
Aurten ez da sanferminik egonen, baina Iruñeko Udalak ekimen birtualak abiaraziko ditu, modu sinbolikoan eta partaidetzari zabalik, hiriarendako hain garrantzitsuak diren egun horiek gogoan izateko eta #BizikoDitugu-la gogoratzeko. Ekimen horietako lehenengoan jada 600 lagunek parte hartu dute, sanferminetako argazkirik berezienak losviviremos.pamplona.es-ra bidaliz. Heldu den ekainaren 21era arte jasotzen diren guztiak “oso berezia” izanen den zerbaiten parte izanen dira, uztailaren 6tik 14ra.
Ekimen horren helburua bikoitza da. Alde batetik, berriz ere gogorarazi nahi da aurten ez dela sanferminik egonen eta osasun-krisiak segurtasun-neurriak mantentzera behartzen duela. Eta bestetik, iruindarrei eta festetan inoiz parte hartu duten kanpotarrei aukera eman nahi zaie aurten ere Iruñean egoteko, beste modu batez, uztailaren 6tik 14ra. Hala, zuri-gorriaren espiritua berriz bizi ahal izanen da aste horretan, ohiko ospakizunak posible izanen ez diren urte honetan.
Parte hartzeko oso modu erraza
Ekimen honetan parte hartzeko zera egin behar da: mugikorreko argazki-galerian, edo artxibatuta dauden karpetan zein gailuan, bilatu norberarentzat festa-une garrantzitsu bat islatzen duen argazkia edo argazki-sorta. Behin topatu eta gero, nahikoa da hori hautatzea losviviremos.pamplona.es webgunearen orriko erdiko botoiaren bidez, eta onartzea. Igo dela konfirmatzeko, programak oinarriak onartzeko exijitzen du, eta argazkia igotzen duenaren izena eta NANa adieraztea; dena den, argazkiak ez dira inoiz errotulatuta agertuko eta bidalketak egin dituztenen izenak ere ez dira publiko eginen.
Argazkiak ezin izanen dira bi mega baino handiagoak izan eta banaka igo beharko dira, pertsona bakar batek nahi beste argazki igotzeko mugarik ez dagoen arren. Irudian 14 urtetik beherakoak agertuz gero, argazkiak aurkezten dituenaren ardura izanen da horiekin lotutako edozein baimen mota lortzea, eta Udalak ulertuko du igorleak dagoeneko badituela baimen horiek. Halaber, bere irudiaz gain beste hirugarren batzuenak dituzten argazkiak bidaltzen duenak, horien baimena izan beharko du bidalketa egiteko.
Ekimena nazioarteko publikoari modu errazagoan helarazteko, losviviremos.pamplona.es webgunea, gaztelaniaz eta euskaraz egoteaz gain, ingelesez eta frantsesez ere badago. Halaber, modu erraz eta intuitiboan familiartekoei eta lagunei gonbit egitea ahalbidetzen du, sare sozial zein WhatsAppen bidez.