Sanferminetako Txistularien Alardeak bihar Sarasate pasealekuan aurkeztuko du Nafarroako historia eta kondairei buruzko lan bat haren ibaien bidez

Sanferminetako Txistularien Alardeak bihar Sarasate pasealekuan aurkeztuko du Nafarroako historia eta kondairei buruzko lan bat haren ibaien bidez
'Ibaiak | Ríos’ arte eszenikoen ikuskizun elebidun bat da, eta 75 bat minutu irauten du
Alarde de txistularis

 

Sanferminetako Txistularien Alardea sanferminetako programaren ekitaldirik zaharrenetako bat da. Bihar, uztailaren 10ean (igandea), Sarasate pasealekuan hirurogeita hiru urte betetzen dituen txistua aintzatesteko ekitaldi hori eginen da; Nafarroako ibaiei eskainiko zaie, horiek baitira Euskal Herriko Txistulari Elkartea - Nafarroak antolatutako ikuskizun horren ardatz nagusia. Kontzertuan txistulariek Nafarroako historiari buruzko alderdi batzuk, haren ohiturak eta kondairak kontatu nahi dituzte, modu oso berezian eta ur-gezako ibilguen bidez.

2013. urteaz geroztik sanferminetako Txistularien Alardea sormenezko forma berrietara zabaldu da, oraindik ere txistua protagonista den ikuskizunen bidez, baina lan ildo berriekin, teatralagoak eta parte-hartzaileagoak, irudi eta ikonografia modernoago batekin. Horixe da, hain zuzen ere, 'Ibaiak | Ríos’ lanaren kasua, arte eszenikoen ikuskizun elebidun batez osatua baitago. Bertan, 75 bat minutuz, hogeita hamar bat musikarik –horietatik 19 txistulariak– musika koralak eta errezitatutako interpretazioak lagunduta, ikusleen parte-hartzea bilatuko dute.

Txistulariek instrumentuak honako zortzi ibai hauen zerbitzura jarriko dituzte: Esca, Irati, Bidasoa, Urederra, Arga, Arakil, Ega eta Ebro. Eta horiek Íñigo Casalí, Joaquín Lecumberri, Juan Cazcarra, Anne Pérez de Azpeitia, Xabier Zabalza, Urtzi Iraizoz, Teresa Catalán eta José Ramón García konpositoreek partituretan irudikatu dituzte. Guztien artean Nafarroako mapa marraztuko dute modu “ezhoikoan”, iruditeria herrikoian dagoenarekin alderatuta. 'Ríos | Ibaiak' Patxi Rodríguezek zuzendu eta koordinatu du, musika zuzendaria Aitor Urquiza da, eszena-zuzendaria Pablo Ramos eta gidoia Bakarne Atxukarrorena da.

Sanfermin hauetan Sarasate pasealekuko agertokia jotak eta dantzak maite dituzten pertsonendako erreferentzia izaten ari da, 12:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren, eta, horrez gain, aurten, uztailaren 10ean, goizean, Txistularien Alarde tradizionala izanen da, eta arratsaldean, ‘Alpistegia’, haurrendako diseinatutako bertso-antzerkiko ikuskizuna. Guztira, festa hauetan, hamasei kultur proposamen programatu dira bertan, goizez eta arratsaldez.
 

¿Te ha sido útil esta página?