
Bideo motzen bidez jaietako funtsezko uneak helarazteko Iruñeko Udalaren sare sozialetako estrategiak 20 milioi erreprodukzio baino gehiago batu ditu jada Sanferminetan, Instagramen bakarrik. Ekimen hori egunero jarraitzen ahal da @SanferminesPamplona jaietako profil ofizialetan, baita Facebooken, TikTok-en eta X-n ere, eta asmoa da edozein pertsonak, Iruñean egon edo ez, mugikorraren bidez bizi ahal izatea Iruñean uztailaren 6tik 14ra bitarte egiten diren ekitaldi eta ‘momentiko’ bakoitzaren esentzia.
Sanferminek sare sozialetan duten erakargarritasuna jaietako profil ofizialetan ere islatu da egunotan, eduki biralekin, eta nabarmentzekoa da, besteak beste, gaiteroak hilaren 6an Udaletxe plazara lehen aldiz atera zireneko unea. Fatxadako erlojutik grabatutako bideoak jaietako ospakizunen hasierako zirrara transmititzen du eta horrek piztu du interes gehien. Une hori, plazatik bertatik eta Seminario Etxetik ere grabatu zen eta 3.700.000 erreprodukzio baino gehiago ditu dagoeneko.
@SanferminesPamplona profilak 20.000 jarraitzailetik gora gehitu ditu soilik Instagramen, Jarraitzaileek minutuz minutu jarraitzen ahal dituzte jaiak, egun bakoitzeko programazioa kontsultatu, Konpartsaren ibilbidea ikusi edo jaiguneetan (Gazteendako eremua edo Kirolari Sport Kids kasurako) egunero zer antolatzen den jakiteko aukera dute. Gainera, jaietako azken egunean, profil horiei esker, jaietako ekitaldi zirraragarrienetako bi zuzenean ikusten ahalko dira: Konpartsaren agurra eta ‘Gaixoa ni’.
Salaketen behin-behineko bulegoa
Bestalde, Udaltzaingoak Alde Zaharreko Zapatería kalean duen salaketen behin-behineko bulegoan, 51 salaketa jaso dira jaietan, gehienak ebasketengatik, eta 177 pertsonari eman die arreta, akotariko kontsultekin jo baitute puntu horretara. Erregistratu diren salaketen artean, 31 ebasketengatik izan dira, eta 17, galerengatik. Bide publikoan aurkitutako hiru objektu ere entregatu dituzte bulego horretan.
Iruñeko Udaltzaingoak bigarren urtez jarri du salaketen behin-behineko bulegoa Zapatería kaleko 40. Zenbakian, festaren erdigunetik gertuago egoteko xedez, bertan egiten baitira ekitaldi gehienak eta jende gehien biltzen baita jaiegun hauetan. Hurbileko zerbitzua da eta ebasketak jasan edo zerbait galdu duten pertsonek Iratxeko Monasterioaren kaleko 2.ean dagoen Udaltzaingoaren egoitza nagusiraino joan behar izatea saihesten du.
Bulegoak delitu txikietan jartzen du arreta, batez ere, ebasketetan, eta uztailaren 14ra bitarte, asteartea, egonen da zabalik, 11:30etik 23:30era. Salaketak jasotzeaz gain, behin-behineko bulegoko langileek bitarteko hori erabiltzeko orientabidea eta aholkuak emanen dituzte, betiere salatzaileek ziurtagiri edo gako digitala badute.
Gainera, Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizeko bileran ezagutu du uztailaren 12ko 06:00etatik 13ko 06:00ak arte ukituengatik lau salaketa jarri direla eta hiru pertsona atxilotu direla arrazoi horiengatik.
Disuasioko aparkalekuak eta eremu laranja
Iruñea ia osorik aparkatzeko eremu laranja bihurtu da sanferminetan, disuasioko hamalau aparkalekuak barne. Neurriak xede du gaua emateko gune arautu gabeak saihestea eta gune horien segurtasuna areagotzea. Eremu laranjak tarifa murriztua du, eta gehienez 24 orduz aparkatu daiteke, 8,80 euroan.
Igandera arte, bilketa %2,95 hazi da, disuasioko aparkalekuen datuak direla eta. Izan ere, hiriko parkimetroetako datuak erreferentzia hartuta, diru-bilketa % 5,5 jaitsi da. 2025eko uztailaren 5etik 12ra bitarte, 543.061,65 euro jaso ziren, aurten, egun beretan berriz, 513.602,75 euro jaso dira. Hala ere, datu horiei orain arte disuasioko 14 aparkalekuetan bildutako 45.494,95 euroak gehitu behar zaizkie: zifra osoa 559.097,70 eurora handitzen dute eta horri dagokio ia % 3ko hazkuntza.
Egindako ordainketa-eragiketei dagokienez, hiriko parkimetroetan 171.984 egin dira (2025ean, berriz, 192.529), eta horiei, disuasiokoetan erregistratutako 9.128ak gehitu behar zaizkie. Hala, guztira 181.112 ordainketa-eragiketa egin dira uztailaren 5etik 12ra. Disuasioko aparkalekuetan, batez beste 11 eta 23 ordu ematen dituzte bertan, eta batez besteko kostua 4,98 eurokoa da. Hiriko bide publikoko aparkalekuetan, Telpark app-aren bidez egindako eragiketak ugariak dira; disuasio-aparkalekuetan, berriz, gehiago dira in situ, parkimetroan, egindako eragiketak.
Beroari aurre hartzeko gomendioak mantentzen dira
Tenperatura altuek bere horretan diraute eta Iruñeko Udalak jendez betetako eremuetan beroaren ondorioei aurre hartzeko festen hasieran martxan jarri zuen dispositiboak ere bai. Hala, beroaren eragin handienaren peko jarduerak itxita egonen dira 12:00 eta 19:00 artean: Kirolari Sports Kids, Media Lunan, eta Hauek Festak Hauek! Askatasun plazan; haurrendako eta gazteendako gainerako jarduerak normaltasunez egiten ari dira bi eremu horietan. Bestalde, Herri Kirolak ordubete aurreratu eta 11:00etan eginen dira.