Iruñeko Udalak aparkatze arautuko eremua berrantolatuko du berriz ere sanferminetan, eta hiriko zatirik handiena eremu laranja bihurtuko du. Tokiko Gobernu Batzarrak Aparkatze mugatuko eremuak arautzen dituen ordenantza aldatzea onetsi du, eta aldaketa hori uztailaren 5etik 14ra egonen da indarrean. Funtsean, hauxe da aldatzen dena: aparkatzeko eremu laranja, urdin, berde eta gorri gehienak eremu laranja bihurtuko dira, eta beharrezkoa izanen da dagokion txartela edukitzea sanferminetako egun guztietan, bai jaiegunetan bai lanegunetan. Eremu laranja eguneko 24 orduetan zehar egonen da erabilgarri.
Aldaketak sektore guztiei eragiten die, salbu eta 1. sektoreari (Alde Zaharra barne hartzen du), 2. sektoreko zati bati (Zabalgunea barne hartzen du) eta hiriko gune jakin batzuei. Salbuespenen artean, batetik, Kaiko kaleko (9. sektorea - Sanduzelai) aparkaleku-poltsa dago, gainerako urtean duen arautzea bere horretan mantenduko baitu, eta bestetik, tren-geltokiko aparkatzeko gunea: eremu gorria izanen da, eta nahitaezkoa izanen da txartela edukitzea. Horrez gain, hiltegiaren parean gaitutako aparkalekua ere salbuespenetako bat da: doakoa izanen da lehen orduan, eta gainerako orduetan eremu laranja.
Alde Zaharrak dituen berezitasunak ere jasota daude Aparkatze mugatuko eremuak arautzen dituen ordenantzaren aldaketan. Sanferminetan aparkaleku-plazak kenduko direnez, Udalak beste aukera batzuk eskainiko dizkie 1. sektorean aparkatzeko bizilagun-txartela duten auzokideei. Zehatz-mehatz, 2. sektoreko (Zabalgunea) aparkaleku-plazetako batzuetan aparkatzen ahalko dute. Aparkatze aldera gaitutako gune hori etorbide eta gune hauek zedarritzen dute: Nafarroa, Oliveto Kondearen, Armada eta Pio XII.aren etorbideek eta 1. Sektorearekiko mugak. Eremu hori esklusiboki erreserbaturik egonen da bizilagun-txartela duten eta 1. eta 2. sektorean bizi diren auzotarrei. Halaber, Larraina elkartearen ondoko eremuan 1., 2. eta 6. (Donibane) sektoreko bizilagunek soilik aparkatzen ahalko dute. Era berean, Eskortetako aparkalekuan 1. sektoreko (Alde Zaharra) eta 8. sektoreko (Arrotxapea) bizilagunek baino ezin izanen dute aparkatu.
Domingotarren kiroldegiko pistan 1. sektoreko bizilagunek aparkatuko dute
Iaz bezala, Santo Tomás - Domingotarren ikastetxeko kiroldegiko pista gaitzea onetsi du Udalak, 1. sektoreko bizilagunek bertan aparkatu dezaten. Ekainaren 24tik aurrera, hilabete oso batez aparkatzen ahalko da bertan, uztailaren 24ra arte. Udalak eta Domingotarren hezkuntza Pribatuko Fundazioak 2011n sinatutako hitzarmenak lurzatiaren erabilera pribatiboa ezartzen du, eta hari esker erabiltzen ahal da gune hori behin-behineko aparkaleku gisa. Hitzarmenak ezarri moduan, Arga Ibaiaren kaleko lurzatiaren zati bat ibilgailuak aparkatzeko baliatu daiteke, edo, bestela, udalak egoki jotzen dituen beste erabilera batzuetarako. Hain zuzen ere, xede horrekin erabili ziren iazko sanferminetan, eta aurten ere udalak beharrezkotzat jotzen du eremu hori 1. sektoreko bizilagunek aparkatzeko gaitzea, Alde Zaharrean aparkatzeko plazak murriztu egiten baitira sanferminetan.
Eremu hori kenduta, uztailaren 15etik aurrera, aparkaldi mugatuko eta murriztuko eremuek eta hiriko sektoreek betiko moduan funtzionatuko dute: ohiko baldintzak, koloreak eta tarifak izanen dituzte berriro.