8.ean zegoen etxeko lorategi erromantikoari lotuta zegoen. Inguru horretako ur-ustiapenerako sistemaren parte da putzu hori, eta sistema horren parte dira halaber plazatik hurbil dauden beste putzu batzuk eta odol-noria baten egitura.

Kale Nagusiko 12.eko eraikinetik hurbil, kalkarenita kareharrizko zutabe oktogonala dago oraindik ere: garai bateko galdategiaren pabiloiko hesian sartuta zegoen lehen. Ez dakite zutabearen jatorria zein den, baina, diotenez, baliteke Pellejerías auzoaren inguruan zeuden gazteluetako baten partea izatea.

Proposamen finalistak aurkeztu eta azaltzea 
Bihar, ostegunarekin, Santa Ana plaza berrurbanizatzeko prozesu parte-hartzailearen bigarren faseari ekinen diote: ideienlehiaketan finalera iritsi diren hiru proposamenak aurkeztuko dituzte. Basoa, El sitio de mi recreo (Nire atsedenerako tokia) eta Aquí convive un barrio (Hemen auzokideak bizi dira) proiektuak idatzi dituzten taldeek zehatz-mehatz azalduko dituzte beren proposamenak: herritar guztiei irekia izanen da saioa, eta 17:30ean eginen dute, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan. 

Gainera, erakusketa bat jarriko dute hiru proiektuak zehatz-mehatz azalduz: otsailaren 27tik martxoaren 13ra egonen da ikusgai, Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan. Hainbat panel jarriko dituzte plaza nola geratuko litzatekeen irudikatzeko: infografiak eta plaza berriaren alegiazko irudiak jarriko dituzte, eta proposamen bakoitzaren inguruko informazioa ere bai.    Zenbait kutxa jarriko dituzte proiektuak hobetzeko ekarpenak eta proposamenak biltzeko.

Halaber, martxoaren 13an lantegi parte-hartzaile bat eginen dute Kondestablen, proposamenak aztertzen jarraitu eta iradokizun gehiago biltzeko. Parte hartzeko prozesuaren bigarren fasea amaitzeko, txosten bat egin eta proiektuak idatzi dituzten taldeei bidaliko diete, behin betiko proiektua idaztean aintzat hartu ditzaten fase horretan eginiko ekarpenak. Hala, epaimahai teknikoak erabakiko du zer proposamenek irabazi duen lehiaketa, eta beraz, zer proiekturen arabera eraberrituko den plaza. 

Finalera iritsi diren hiru proposamenak
Jokiñe Crespo Garbisu da Basoa proposamenaren ordezkaria, eta proiektu horrek lortu du puntu gehien, 88: hiriaren erdigunean hiri-oasi natural bat sortzeko beharra oinarri hartuta garatu dute. Proiektu horretan, geometria da diseinuaren ardatza: jarduerak egiteko gune biribilak sortu nahi dituzte, eta zoladura drainatzailea jartzea proposatu dute; gainera, igarobideak eta berdegune naturalizatuak tartekatzea proposatu dute, plazak baratzeekin betetzen zuen funtzio hidrologikoa berreskuratu dezan. Zuhaitzak eta landaredia jarrita, auzoaren birika berdea bilakatuko litzateke. Domoa eta hiri-baratzea bere horretan mantenduko lituzkete, eta landarez osatutako anfiteatro bat sortuko lukete Kondestableren atzeko irteeran dagoen desnibela baliatuz. 

Carlos Iraburu Elizaldek ordezkatu du El sitio de mi recreo proposamena, eta 75 puntu eman dizkiote proiektuari. Egurrezko inguru iragazkor bat sortzea proposatu dute, eta pergola laukizuzen bat jarriko lukete horretarako. Ekialdean, Pellejerías zokoaren inguruan, berdegune bat jarriko lukete; mendebaldean, jolaserako eta bestelako jardueretarako gune bat sortzea proposatu dute, eta erdian, berriz, lasai egoteko eta bestelako kontuetarako eremua sortuko lukete. Erdiko pergola da diseinu honetan plazaren ardatza: egitura soil bat proposatu dute, egurrezko atari moduko bat, eremu bakoitzaren beharretara egokitua. Hala, erdigunea eremu librea litzateke, eta lehendik plazan zegoena errespetatuko lukete, hala nola zuhaitzak eta putzuak. 

David García Muñoz izan da Aquí convive un barrio proiektuaren ordezkaria, eta proiektuak 67 puntu lortu ditu: etxadiaren tamaina historikoa berreskuratzea proposatu dute, gaur egun dauden eraikin gehienak errespetatuz eta beste batzuk berrituz. Eraikin batzuk eraistea ere proposatu dute, eta hala plazarako beste sarbide bat sortuko litzateke, Eslava kalean. Plaza diafanoa izatea nahi dute, argia, lasai egoteko toki bat, landarez eta zuhaitzez inguratua; bertako espezieekin osatutako lorategi bat sortuko lukete, eta landarez osatutako muino txikiak ere bai, desnibelak arintzeko. Uretako jolasendako gune bat sortzea ere proposatu dute, eta horrez gain, haurrendako jolasak, bidezidorrak, terrazak, lasai egoteko tokiak eta gerizpean elkartzeko guneak ere egonen lirateke. 

¿Te ha sido útil esta página?