Sanferminetako bandoan iruindarrei eta bisitariei gizatasunez jokatzeko eskatzen zaie, festez “erantzukizunez” gozatzeko

Sanferminetako bandoan iruindarrei eta bisitariei gizatasunez jokatzeko eskatzen zaie, festez “erantzukizunez” gozatzeko
Jaietan eremu laranjan eta Alde Zaharreko zirkulazioa ixteko ordutegian eginen diren aldaketa batzuk jasotzen ditu
bando


Beste behin ere, festen bezperan, Iruñeko Udalak sanferminetako bandoa argitaratu du, hiriaren eta bertara etorri ohi diren bisitari ororen alaitasunaren benetako isla izan daitezen, eta festa hauen ohiturei eta gizalegeari eusteko asmoz. Alkateak “espero du iruindarrek eta bisitariek gizatasunez jokatuko dutela, eta lagunduko dutela sanferminak giro onean ospa daitezen” eta eskatzen du “geure hiriaz eta festez goza dezagun, erantzukizunez”.

Sanferminetako bandoak festetan bete beharreko funtsezko alderdiak errepasatzen ditu, hala ordenantzei eta araudiari dagokionez nola programatutako ekitaldien antolakuntzari eta parte-hartzeari dagokionez. Hainbat gai arautzen dira, besteak beste, zirkulazioa eta aparkalekuak, eraikinen segurtasuna eta hainbat ekitaldi, Txupinazoa, entzierroak eta entzierrilloak eta bigantxak kasu. Hainbat berritasun barne hartzen ditu, hala nola salbuespen batzuk aparkatzeko eremu laranjan hiriko gune zehatzetan, bai eta Alde Zaharra trafikorako ixteko ordua atzeratzea ere, zeina uztailaren 5eko gaueko lehendabiziko orduan izanen baita, goizean izan ordez.

Aparkatzeko eremu laranja, uztailaren 5etik 14ra, biak barne
Beste behin ere, Iruña aparkatzeko eremu laranja bihurtuko da hiriko hainbat sektoretan. Uztailaren 4tik 5erako gauerditik uztailaren 14tik 15erako gauerdira arte honako sektore hauek eremu laranja bihurtuko dira egunean 24 orduz: 3. sektorea (Milagrosa eta Azpilagaña), 4. sektorea (Iturrama), 5. sektorea (Ermitagaña, Mendebaldea eta Ipar Etxabakoitz), 6. sektorea (Donibane), 7. sektorea (ospitaleguneko aparkalekua), 8. sektorea (Arrotxapea), 9. sektorea (Sanduzelai), 10. sektorea (Txantrea) eta eremu murriztu bihurtzen ez den 2. sektoreko zatia. 

Neurri horretatik kanpo geratuko dira beste hauek: Kaiko kaleko (9. sektorea) egonaldi luzeko aparkalekuak urtean zehar duen erregulazio bera izanen du; Renfe tren-geltokiko aparkatze eremua gorria izanen da, urte osoan bezala, eta udal-hilerriko eremuan, lehendabiziko ordua doan izanen da, orain arte bezala, eta gainontzekoetan laranja, eguneko 24 orduetan. Eremu guztiak behar bezala seinaleztaturik egonen dira, zutikako seinaleen bidez, non jasoko baita eremu laranja dela eta gehienez 24 orduz aparka daitekeela. Eremu horietako parkimetroetan ere jasoko dira behar diren argibideak, eta eremu laranjari aplikatu beharreko tarifaren tiketak baino ez dituzte emanen.

Nafarroa Behereko, Oliveto Kondearen eta Armada etorbideen eta 1. sektoreko mugaren (Alde Zaharra) arteko eremuan, aparkatzea baimenduta dagoen lekuetan aparkatzen ahalko dute bakarrik 1. zein 2. sektoreetako txartela duten bizilagunek.  Sektore horietako bizilagunentzako eremu murriztuak izanen dira, baita ere, honako hauek: Larraina elkartearen ingurua, Julián Arteaga, Sandoval eta Navas de Tolosa kaleak. Aipatu eremu horiek zirkulaziorako itxita egonen dira (salbu baimendutako ibilgailuak) uztailaren 5eko 22:00etatik uztailaren 15eko 14:00etara.

Alde Zaharra trafikorako itxiko da asteazkeneko 22:00etatik aurrera
Alde Zaharra trafikorako ixtea uztailaren 5eko (asteazkena) 22:00etara atzeratuko da. Ixtea atzeratu da (aurreko urteetan 08:00etan egin ohi zen) auzoko bizilagunei eragindako kalteak minimizatzeko. Trafikora itxita egonen da uztailaren 15eko (larunbata) 14:00etara arte. San Domingoko baratzeen aldean, Andre Maria Erreginaren plazan eta Taconera kalean, 1. sektoreko txartela duten bizilagunek aparkatzen ahalko dute, betiere kontuan hartuta zenbait muga izanen dituztela sartu eta irteteko, festa-ekitaldi jakin batzuek direla medio (entzierroa, entzierrilloa, etab.). Gaseko eskorten ondoko aparkalekua 1. eta 8. sektoreetako bizilagunek baino ezin izanen dute erabili.

Debekaturik dago karabanak aparkatzea Iruñeko bide publikoan. Debekaturik dago, baita ere, autokarabanak aparkatzea etxebizitza gisara erabiltzeko, Trinitarioseko autokarabana-aparkalekuan izan ezik. Debeku horretatik salbuetsita dago, halaber, Trinitarioseko orubea, horretarako egokitu eta Erruki Etxeari laga baitzaio, egun hauetarako, bertan aparka ditzaten beren karabanak eta etxebizitza-ibilgailuak Runa parkean feria-atrakzioak jartzen dituztenek.

Eraso sexistarik gabe, Iruña aske
Iruñeko Udalak ‘Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ estrategiaren bidez, “gonbit egiten die herritarrei modu aktiboan jardun dezaten emakumeen kontrako erasoei aurre egiteko, eta erasoa jasandako emakumeari sorospen eta laguntza eman diezazkioten zein erasotzailea isola dezaten. Hori horrela, gogora dakarkigu Udalak hartutako engaiamendua, halako erasoak ez jasateko eta horiek jazartzeko, betiere xede harturik emakumeek aukera edukitzea sanferminez modu aske eta seguruan zein berdintasunean gozatzeko”.

Hori dela eta, “debekatuta dago mezu eta/edo lelo sexistak dituzten materialak (kamisetak, txapak eta abar) saltzea. Halako salmentarik hautemanez gero, material horiek erretiratzeko agindua ematen ahalko da, eta atzemanak izan gero itzuli gabe. Neurri honen bidez denon erantzukizuna sustatu nahi dugu eraso sexistarik gabeko festak edukitze aldera”.

Halaber, bandoan jasota dago “hala agintaritzaren ordezkariei eta zerbitzu publikoko eginkizunetan ari diren funtzionarioei eraso, mehatxu, aurre egin eta desobeditzea nola identifikatzeko agindutakoan horri uko egitea indarra duen legerian aurreikusitako eran jazarriko direla, eta, behar izanez gero, halakoak egiten dituztenak atxilotu eta epailearen esku utziko dituztela”.

¿Te ha sido útil esta página?