Sanfermin hauetan Erregina asiarrak jantzia estreinatuko du, eta berak eta bere ezkontideak XIX. mendeko buru-apaingarrien itxura berreskuratuko dute, ikerketari esker

Sanfermin hauetan Erregina asiarrak jantzia estreinatuko du, eta berak eta bere ezkontideak XIX. mendeko buru-apaingarrien itxura berreskuratuko dute, ikerketari esker
Iaz Udalak kontserbazio- eta zaharberritze-azterlan bat hasi zuen, irudi guztiak 3Dn eskaneatzeaz gain
Irudia
Irudia
Irudia

Festaren errege eta erregina handienak prest daude dagoeneko bihar kaleetara ateratzeko bi urteko hutsunearen ondoren. Erraldoien konpartsa dotore-dotore jantzita agertuko da irudi-multzoa xehetasunik txikienetan ere prest jarri ondoren: hainbat pieza txiki urreztatu dira, hala nola belarritakoak, diademak...; erabileraren ondoriozko kolpe eta kalte txikiak konpondu dira, etab.

Baina aurten, halaber, Erregina asiarrak jantzi berri bat estreinatuko du, zeina Iruñeko Udal Artxiboko dokumentazioari esker berreskuratu baita. Eta berak eta bere ezkontide Errege asiarrak buru-apaingarri berriak eramanen dituzte, duela mende bat baino gehiagoko diseinua errespetatzen dutenak. Bere aldetik, Erregina europarrak 2022ko desfileetan lore-sorta berri bat erakutsiko du. 

Konpartsako irudien prestaketa orokorra Eskuartean lantegiko Christian Azconak eta Imanol Urabayek egin dute, Iruñeko Erraldoiak elkartearen eta Iruñeko Udalaren jarraibideei jarraituz, eta konpartsako figurak kontserbatu eta zaharberritzeko prozesuarekin jarraitzen du. Udalak iaz ekin zion ekimen horri, kontserbazio- eta zaharberritze-azterlanarekin eta irudi guztiak hiru dimentsiotan (3D) eskaneatzearekin.

Errege-erreginen lau bikote (europarrak, asiarrak, afrikarrak eta afroamerikarrak) irudikatzen dituzten hiru metro eta erdi inguruko altuera duten zortzi erraldoiak Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren muina dira, harri-kartoizko 25 irudik osatutako jai-segizioa, zeinaren aurrekariak XVI. mendekoak baitira. Gaur egun ikus daitekeena 1860koa da, eta Udalarena. Erraldoiak Tadeo Amorenaren lanak dira, 56 eta 64 kilo bitarte pisatzen dute, eta bikote bakoitzak munduko zati bat irudikatzen du.


Erregina asiarraren jantzia
Erregina asiarraren jantzia guztiz berria da joskerari dagokionez, baina ez diseinuari dagokionez; izan ere, aurreko bi hamarkadetan erraldoiak eraman duen jantziaren eredu bera jarraituz josi da. Era berean, jantzia 1900. urtea baino lehen zeraman janzkeran oinarrituta diseinatu zen, nahiz eta duela 20 urte erantsi zitzaion data horretatik aurrera jantzietan eraman duen parpailazko kapa. Jantzi berriarekin, 2022an, soinekoaren kolore urdinak denboran zehar galtzen joan zen intentsitatea berreskuratu du.

Fermin Teruel jostunak egin du jantzia eta diseinatu ditu patroiak, dokumentazio historikoaren erreferentzia fotografikoetan oinarrituta. Jantzi berri honek ehunen aberastasuna eta teknika desberdinak berreskuratu ditu, drapeatuak eta tolesdunak kasu, baina batez ere duela 100 urte baino gehiagoko proportzioak.

Halaber, haren bitxiak eta osagarriak prest jarri dira. Zehazki, belarritakoen erreplika bat egin da, eta urrezko xaflekin urreztatu dira. Erreginak eskuan daraman intsentsu-ontzia birmoldatu da, eta apaingarri berriak gehitu zaizkio (bere funtzioari erreferentzia egiten dion sareta zulatua, adibidez), baita urrezko xaflekin urreztatu ere.

Bikote asiarraren kapelak
Aurten bereziki nabarmenduko diren piezak errege-erregina asiarren bi txanoak dira. Bere kontserbazio-egoera zela eta, Iruñeko Udalak harri-kartoizko bi txano berri egitea erabaki zuen, aurrekoen neurriak kopiatuz. Hala ere, diseinua aldatu egin da, bi irudien jatorrizko buru-apaingarria aurkitu baitzen esku-hartzeen geruza guztiak kentzean, eta hori, gainera, argazki zaharretan egiaztatu ahal izan zen. Bi pieza horiek ilargi-erdi adierazgarriek errematatzen dituzte oraindik ere.

Errege europarra
Uztailaren 9tik 14ra, eta gaur, egun osoan zehar, Kondestablearen jauregiko patioan Errege europarraren 1:1 tamainako erreplika bat egonen da ikusgai. Maker Navarra elkartearen laguntzari esker inprimatutako plastikozko piezekin egina dago. Udalak kideak gonbidatu zituen erraldoiaren 20 x 20 cm-ko sekzio bat egitera, beren gailuetan eta etxeetan 3D inprimagailuarekin eta nahi zuten plastikozko kolorearekin. Errege europarra elkarlaneko puzzle handi bat da, 60 parte-hartzailek guztira ekarritako 600 piezarekin egina.

Irudia 11:00etatik 14:00etara egonen da ikusgai.

¿Te ha sido útil esta página?