
Tokiko Gobernu Batzarrak onespena eman dio Irunlarrea kalean eta Nafarroako Ospitalegunean bidegorria jarri eta oinezkoen joan-etorriak hobetzeko proiektuari. Helburua da gaur egun Pio XII.aren etorbidean dagoen bidegorria Barañaingo etorbidean dagoenarekin lotzea, eta gutxi gorabehera 600 metro bidegorri gehiago eraiki beharko dituzte horretarako. Uztaileko bigarren hamabostaldian hasiko dira lanean, eta, aurreikuspenen arabera, urte amaierarako bukatuko dituzte. Esparru-akordioaren barruan egin dute kontratua, 549.984 euroan oraingoz. Helburua da oinez ibiltzeko baldintzak hobetzea, kalean bizikletendako azpiegitura jartzea eta zirkulazioa apur bat baretzea oinezkoen beste hiru pasabide goratu jarrita. Mugikortasun Batzordean landuko dute berriro proiektua, udal-taldeek hobekuntzarik gehituko nahi balute ere aukera izan dezaten.
Irunlarrea kalean, ospitaleen eremuan, trafikoa berrantolatuko dute ekainean, eta ibilgailuek sarbide mugatua izanen dute inguru horretara. Larrialdietako ibilgailuak eta garraio publikokoak baino ezin izanen dira sartu, eta beraz, ibilgailu pribatuek ezin izanen dute Irunlarrean zirkulatu Pio XII.aren eta Barañaingo etorbideen artean, aparkatzeko ez bada. Hori bai, Nafarroako Unibertsitateko Ospitalerako sarrera zabalik egonen da, eta inguru horretako aparkalekuetara ere sartzen ahalko da, bai lur gainekoetara eta bai lurrazpikoetara. Eremu hori guztia matrikulak irakurtzen dituzten kamerekin kontrolatuko dute: bi noranzkoetako sarbideetan egonen dira kamerak.
Hala, ibilgailuak larrialdietarako eremura eta gainerako gune sanitarioetara sartzen ahalko dira, hala nola Bideko Ama Birjinaren eraikin zaharraren ondoko lurrazpiko aparkalekura, baina ezin izanen dute bidea alderik alde zeharkatu. Viñaburu Botikariaren kalearen ondoko biribilgunearen bidez egokituko dute baimendutako eremuetarako sarbidea eta Nafarroako Unibertsitateko Ospitaleko irteera. Barañaingo etorbidetik aukera egonen da Vianako Printzearen Kanpo-kontsultetako aparkalekuetara sartzeko, baina ezin izanen da Pio XII.aren etorbideraino joan.
Prozedurari hasiera eman eta bideen kalifikazioa egitea
Hirigintza Batzordean aurkeztu dute gaur proiektua, eta, azaldu dutenez, espaloiak zabaldu eta oinezkoendako beste hiru pasabide goratu jarriko dituzte, ospitaleen inguruko eremu horretan mugikortasuna hobetzeko. Halaber, Iruñerriko hiri garraioaren autobusendako geraleku aurreratuak jarriko dituzte, zirkulazioa baretzen saiatuko dira zirkulaziorako erreiak estututa, eta bizikleten mugikortasuna hobetu eta seguruago eginen dute, bidegorri bereizi bat eraikiko baitute proiektuak hartzen duen zati osoan.
Irunlarrea kalean eginen dituzte lanak, Barañaingo etorbidearekin eta Pio XII.aren etorbidearekin bat egiten duen tokian, eta hala, bi etorbide horietako bidegorriak lotuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, 549.984 euro beharko dituzte lan horiek egiteko. Lan horiek helburu handiago baten parte dira: garapen jasangarriaren eredua lortzeko helburua sustatzen ari dira hain zuzen ere. Horretarako, mugikortasunak sistema jasangarria, irisgarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna, bizi-kalitatea hobetzea, dinamismo ekonomikoa eta kolektibo eta herritar guztien integrazioa izan behar ditu ardatz. Hauxe da oinarria: motorrik gabeko garraiobideak (oinez eta bizikletaz ibiltzea) eta garraio publikoa sustatu eta lehenestea.
Proiektua gauzatzen hasteko, etorkizunean eginen diren obrek eraginen dien ondasunen eta eskubideen zerrenda onetsi du Udalak, eta hor sartzen dira Nafarroako Gobernuarenak (Nafarroako Ospitalea) diren eta aipatutako helburua lortzeko ezinbestekoak diren lurrak. Zerrenda hori onetsita, Iruñeak eskatuko du behar diren izapideak egin ditzatela Gobernuak jabetza galdu gabe 800 m2 lur ospitaleen zerbitzu publikotik kanpo uzteko. Hala, lursail horiek guztiak bide publikoen zerbitzura jartzen ahalko dira, Udalaren mende.
Bidegorri berria eta espaloi zabalagoak
Gaur egun, bi noranzkoko bi bidegorri daude lanak egitekoak diren inguru horretan: ipar-ekialdean, Barañaingo etorbidean bata, eta hego-ekialdean, Pio XII.aren etorbidean. Proiektuaren helburua da bi bidegorriak lotzea, eta hala, bizikletaz errazago joaten ahalko da Iruñeko erdialdetik Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera.
Bi noranzkoko bidegorri berria 2,75 metro zabal izanen da, eta Irunlarrea kaleak eta Pio XII.aren etorbideak bat egiten duten tokian, ezkerreko erreian egonen da, Barañaingo etorbiderako noranzkoan, eta laster jarriko duten oinezkoen pasabide goraturaino iritsiko da: Nafarroako Unibertsitate Klinikako sarbidearen inguruan eginen dute pasabide hori, Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunea baino lehen. Hortik aurrera, bidegorria espaloian egonen da; autobusaren geraleku aurreratu berriaren atzetik pasatuko da, eta espaloitik eta bidetik Protomedikatoaren plazaraino. Bidegorria egitearen ondorioz, lorategi batzuen zati batzuk espaloi bihurtu beharko dituzte. Oinezkoen pasabide horretatik aurrera, Irunlarrea kaleko galtzadan egonen da (hiri-garraioaren geralekuaren tartean izan ezik, geralekuaren atzetik pasatuko baita), Barañaingo etorbideko bidegorriarekin bat egiten duen tokiraino. Oinezkoen pasabidean eginen dute lotura, ezkerreko aldean.
Bidegorri hori jartzeko ez dute zirkulaziorako erreirik kendu beharko. Irunlarrea kalean margotutako irlatxoak daudenez eta erreiak behar baino zabalagoak direnez, posible da bidegorria jarri eta 3 metroko zirkulaziorako erreiak mantentzea.
Halaber, oinezkoen beste bi pasabide goratu jarriko dituzte, Nafarroako Unibertsitate Klinikako sarreran bata eta Protomedikatoaren plazan bestea, eta Pio XII.aren etorbidearen eta Nafarroako Unibertsitate Klinikaren arteko tartean (Odol-bankuaren aldean) espaloia zabalduko dute: 1,45 metroko bi espaloiren ordez, 3,75 metroko bat jarriko dute.