Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean egin du lehen bilera, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrean: sanferminetan goizetan bildu ohi da batzordea, informazioa trukatu eta erabakiak hartzeko. Gaurko bileran Joseba Asiron Saez alkatea izan da mahaiburu, eta beste hogeita lau bat lagun bildu dira, denak ere jaietan segurtasunaren eta babes zibilaren arloan ardura edo eginkizunen bat dutenak. Batzordean nork bere zerbitzuaren bozeramaile arituko direnek elkar ezagutzeko baliatu dute jaien aurretiko bilera hori, bai Udalekoek eta bai kanpokoek: beste eremu batzuetan aritzen diren poliziak, DYAko kideak, Gurutze Gorrikoak, suhiltzaileak, Iruñerriko Mankomunitateko kideak, Erruki Etxekoak, etab.
Urtero plan orokor bat prestatzen da sanferminetarako, eta 2025ekoan ezarri dutenez, uztailaren 6tik 14ra areagotu eginen dute arratsaldeko eta gaueko zaintza; txandak beste modu batean banatu eta indartuko dituzte horretarako. Udalaren asmoa da ahal dela behintzat langileek borondatez aldatzea txandak, etaegun bakoitzerako aurreikusitako langileek dagoeneko badute horren berri. 156 polizia arituko dira lanean orotara: inspektoreordeak, agente lehenak, eta Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko, Prebentzioko eta Jasangarritasuneko taldeetako agenteak.
Ekainaren 20an, ostiralarekin, goizean, azken proba eginen dute larrialdi-botoiaren sistema martxan jarri aurretik Iruñerriko Hiri Garraioko autobusetan.
Villavesetako gorabeherak monitorizatzea
Iragarri dutenez, aurten Pamplona Alert sistema jarriko dute villavesetan. Larrialdietarako sistema hori Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroarekin konektatuta dago, Krisi Aretoarekin zehazki, eta hor, aginte postu bat ezartzen dute jaietako ekitaldietako segurtasuna koordinatzeko. Larrialdietarako sistema horren bidez, gidariak harreman zuzena du Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroarekin, ibilgailuak unean-unean geolokalizatzeko tresna baten bidez, eta orain villavesetan jarriko duten botoia sistema hori ezartzeko bigarren fasea da. Baina Iruñerriko Hiri Garraioko autobusetan, geolokalizazioaz gain, Udaltzaingoak modua dauka zer gertatzen ari den zuzenean ikusteko, barruan kamerak baitituzte. Hala, aginte-postu aurreratuan dagoenak behar adina patruila bidaltzen ahalko ditu gertakariari erantzuteko autobusa dagoen tokiraino, eta beraz, larrialdietan, azkar esku hartzen ahalko dute.
Sistema ez da mugikorreko IOS edo Android aplikazioaren bidez aktibatzen, mankomunitatearen komunikazio-sistema propio baten bidez baizik: autobusa geolokalizatu eta zer linea den antzematen du. Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorra modu aktiboan aritu da sistema hori garatu eta ezartzeko lanetan Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroko arduradunekin, Iruñerriko Mankomunitateko eta Iruñerriko Hiri Garraioko arduradunekin, TCC garraio-enpresako kideekin eta GOIL eta ANIMSA informatika-enpresako langileekin batera. Iruñeko udal-mugartetik kanpo eskatzen badiote laguntza, Udaltzaingoaren patruilak autoa geldiaraziko du, baina beste polizia-erakunde batzuekin koordinatuko da esku hartzeko.
Sanferminetan egunero bilduko dira
Babes Zibileko Tokiko Batzordea goizero bilduko da uztailaren 8tik 14ra bitarte, 11:00etan, jaien eguneroko bilakaera xehe aztertzeko. Hainbat arlotako langileek hartzen dute parte batzar horretan: hainbat udal-alorretako zuzendariek (Segurtasunekoek, Berdintasunekoek, Hiri Kontserbaziokoek etab.), segurtasun-indarren hainbat ordezkarik, gizarte-zerbitzuetako langileek, osasun-arduradunek, babes zibilekoek, hiri-garraioko arduradunek... Orotara 25 lagun izanen dira. Hilaren 7an ez dute batzarraren ohiko bilera eginen alkatea mahaiburu dela prozesioa eta zortziurrena direla-eta, baina bilera txikiagoak eginen dituzte alorretako arduradunekin koordinatu eta jaien jarraipena egiteko.
2025eko sanferminetarako plan orokorraren helburua da jaiak normaltasunez ospatzea, arriskuak ahal bezainbeste murriztuz; izan ere, jende eta ibilgailu asko ibili ohi da egun horietan, eta zenbait ekitalditan ere arriskuak egon ohi dira, diren bezalakoak direlako. Zenbait lehentasun ezarri dituzte planean: arriskuei aurrea hartuz segurtasuna bermatzea; ibilgailuen eta jendearen joan-etorriak ahalik eta arinen egiten direla ziurtatzea; larrialdi posibleak aurreikusteko laguntza teknikoa ematea; osasun-arreta eraginkorra eskaintzea sorospen-postuen, anbulantzien eta larrialdi-zerbitzuen bidez, eta ahalik eta bizkorren itzultzea normaltasunera bai jaiek iraun bitartean eta bai amaitu ondoren ere.
BABES ZIBILEKO TOKIKO BATZORDEA
Babes Zibileko Batzorde Iraunkorrak parte hartzen du
Alkatea lehendakari lanetan
Herritarren Segurtasunaren arloan eskumena duen zinegotzi ordezkaria
Herritarren Segurtasunaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Osasunaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Hiri Kontserbazioaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Kulturaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Berdintasunaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Komunikazioaren arloan eskumena duen alorreko zuzendaria
Iruñeko Udaltzainburua
Idazkaria: Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
Berariaz batzordera deitutako beste alor batzuetako zuzendariak edo teknikariak
Hauek ere parte hartzen dute:
Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendari Nagusia
Nafarroako Gobernuko Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendaria
Suhiltzaileen zerbitzuko zuzendaria
Gurutze Gorriaren ordezkari bat
DYAren ordezkari bat
Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkari bat Hondakinen bilketakoa
Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkari bat Garraio publikokoa
Osasunbidearen ordezkari bat Ospitaleetako larrialdietakoa
Osasunbidearen ordezkari bat Ospitalez kanpoko larrialdietakoa
Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Babes Zibileko ordezkari bat
Foruzaingoko burua
Polizia Nazionalaren Buruzagitza Nagusia
Guardia Zibilaren koronela
Erruki Etxearen ordezkari bat
Garbiketa-zerbitzuak, hondakinen bilketa eta garraioa kudeatzen dituzten enpresen ordezkariek ere parte hartzen ahalko dute.
Bai eta beste batzuek ere, duten eginkizunagatik edo ezagutzagatik beharrezko ikusten bada; halakoetan, berariaz deituko dituzte bilerara.