Sanferminak direla-eta, bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua eten eginen dute ostiral eguerditik aitzina, eta uztailaren 15etik aurrera jarriko dute berriz martxan, pixkanaka

Sanferminak direla-eta, bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua eten eginen dute ostiral eguerditik aitzina, eta uztailaren 15etik aurrera jarriko dute berriz martxan, pixkanaka
Iragan astean hiriko erdiguneko geltokiak desmuntatzen hasi ziren, eta ostegunetik ostiralera bitartean bizikleta guztiak kenduko dituzte
Bicis

Bizikleta elektrikoak alokatzeko udal zerbitzua etenda egonen da sanferminek iraun bitartean: uztailaren 4an (ostirala) utziko diote zerbitzua emateari, 12:00etan, eta uztailaren 15ean hasiko dira  berriz pixkanaka martxan jartzen, goizetik hasita. Aurreko urteetan bezala, aurten ere zerbitzua etenda egonen da sanferminek iraun bitartean. Jaiak direla-eta, hiria itxuraldatu egiten da, eta, besteak beste, bizikleta elektrikoendako erdiguneko geltokiak eta erdigunean dauden bizikletendako aparkalekuak kendu egin behar izaten dira.

Hilaren 3tik (osteguna) 4ra (ostirala) bitarte, kaleko bizikleta elektriko guztiak gordeko dituzte, eta zerbitzua bertan behera geratuko da ostiral eguerdian. Hilaren 15ean (asteartea) eta 16an (asteazkena) jarriko dituzte berriz bizikletak dagokien tokian, eta pixkanaka bere onera etorriko da zerbitzua. Hortaz, uztailaren 15etik aurrera, goizetik hasita, erabiltzaileak zerbitzua ohiko moduan erabiltzen hasten ahalko dira berriro. Ekainaren 23an zezen-plazako eta Compañía plazako geltokiak kendu zituzten, eta uztailaren 16an jarriko dituzte berriro, sanferminen ondoren. 

Halaber, joan den astean bizikletak uzteko hainbat aparkaleku kendu zituzten erdigunetik: Curia kalean, Katedralaren aurrean dagoena; Compañía plazakoa; Caldereríakoa; Gazteluko plazako bi, Txapitela kalearen izkinakoa eta Espoz y Mina zeharkalearen ondokoa; San Saturninokoa; Kale Nagusian, Kondestablearen jauregiaren kanpoan  dagoena; Errekoleten plazakoa; O-ko Andre Maria plazakoa; Nafarroako Museoaren aldapakoa; Descalzos kalean, Nafarroako Museoaren ondoan dagoena; Pellejerías zokokoa; San Nikolasekoa eta Labritekoa. Behin jaiak amaituta, uztailaren bigarren hamabostaldian, berriz dagokien tokian jarriko dituzte pixkanaka bizikletendako aparkaleku guztiak. 

¿Te ha sido útil esta página?