
Uztailak 13, astelehena: Adinekoen Eguna sanfermin hauetan. Jai hauetako azken aurreko eguna adinekoei eskainita dago. Meza eta errondailen musika izanen dira goizean eta Orquesta Mondragón taldearen kontzertua arratsaldean. Eguerdian, Iruñeko Udalak ateak irekiko ditu azken urte honetan ehun urte bete dituzten hainbat pertsonari harrera egiteko.
San Fermin kaperan, 10:45etik aitzina, adinekoen omenezko meza izanen da. Eukaristia ospakizunaren zati musikala Rondalla Armoníak eskainiko du. Ondoren, 12:00etan, festa San Jose plazara aldatuko da kontzertu berri batekin. Egun hauetako ohiko jotek, hain zuzen ere, errondailei utziko diete lekua. Ronda Jus la Rocha eta Rondalla Yoar taldeak arituko dira.
Adinekoen Eguneko goizari amaiera emateko, Iruñeko Alkateak, Joseba Asiron Saezek, eta Udalbatzako zenbait kidek aurreko sanferminetatik ehun urte bete dituzten pertsonei egin ohi zaien harrera instituzionalean parte hartuko dute. Harrera hunkigarria, oroitzapen asko pizten dituena, adinekoek gizartean egunez egun uzten duten eta utzi duten aztarna eta arrastoa ezagutzeko.
Orquesta Mondragón taldea Gurutzeko plazan
Eta Adinekoen Egunari buru emateko, Gurutze plazako ohiko kontzertu berezia. Iruñeak bat egiten du Orquesta Mondragón taldea 50 urte bete dituela ospatzeko egiten ari den birarekin. Taldea astelehen honetan igoko da Gurutzeko plazako agertokira, 20:30etik aitzina. Javier Gurruchagak zuzenean gogoraraziko ditu mende erdiko abentura musikalak, rocka, bluesa, popa eta umore lotsagabea. Ezaugarri horiei esker taldea fenomeno paregabea izan zen Espainiako kultura herrikoian, batez ere 80ko hamarkadan eta 90eko hamarkadaren hasieran.
Urteurren hori ospatzeko, taldea ikuskizun berezi batekin itzuli da, zeina, batez ere, urtebetetze festa handi bat baita. Publikoak Orquesta Mondragonen historian zehar eginen du bidaia, Donostian, Bilbon eta Madrilen eman zituen lehenbiziko kontzertuetatik hasi eta erreferente sortzaile eta apurtzaile gisa nazio mailako proiekzioa lortu arte. Agertokian omenaldia eginen zaie bidean arrastoa utzi duten musikari, kolaboratzaile eta lagunei: taldearen iruditeriari forma eman zioten artista eta ilustratzaileengandik hasi eta disko, agertoki eta proiektu ahaztezinak partekatu dituzten bidelagunenganaino.
Ez dira faltako zenbait belaunaldi markatu dituzten abestiak, kontzertu enblematikoen oroitzapenak eta Orquesta Mondragonen ezaugarri izan diren ezustekoak. Tarta sinboliko handi bat izanen da ospakizunaren burua, eta keinuak, omenaldiak eta ustekabeko uneak sortuko dira oroimena eta bizitasuna, adeigabetasuna eta emozioa uztartzen dituen ikuskizun honetan.