Sanferminetako kartel-lehiaketako oinarrietan, amaierako artea edo formatu digitalean behin betiko artelana aurkeztea hartu du barne Udalak, epaimahaiak balorazioa egin dezan

Sanferminetako kartel-lehiaketako oinarrietan, amaierako artea edo formatu digitalean behin betiko artelana aurkeztea hartu du barne Udalak, epaimahaiak balorazioa egin dezan
Aurkezteko epea martxoaren 20an amaituko da; epaimahaiak apirilaren 5ean hautatuko ditu 20 artelan, ondoren euskarri zurrunean aurkeztu beharrekoak

Aurten ere Iruñeko Udalak Sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketarako deia egin du. Aurtengo berritasun nagusia parte-hartzaileek, jpg formatuan, amaierako artea edo behin betiko artelana eta ez zirriborro bat, azken edizioan bezala. Lanak aurkezteko epea martxoaren 20an amaituko da, asteazkenarekin, 14:00etan.

Iaz Udalak kartela hautatzeko mekanika aldatu zuen. Artelana euskarri fisikoan aurkeztea jada ez da beharrezkoa, baizik eta, lehen fasean, amaierako artea edo jpg formatuan kartelaren argazkia, eta, aukeran, lanaren kontzeptu teorikoaren agiria ere bai. Ondoren, epaimahai tekniko batek hautatuko ditu 20 artelan, eta horiek izango dira beste balorazio baterako euskarri zurrunean aurkeztu beharrekoak. Gero, epaimahaia berriro bilduko da, eta 8 finalista hautatuko ditu; behin betiko kartela hautatzeko prozesuari emango zaio hasiera herritarren partaidetzaren bidez. Herri-bozketaz, Iruñean erroldatuek parte hartu ahalko dute.

Lehiaketan parte-hartzea librea da, aurreko edizioetako lan finalistak aurkeztu ezin izango badira ere. Egileek bakarrik kartel bana aurkeztu ahalko dute, jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa. Kartel irabazlearen egilearendako saria 3.600 euroan mantentzen da. Iaz lehiaketan 332 kartel aurkeztu ziren, Iruñetik % 43,37 eta Nafarroatik oro har % 63,25 bidali zirela.

Kontzeptuaren garapen teorikoa eta lanaren amaierako artea
Lehiaketako parte-hartzaileek honakoa aurkeztu beharko dute: alde batetik, aukeran, kartelaren osagaien (osaera, koloreak, tipografia, ikurrak...) eta kontzeptuaren garapen teorikoa, gehienez bi DIN A4 orritan, word formatuan; eta, bestetik, derrigorrean, behin betiko kartelaren argazki bat edo amaierako artea, 1000 mm x 700 mm neurriko JPG formatuan, “Pamplona/ Iruña San Fermín 2019 6 al 14 de julio / Uztailaren 6tik 14ra” idatzita. Horietan ez da egilearen sinadurarik ez hura ezagutzeko moduko daturik jarriko; goiburuari baino ez zaio erreferentzia egingo. Biltegiratzeko USB gailu batean aurkeztu beharko da, eta bi fitxategiak karpeta batean egongo dira (kontzeptuaren garapen teorikoa word formatuan eta amaierako artea jpg formatuan kartelaren goiburuarekin identifikatuta).

USBarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, kanpoko aldean kartelaren goiburu bera idatzita eramango duena. Barruko aldean, honako hauek joango dira: egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, NANaren fotokopia, egilearen curriculum profesional labur bat eta egileak sinatutako aitorpena –non adierazi beharko baitu aurkezten duen obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela–. Lehiaketa egiten den bitartean ezin izango da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.

Aipatutako guztia Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Alorrean (Descalzos k. 72, 2. solairua. 31001 Iruña –Nafarroa–. Telefonoa: 948 420 960) aurkeztu beharko da. Halaber, beste edozein bide erabili ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aurreikusten dituenen artean.

20 artelanen hautaketa
Apirilaren 5ean, ostiralarekin, epaimahaiaren lehen bilera izango da, eta 20 kartel aurrefinalistak hautatuko ditu. Pliken zenbakiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko dira, aurre-hautatu diren kartelak beharrezko formatuan burutu eta entregatzeko argibideekin batera. Euskarri zurrunean burututako kartelak aurkezteko epea apirilaren 12an amaituko da. Iruñeko Udalak bere gain hartuko du 20 kartel horien ekoizpen-kostua, gehienez ere 100 euro ordainduta kartel bakoitzeko, eta kopuru hori lehiaketa ebatzi eta gero ordainduko du.

Epaimahaia Aste Santua baino lehen bilduko da berriro jada zortzi kartel finalistak hautatzeko. Horrezkero, herritarrek parte hartzeko epea irekiko da, gutxienez hamar egunekoa, banakako bozketaz eta horretarako prestatutako bideen bitartez. Epaimahaiburua Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendaria izango da, eta gainontzeko epaimahaikideak diseinu, komunikazio, edo arte plastikoen esparruko bost profesional izango dira, baita Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria ere.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?