Sanferminetako ekipaje-kontsigna bihar (osteguna) irekiko da, San Frantzisko ikastetxean, uztailaren 15a arte

Sanferminetako ekipaje-kontsigna bihar (osteguna) irekiko da, San Frantzisko ikastetxean, uztailaren 15a arte
Iaz, guztira, 841 lagunek erabili zuten udal-zerbitzua, bost kontinenteetako herrialdeetatik etorrita

San Frantzisko ikastetxean egongo da berriro aurten sanferminetarako ekipaje-kontsignaren zerbitzua. Kontsigna bihar irekiko da (uztailak 4, osteguna), 08:00etan, eta erabilgarri egongo da uztailaren 15eko 14:00ak arte, etengabe, eguneko 24 orduetan. Zerbitzuan hamabost lagun arituko dira lanean, eta hainbat hizkuntzatan eman ahal izango dute arreta. 

Prezioa, pakete eta eguneko, 4,60 eurokoa da. Paketetzat hartuko dira gehienez ere bizkar-zorro baten tamainakoak, eta horiek baino handiagoak haien tamainaren arabera kobratuko dira, proportzionalki. Ekipajea uzteko, nortasuna egiaztatu beharko da NANa edo pasaportea aurkeztuta. Ekipajea jasotzeko, ezinbestekoa izango da tiketa eta dagokion fitxa aurkeztea, bai eta NANa edo pasaportea ere. Tiketa, fitxa edo nortasuna egiaztatzeko agiria galduz gero edo lapurreten kasuan, polizian galeragatik zein lapurretagatik egindako salaketa aurkeztu beharko da. 

Iaz 841 lagunek erabili zuten zerbitzu hau. Horietatik % 41,6, hots, 350 pertsona, estatukoak ziren; % 19,5 (164 lagun) Europako hogeitik gora herrialdetatik etorritakoak ziren, Italia, Frantzia, Portugal, Irlanda, Erresuma Batua eta Alemaniatik besteak beste; eta % 38,9 (327 lagun) munduko beste txoko batzuetatik etorriak. Bost kontinenteetako erabiltzaileak egon ziren: Asiako 27 lagun, Ozeaniako 29, Afrikako 39, Hegoaldeko eta Erdialdeko Amerikako 60 eta Ipar Amerikako 172. Kontsignan uztailaren 6, 7 eta 8an izan zen mugimendu gehien, festen lehen egunekin bat etorrita, baita asteburuarekin ere. Guztira, 4.291,80 euro bildu ziren.

Kontsignaren kudeaketa kontratu bidez esleitu zitzaion Sedena SL enpresari. Aurten, zerbitzu horren hirugarren luzapena onetsi da, 19.602 euroan, kontratazio horren ondoriozko gastuei aurre egiteko. Kontsignak berezko dituen zereginez gain, bertan ere informazioa eta laguntza ematen zaie bisitariei, hainbat hizkuntzatan eskuragarri dauden mapak eta sanferminetako programa banatuta.

¿Te ha sido útil esta página?