Festak planetako txoko guztietara helarazteko xedez, Iruñeko Udalak ahalik eta zuku gehien ateratzen die sare sozialetako kontu ofizialei (@SanferminakIruñean) egun hauetan. Udalaren sare sozialetan Sanferminetako unerik adierazgarrienak jasotzen dira, baita emanaldien eta ekitaldien bideoak ere. Sanferminen egunez egunekoaren berri jakin nahi duten erabiltzaileek Udalaren esfortzua saritu egin dute; Izan ere, sanferminetako kontu ofizialek 12,2 milioi bistaratze izan dituzte dagoeneko, eta 100 bideo baino gehiago grabatu dira sare sozialetan.
Aurten ere, hauxe izan da sanferminetako unerik biralena: txupinazoak eztanda egin ondoren gaiteroak Udaletxe plazara irteten diren unea; zazpi egun igaro dira une horretatik, eta ia bost milioi bistaratze izan ditu guztira sare sozialetako profil ofizialetan.
@SanferminakIruñean sare sozialek Udaletxearen fatxadaren goialdetik grabatu zuten bideoa, eta ordu gutxi barru, milioi bat erabiltzailek baino gehiagok ikusia zuten. 3.000 lagunek baino gehiagok bideoa partekatu dute, eta 75.000 lagunek baino gehiagok gustukoa dutela adierazi dute; halaber, 1.400 iruzkin baino gehiago izan ditu. Zifra horiez gain, beste perspektiba batzuetatik grabatutako bideoen jarraipen-datuak hartu behar dira kontuan. Seminario etxetik ateratako argazkiak eta polizia-lerroaren barnean, plazan bertan, bizitako uneak bi milioi bistaratze dituzte guztira.
Gaiteroak lehen aldiz irten ziren uneaz gain, txupinazoa izan da sare sozialetako (@SanferminakIruñean) unerik ikusiena: plazako festarekin lotutako irudiak eta plaza nola betetzen zen eta 2025eko sanferminen hasiera islatzen zuen time lapse bat argitaratu ziren. Entzierroak ere bistaratze gehien izan dituzten ekitaldien artean daude: lasterketen bideoek eta tradizio horri esker sortzen den giroarekin lotutako bideoek milioi bat bistaratze baino gehiago izan dituzte lehen egunetan.
Jaietako profil ofizialek (@SanferminakIruñean) hogei bat bideo partekatzen dituzte egunero, eta horri esker, ekitaldi nagusienak ikuspegi pribilegiatu batetik jarraitzeko aukera dute erabiltzaileek. Gainera, Instagrameko kontuaren atarian ‘momentikoak’ jasotzen dira egunero, eta hala, uneoro daude eskuragarri. Entzierroek eta prozesioak izan dituzte bistaratze gehien, 200.000 bistaratze guztira; halaber, 100.000 bistaratze baino gehiago izan dituzte kalejirek, Gazteluko plazako txistu- eta gaita-dantzaldiek, uztailaren 9ko jota-errondak eta La Pamplonesaren dianek.
Sanferminetako ekitaldi nagusienak jarraitzeko aukera emateaz gain, profil ofizialek (@SanferminakIruñean) informazio praktikoa jartzen dute erabiltzaileen eskura: besteak beste, konpartsaren ibilbidea eta eguraldiaren aurreikuspenekin lotutako abisuak, aldaketak eta bertan behera geratzen diren jarduerak.
Zapatería kaleko bulego berria, salaketak jarri eta informazioa eskuratzeko gune
Segurtasun-indarrek eta -kidegoek jasotako 1.050 salaketetatik 321 salaketa jaso ditu Iruñeko Udaltzaingoak, uztailaren 6tik 12aren gauerdira. Zapatería kaleko 40. zenbakian jarri duten salaketen bulego berriak 41 salaketa jaso ditu, eta aholkulari gisa aritu da Iruñeko udalaren egoitza elektronikoaren bidez beste 34 salaketa telematiko izapidetzeko.
Lapurretei, ebasketei eta galdutako objektuei eman zaie lehentasuna. Hain zuzen ere, salaketen % 85 lapurretak izan dira ( 41 salaketatik 35); bestalde, beste lau salaketa galdutako dokumentuekin egon dira lotuta, beste bat kalteengatik jarri dute, eta azkena, tratu txarrengatik. Salaketa telematikoei dagokienez, 34 jaso dira, kopuru guztiaren % 10,59. Horietatik 31 ebasketekin daude lotuta, eta beste bi, maulekin.
Zapatería kaleko salaketen bulego berria uztailaren 6an ireki zuten, eta uztailaren 14ra (astelehena) arte egonen da zabalik, 16:00etatik 00:00etara. Salaketak jartzeaz gain, bulegoan lan egiten duten udaltzainek informazioa eta aholkularitza behar zuten dozenaka laguni eman diete arreta.
Atzo ez zen sexu-erasorik salatu.
Legez kontrako kanpatzea
Udaltzainak buru-belarri aritu ziren lanean legez kanpoko kanpatze bat bertan behera uzteko. Basotxoa eta Taconera kanpin inprobisatu bihurtu dira: 40 kanpadenda izan dira guztira, eta horren ondorioz, desmuntatu eta hustu behar izan dituzte. Horietako asko Taconerako Vistabella eremuan zeuden. Kanpatze librea debekatuta dago hirian. Asteburuarekin bat, bisitari ugari hurbildu dira gunera; izan ere, hotel batean ostatu hartzea ezinezkoa da kasu askotan, eta bisitari askok establezimendu horiekiko interes falta nabaria dute.