Sanferminetan Iruñeko Udalak Askatasun plazako eta Taconerako haurrendako aisia-guneak berreditatuko ditu, eta Media Luna parkeko kirol anitzeko eremua handituko du. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak haurrendako guneen kontratazioa onetsi du; bertan urtero 300.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen dira. 0 eta 12 urte bitarteko haurrek egunero izango dute hitzordu, goizez zein arratsaldez.
Aurtengo berritasun nagusia Kirol Ari, iaz Media Lunako lubanarroetan ireki zen kirol anitzeko gunea, handitzea izango da. Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Udalak programazioa berreditatu eta zabaldu du, izan ere, parte hartuko duten kirol-federazioak 18 izango dira, iazko 11ren aldean. Hona hemen aukerak: xakea, atletismoa, badmintona, eskubaloia, kirol egokituak, esgrima, futbola, gimnastika, golfa, hipika, padela, euskal pilota, piraguismoa, arraunketa, taekwondoa, arku-tiroa eta herri kirolak. Jolas-eremu nagusia Media Luna parkeko lubanarroetan izango bada ere, jarduera batzuk San Bartolome Gotorlekuan eta Jito Alai pilotalekuan (Labriteko atzealdean) izango dira. Gainera, piraguismoa Caparrosoren errota udal-instalazioan egingo da.
Jarduera guztiak doan, irekiak, anitzak eta integratzaileak izango dira, eta kolaboratzaileak diren kirol-federazioetako begiraleek ikuskatuko dituzte. 8 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta, Kirol Ari topagunea ere bada; bertan gazteak harremanetan izan ahal dira, elkar ezagutuz eta taldeak sortuz. Gunea irekia, plurala eta integratzailea da. Ordutegia hauxe izango da: 11:30 – 14:00 eta 18:00 – 20:30 (uztailaren 6an, soilik arratsaldez)
Kirol-jarduerak eta -modalitateak hainbat egunetan banatuko dira: xakea, uztailaren 6tik 9ra eta 11tik 14ra; atletismoa, 8an zein 10ean arratsaldez eta 11n zein 13an goizez; badmintona, 9an zein 11n; saskibaloia, 10etik 14ra; eskubaloia, 6tik 14ra; kirol egokituak, 11tik 14ra; esgrima, 6tik 8ra eta 10etik 14ra; futbola, 6tik 9ra; gimnastika, 7tik 10era eta 12tik 14ra; golfa, 6tik 10era eta 12tik 14ra; hipika, 8tik 11ra; padela, 8tik 12ra; euskal pilota, 8tik 12ra (Jito Alai pilotalekuan –Labriteko atzealdean–); piraguismoa, 6tik 14ra (jarduera-eremuan bertan aurretik izena eman behar da jarduera honetarako, salbuespenez); arraunketa,10ean zein 11n; taekwondoa, 7tik 14ra; arku-tiroa, 6tik 11ra eta 13an zein 14an; eta herri-kirolak, 10ean zein 12an.
Taconera – Vistabellan Birjolastu: gune berriak
Hirugarren urtez, Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa sozietate publikoaren bitartez, bat egin dute Taconera – Vistabella ingurunean haurrendako gunea sortzeko. Jolas-filosofia berbera mantenduta, proiektuak berrerabiltzearen garrantzia azpimarratzen du, ingurumen-jasangarritasunean aurrera egin nahi bada. Iaz Birjolastuz 60.000 lagunek oso ongi pasatu zuten.
Aurten, Birjolastu 11 gunez osatuko da, iaz baino bat gehiagoz, eta gauza ezberdin batzuez, hots, ekarpen berriez, horrela haurrak berriro erakarri nahian. Uztailaren 7tik 14ra goizez eta arratsaldez egongo da irekita, 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era; 6an arratsaldeko ordutegian bakarrik. Desegintzako bederatzi ate izango dira barruti bakoitzeko sarrera, eta beren orrietan guneetako edukiaren eta garapen jasangarriari lotutako aferen inguruko argibideak emango dituzte. Gainera, guneak birziklatutako gaiez apainduko dira, esekitokiak, totemak eta abar osatuta.
Aurtengo berritasunak, guneetako edukiez bezainbatean, honako hauek dira: Birzikleta, bizikletaz sortutako jolasak eta asmakariak, trebezia eta oreka probatzeko; eta Ipuin-agertokia, egunero ipuin-programazio sendoa edukiko duena, Liburu-balearekin. Mantentzen diren guneak, aldiz, honakoak: Gurpil artean bueltaka, gurpilekin jolasteko; Zirko-mirko, oreka egiteko barrak, trikimakoak, malabareak eta erronkak eskaintzen dituena; Berreraikuntza, potoez eta plastikozko ontziez zernahi eraikitzeko; Mirarien sukaldea, jolas sinbolikoa; Nini-txoko: Soto txikia, haur txikienendakoa; Ontziralekua, parkeko iturrian hondakin-materialekin egindako ontziekin jolasteko; Animaliatxoak, horien gainera igotzeko moduko animalia erraldoiak, poliesterrez eginak; Liburu-balea, balea bihurtutako itsas edukiontzia, barruan ipuinak zein komikiak trukatzeko eta kanpoan ipuinak kontatzeko; Arte naturala, lorategiak diseinatu eta sortzeko, bertan jolasteko eta horrela Birjolastu ingurunea, Taconerako lorategi historikoa, aintzat hartu eta horretan arreta jartzeko.
Hauek festak, hauek!, Askatasun plazan
Iaz 130.000 lagun igaro ziren Askatasun plazatik, Hauek festak, hauek! bizitzeko. Datozen sanferminetarako eremuan mantentzen da jolaserako eta aisialdirako gunearen ideia, 17 urtetik beherakoek ongi pasatzeko. Parkeak hiru jolas-gune ditu, jarduera-gai zein adin-tarte ezberdinetarako: aurreko aldea, urmaelaren bi albotan egituratuta, monumentuaren eremua eta monumentuaren atzeko aldea. Jarduera guztiak doan izango dira. Hauek festak, hauek! eremua uztailaren 6ko arratsaldetik 14ko arratsaldera egongo da irekita, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Adin guztietarako bederatzi jolas-gune egongo dira, eta edoskitze-gunea zein atsedenerakoa. La Caixa, Eroski, Lacturale eta Tren de Larrun izango dira eremuaren babesle zuzenak; eta Diario de Navarra eta Radio Popular COPE, zeharkako babesleak.
Plazan ez dira ohiko atrakzioak faltako: gai askotariko puzgarriak, bola-igerilekua, haurrendako rokodromoa, erraztatzailea, mini-golfa, ping-pongeko mahaiak, futbol-ate zuloduna, goming-gunea, trenbide-trena, txalupa-igerilekua, kermeza eta jolas-gune markagailudunak eta beste asko. Halaber, beste jarduera batzuk programatu dira, hala nola: entzierroak, egunean bitan, Karlos III.aren etorbidearen amaierako tartean; eta tren turistikoa, Karlos III.aren etorbideko oinezkoen gunean ere izango dena.