
Sanferminen erdialdean, datu estatistikoek jai egun hauen nondik norako txiki bat egiteko balio dute, eta informazio garrantzitsua ematen dute Iruñerriko garraioaren, garbitasunaren, aurkeztutako salaketen eta galdutako gauzen inguruan, hiriaren egora zehazte aldera. Hasteko, Iruñerriko Hiri Garraioa bidaiari gehiagok erabili du nabarmen, 2025eko lehen lau egunekin alderatuta. Orduko hartan erabiltzaileak 740.448 izan ziren, aurten berriz 945.884, eta horrek % 27,74 igo dela esan nahi du. Egia da iazko sanferminetan villavesek greba egin zutela eta hala, zerbitzua, autobus kopurua eta ordutegiak baldintzatu. 2026ko datuak aurreko urteetan erregistratutakoen antzekoak dira: egunean 200.000 erabiltzaile baino gehiago.
Aurtengo uztailaren 6an, esaterako, eta 2015eko datuekin alderatuta, Iruñerriko garraio zerbitzuan erabiltzaileen bigarren kopururik handiena (260.231) erregistratu da; 2024an 274.655 izan ziren. Villavesen jarduera handieneko eguna izan zen. Aurtengo gainerako egunetako kopuruak hilaren 9ko (osteguna) 222.866 eta 7ko 222.866 izan dira.
Ez da hori sanferminetan jende gehiago gozatzen ari dela egiaztatzen duen datu bakarra. Beste kopuru batzuk ere badaude, zaborren bilketa, esaterako. Beirak ditu kopururik handienak, 306.520 kilo jaso baitira lehen lau egunetan, 2025ean baino % 19 gehiago. Aitzitik, 153.780 kilo zabor bildu da eta datuetan zertxobait jaitsi da: % 3,15; Udalak indartutako garbiketa lanetan 115.000 kilo jaso dira, 2025eko egun beretan baino 8,48 % gutxiago.
Udalak antolatutako ekitaldietara joaten diren ikusleei dagokienez, su-artifizialek izaten dute gehien, egunero 50.000 lagun, eta ondoren Gazteluko plazako kontzertuak, Boney M, Koma eta Brigade Locoren emanaldietara 15.000 lagun joan baitziren. Hor bertan egin diren gainerako kontzertuetara 8.000 lagun inguru hurbildu dira. Halaber, Odd Signals, CCDISCO eta Celia Carrera djek Compañía plazan egin zuten emanaldia eta 10.000 lagun erakarri zituzten; eta Foruen plazako kontzertuek 7.000 parte-hartzaile izan dituzte egunero.
Etxeko txikienei bideratutako jardueren artean dago Hauek Festak Hauek!, Askatasun plazan, eta 63.084 txiki erakarri dituzte dagoeneko puzgarri eta jolasekin gozatzeko. Egunero 15.000 haur inguru joaten dira gune horretara. Bestalde, Media Luna parkeko Kirolari SportKids gunetik 10.600 haur baino gehiago igaro dira, eta ostegunean, ostera, joan dira gaztetxo gehienak, 4.000 parte-hartzaile baino gehiago kirol federazioekin elkarlanean antolatutako jardueretara.
Poliziaren eraginkortasuna: salaketa gutxiago, baina atxiloketa gehiago
Jende oldea dabilen arren, eta da salaketa gehiago egin. Alderantzira. Izan ere, egun hauetan ebasketagatik egin ohi ziren salaketak % 46 jaitsi dira jaietako lehen lau egunetan, 2025eko egun tarte berarekin alderatuta: 530etik 286ra. Gaur arte, 25 atxilotu dituzte arrazoi horrengatik.
Datu horiekin alderatuta, indarra erabiliz egindako lapurretak zertxobait igo dira, iaz 10 eta aurten 13 izan baitira, eta gehiago igo dira indarkeria erabiliz egindako lapurretak, iaz 2 eta aurten 17. Kalteak eragiteagatik egindako salaketak 3tik 16ra igaro dira, nahiz eta kopuru absolutuetan gehienak ebasketak izan. Horregatik, salaketen kontaketa orokorrean ebasketen kopurua jaitsi izanak salaketa kopuru orokorra ere jaistea ekarri du: 2025ean 708, aurten 547. Hala ere, atxilotu kopurua handiagoa da, 2025ean 97, aurten 109.
Eraso sexistak direla eta egindako salaketen % 90ean atxiloketak gertatzen dira
Eraso sexistei dagokienez, uztailaren 9ko goizeko seietatik hilaren 10eko goiza arte eraso sexualak direla eta hiru salaketa egin dira ukituengatik, eta bi lagun bat atxilotu dituzte. Era berean, Mugimendu Feministak beste bi gertaeren berri eman du: sexu izaerako ahozko jazarpenagatik bat, eta ukituengatik bestea; ez da ez bata eta ez bestea poliziaren aurrean salatu.
Sanferminetako lehen lau egunetan 8 salaketa egin dira orotara, ukituengatik eta eraso-saiakeragatik bat, eta zortzi lagun atxilotu dira. Datu horrek erakusten du salatu diren kasuen % 90ean ustezko erasotzailea atxilotu dela. Era berean, eta salaketa polizialik gabe, ukituengatik beste hiru kasu eman dira, eta beste hiru salaketa ahozko izaerako jazarpen sexualagatik, eta bat exhibizionismoagatik.
Arintzen ez den beroa
Gaur goizeko menia gora behera, hurrengo egunetan tenperatura altuak espero dira eta beraz, Iruñeko Udalak beroari aurre hartze aldera proposatutako dispositiboek jarraituko dute. Aurreko egunetan bezala, beroaren eragin handienaren peko jarduerak itxita egonen dira 12:00 eta 19:00 artean: Kirolari Sports Kids, Media Lunan, eta Hauek Festak Hauek! Askatasun plazan; haurrendako eta gazteendako gainerako jarduerak normaltasunez egiten ari dira bi eremu horietan. Bestalde, Herri Kirolak ordubete aurreratu eta 11:00etan eginen dira. Era berean, gune sentikorrak zaintzen dira, hala nola Ziudadelako harresi-eremuko lubanarroak, eta segurtasuneko guneak ureztatu egiten dira, su-artifizial bildumak erretzean suteak sortzea saihesteko.
Herritarrei gomendatzen zaie, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) jarraibideei men eginez, eguzkiarengandik era egokian babesteko eta itzaleko toki freskoak bilatzeko, baita hidratatzeko eta alkoholdun edari gutxi edateko ere.