Sanferminetako Txistularien Alardearen 60. urteurrena da, antzerki erako ikuskizun musikalaz, San Jose plazatxoan, asteartean

Sanferminetako Txistularien Alardearen 60. urteurrena da, antzerki erako ikuskizun musikalaz, San Jose plazatxoan, asteartean
Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra, 13:00etan; bertan txistu eta Alardearen inguruan hausnartuko da, musikaz eta umorez

Sanferminetako programako ekitaldirik antzinakoenetariko bat da eta aurten 60 urte betetzen ditu. Asteartean, Sanferminetako Txistularien Alardeak sei hamarkada beteko ditu musikan, txistua bezalako musika-tresna bat aintzatetsiz. 13:00etatik aurrera, San Jose plazatxoan, antzerki erako ikuskizun musikala taularatuko da, Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra izenburupean, txistuari eta urte hauetan zehar haren musika jo dutenei buruz, umorez, gogoeta egiteko asmoarekin.

Sanferminetako Alardearen 60. edizioa izango da eta atzera begiratu nahidu, ibilitako bidea ikusi, baina begirada etorkizunetik kendu gabe, hori izan baita txistularien mugimenduaren araua denbora honetan guztian zehar. Kontuan hartuta musika-tresnak alderdi zeremoniatsu oso nabaria duela, aurten ospakizun serioegi bat egitea saihestu nahi izan da, eta horregatik, urteurrena umorez ospatzea erabaki da. Horretarako distopia dibertigarri bat eszenaratuko da, zeinaren bidez gogoeta egin nahi baita txistulari-izaerari buruz eta beren buruez barre egiteko gaitasunari buruz, 3 zulotan, 3tan hogei lelopean, ekitaldi honetarako egindako karteletan islatzen den bezala.

Ikuskizunaren testuingurua 2079. urtea da. 60 urte lehenago ospatu zen alardea, hots, 2019koa, mugarri bat izan zen; txistua mundu mailan ospe handia duen musika-tresna bat da, eta hori guztia Fermin protagonistak duela sei hamarkada alarde horretan izan zuen jokamoldeari zor zaio. Baina, zer gertatu zen benetan uztailaren 9 hartan? Ikuskizun horren sekretuak musikaz, umorez, istorioz eta legendaz argituko dira bihar, asteartean, 13:00etatik aurrera. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Nafarroako taldeak, ekitaldiaren antolatzaileak, omenaldia egingo die gainera Jesús Raúl Lavín, Pepe Elizalde eta Jose Luis Ansorenari, txistuaren munduari eta, zehazki, Alardeari egindako ekarpenagatik.

2013. urteaz geroztik sanferminetako Txistularien Alardea sormenezko forma berrietara zabaldu da, oraindik ere txistua protagonista den ikuskizunen bidez, baina lan ildo berriekin, teatralagoak eta parte-hartzaileagoak, irudi eta ikonografia modernoago batekin. Aurtengo edizio berezia Alardearen sei hamarkada horien islada izango da. Joaquín Iruretagoyena eta Luis Urteaga konpositoreen lan klasikoak entzun ahal izango dira, besteak beste; baita lan eta moldaketa berriak ere, Karlos Sánchez Ekizak, Eneko Azparrenek, Urtzi Iraizozek, Fermín Goñik, Jokin Zabalzak, Phil Cunningham-ek edo Xabier Aburruzagak eginak. Aitor Urquiza da Alardeko musika zuzendaria, eta Andrés Lopetegi, eszena-zuzendaria eta gidoilaria.