
‘Esan Iruña eta irribarre egin’ turismo-kanpainak, uda honetan, uztailean, abuztuan eta irailean eginen diren lau ekitaldi sustatzea izanen du ardatz, hirian eta inguruan egiten ahalko diren hainbat kultura-, kirol eta natura-jardueraren hedapenarekin batera. Sanferminak, Harresietako jaialdia, Flamenco on Fire eta Batasunaren Pribilegioa Udalaren jarduera-egutegiko ekitaldiak dira, eta hiriko eskaintza turistiko eta kultural gisa, urtero mota guztietako jendea erakartzen dute Iruñera.
‘Esan Iruña eta irribarre egin’ familiendako, gazteendako eta bikoteendako diseinatuta dago bereziki; batez ere, Espainiako eta Frantziako biztanleei zuzentzen zaie, baina azpimarra berezia egiten zaie Madrili, Kataluniari, Valentziari eta Euskal Autonomi Erkidegoari, besteak beste, horietatik baitatoz bisitari gehien. Hiriko turismo-eskaintza ikusarazteko, sustapen bideo bat editatu da aurtengo udako programazioaren lau mugarriak ardatz hartuta: sanferminak (uztailaren 6tik 14ra); Harresietako jaialdia (abuztuan), zirku-, dantza- eta musika-emanaldiekin; Flamenco on Fire (abuztuaren 23tik 27ra), eta Batasunaren Pribilegioa (irailaren 8an), aurten 600. urteurrena ospatzeko musika-ekitaldiak, Erdi Aroko azoka eta bisita gidatuak ere izanen dituena.
Sustapen-bideo hori, eta beste zenbait ekintza hainbat euskarritan ikusten ahalko dira Udalak sare sozialetan dituen profiletan, mupi digitaletan kasu, nahiz beste komunikabide batzuetan, esaterako bidaien edo eragin-sortzaileen webguneetan. Datozen asteetan beste material batzuk editatuko dira, hala nola hainbat hizkuntzatan prestatutako liburuxkak eta web atariak, eta turistei harrera egiteko tokietan gune batzuk egokituko dira ongietorria egin eta hiriak eskaintzen dituen proposamenak azpimarratzeko.
Doako bisita gidatuak hirian ostatu hartzen dutenendako
Udalak, Iruñeko Hotelen Elkartearekin lankidetzan, elkarteko establezimenduetan ostatu hartzen dutenendako doako bisita gidatuen eskaintza berritu du. Proposamena uztailean eta abuztuan gauzatuko da, uztailaren 6tik 14ra salbu. Sanferminetan, hoteletan, urteko beste garai batzuetako Iruñeko irudiak dituzten haizemaileak banatuko dira hiriaren erakargarritasuna islatzeko eta beste urtaroetan ere turismoa erakarri ahal izateko.
Turismo- eta kultur-eskaintza horretaz gain, beste aukera batzuk ere badiraIruña bisitatzen dutenendako. Besteak beste, hiriko bioaniztasuna ezagutzeko bisita gidatuak parke eta lorategietara, kayaken alokairua Arga ibaian, paseoa ibai-parkean barna eta San Bartolome gotorlekuko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa, haurrendako bisita gidatuekin, familian egiteko ginkanekin eta pista jokoekin. Iruñean, halaber, Donejakue bidea ezagutzeko ihes-jokoak eta jende orori zuzendutako beste ekimen asko egiteko aukera dago.
Iruñeari buruzko turismo-informazio guztia Turismo Bulegoan, Ultreia zentroan, Gotorlekuen Interpretazio Zentroan eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu/turismoa) eskuratzen ahal da. Jardueretarako sarrerak Turismo Bulegoan bertan dagoen sarrerak erosteko totemean, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es webgunean eta Pamplona - Iruña apparen bidez erreserbatzen ahalko dira.