Hamabietan puntu-puntuan egin du eztanda Txupinazo Txikiaren suziriak Udaletxe plazan. Gari Arregui, Ane Loizate eta Ivanna Jiménezen eskuek ilusio handiz sakatu dute metxa pizten zuen etengailua. Udaletxe plazako balkoitik jaurti dute, suziriaren zain urduri zeuden haur, guraso eta aiton-amon gogotsuz betetako plazaren aurrean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta. Hala, lehen Txupinazo Txikia ospatu da Iruñean, eta gaurkoan Buztintxuri HLHIPko 4. A gelako ikasleak izan dira protagonista.
Suziria bota eta poza lehertu da; atzean gelditu da ikasleak epeltzen saiatu diren urduritasunak, joan den ekainaren 5ean jakinarazi zitzaienean uztailaren 10eko suziria jaurtitzeko ardura izanen zutela, festetako Haurren Eguneko ekitaldien barruan. Balkoira hiru ikasle irten dira, beren gela guztiaren izenean. Iruñeko Alkateak, Joseba Asiron Sáezek lagundu die, eta ohiko esaldiak esan dituzte: ‘Iruindarrak, pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Gora San Fermín!’, eta jarraian suziria aktibatu duen etengailua sakatu dute. Ez zegoen surik, legeak debekatzen baitu adin txikikoek suak maneiatzea, baina suziririk ez da falta izan, era sinkronizatuan irten baita Udaletxeko goiko partetik, ezta eztandarik, eta bota dutenen, lagunen eta plaza osoaren pozik ere.
Gari Arregui, Ane Loizate eta Ivanna Jiménezek begiradak guztiak jasotzen zituzten bitartean, beren gelakideek Harrera-aretoko balkoian bizi izan dute jaurtiketa, eta goitik ikusi dute Txupinazo Txikiaren zain eta ondoren nola egin duen plazak dardara. Alaitasunak kutsatuta, txikienendako pentsatu eta txikienak protagonista dituen suziria ikusi ahal izan dute.
Haurren ikuspegitik pentsatu da dena, eta saiatu da, ahalik eta fidelen saiatu ere, hilaren 6ko Txupinazoa errepikatzen. Horregatik, ez da falta izan eguerdia iragartzen duen turutarik eta atabalik, baina oraingoan musikariak haurrak izan dira. Ez da keinu bakarra izan. Txupinazo Txikiaren ondoren Udaletxeko ateak ireki dira gaitari txikiei Kale Nagusirako bidea emateko, kiliki eta buruhandiek lagunduta.
Ordurako plaza beteta zegoen. Goizeko atsedena bertan egiteko probestu duten Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaz gain, peñakide txikiek txarangekin bete dute plaza, eta dantzari txikiek ere parte hartu dute. Konpartsak plazan dantzatu du eta ondoren ibilbidearekin jarraitu dute, peñak eta txarangak hiriko kaleetan sakabanatzen ziren bitartean.
Haurren eguna
Txupinazo Txikia Haurren Egunean txertatu da, hiriko haurrei protagonismo handiagoa emateko. Txupinazoa jaurti dutenak hezkuntza-proiektu txiki baten bidez hautatu dira, eta horretarako Iruñeko ikastetxe guztietako 4. eta 5. mailako ikasle guztiak gonbidatu dituzte. Ikastetxea eta ikasgela zozketaz hautatu ziren, baita gelako hiru ordezkariak ere.
Txupinazo Txikiarekin batera, sanferminetako programan txikienendako jarduerak daude egunero, hala nola Hauek Festak Hauek gunea, Askatasun plazan, Birjolastu, Takoneran eta Kirolari-Sportkids, Media Luna parkean. Halaber, gaur ohiko lore eskaintza egin zaio santuari Aduanako zokoan, eta suziriaren ondoren txikiak protagonista izan dituzten herri-kirolak: kimu, haur eta kadeteendako probak, hain zuzen ere; eta haurren dantza-jaialdia Gazteluko plazan, Amaiur, Ardantzeta, Eluntze, Lakarri, Muthiko, Virgen del Puy eta San Andrés taldeen parte-hartzearekin.