Aste Santuaren atarian, Iruña bisitariei –bertakoak eta estatukoak gehienbat– harrera egiteko prestatzen ari da. Iruñeko Udalak funtsezko bi gune ditu bisitariei harrera egiteko, eta batez ere horietan ardazten da hiriko kultura- eta aisia-eskaintza. SanfermIN! Espazioa eta Ultreia dira. Lehenengoak Sanferminak ditu ardatz, eta, gainera, turismo-bulegoa bertan dago behin-behinean, Seminario etxea birgaitzeko lanak bukatu bitartean. Ultreian, bestalde, Donejakue bidea egiten dutenei informazioa eta aholkuak ematen zaizkie batez ere.
Aste Santuan, San Domingo aldapan dagoen SanfermIN! Espazioak Iruña nazioarteko erreferente bihurtu duten festetan barnako ikus-entzunezko murgiltze-esperientzia eskainiko du. Tradizioa eta modernitatea uztartzen dira bertan, eta xedea bisitariei Sanferminen nondik norako guztiak erakustea da, jaietako elementu ospetsuenak eta ezezagunenak ezagutzeko aukera ematen duen ikus-entzunezko erakusketa interaktibo baten bidez. SanfermIN! Espazioak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ematen du informazioa, honako ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara.
Hiriko turismoari buruzko behin-behineko argibidegunea denez, udal-proposamen horrek aholkularitza turistikoa eskaintzen die bisitariei, Iruñeko kultura-, gastronomia- eta aisia-proposamenez gozatzeko. Familiak dira Aste Santuko egunetako turismo-profil nagusietako bat, eta haiendako Marco Topo pertsonaia dago hirian: txikienei hiria ezagutzen laguntzen die, Alde Zaharreko kaleetan barna egiten den gynkana-joko baten bidez. Mugikorra erabilita, Alde Zaharreko gune nabarmenetan dauden hainbat erronka ebatzi behar dira, baita Taconera eta Ziudadelan ere, hiriko erreferentziazko parkeak baitira. Trinitariosko Trenaren parkeak apirilaren 4an (larunbata) abiatuko du denboraldia eta ibilaldiak eskainiko ditu hainbat garaitako lokomotorren birsorkuntzen gainean, eta, gainera, Iruñeko trenbidearen urtez urteko historiarian barnako ibilbidea egiteko aukera dago. Familiarteko eskaintza osatzeko, hainbat ihes- eta pista-joko egiteko aukera egonen da hiriko kaleetan barna, hala nola Harresietako ihes-jokoa eta Kalizaren lapurreta.
Horri guztiari bisita gidatu ugari gehitu behar zaizkio: orokorrak eta tematikoak dira, jende orori zuzenduak, eta askotariko bisitak barne hartzen dituzte, besteak beste, ibilbide gastronomikoak, pilotak hirian izan duen historian barnakoak eta gauez katedralera egindako bisitak. Iruñeko eskaintza turistikoari buruzko informazio guztia Udalaren turismo-bulegoetan eta visitpamplonairuña.com webgunean kontsultatzen ahal da, eta web-orri horretan bertan eskainitako jardueretarako sarrerak erosi eta erreserbatzen ahal dira.
Donejakue bideko lehen hiria
Zalantzarik gabe, Donejakue bidearekin lotutako turismoak funtsezko rola du hirian. Izan ere, Iruña bideko lehen hiri handia da, eta, beraz, erromesendako zerbitzu- eta proposamen-sare zabala du. Gehienak Ultreia zentroan daude, Kale Nagusiko 20. zenbakian. Gune horrek Donejakue bidearen historiaren puska txiki batzuk eskaintzen ditu, bestelako proposamen baten bidez. Proposamen horretan, informazio praktikoko eremu bat dago Iruñetik ibilbidea abiatzen edo jarraitzen duten erromesendako, beste bat interpretaziorako eta beste bat esperientziarako; azken gune horrek ikus-entzunezko proiekzio bat barne hartzen du, Donejakue bidea egin dutenen bizipenak kontatzen dituena.
Interpretazio-eremuan Iruña, bidean lehena izeneko erakusketa bat dago ikusgai: hiriaren toki aipagarrien, tradizioen eta gastronomiaren inguruko edukiak daude ikusgai bertan, baita XIII. mendeko gune eta osagaien inguruko atzerabegirako bat ere. Bestalde, Iruña, bidegurutzea erakusketan, Iruñearen sorreraren historia ikusten ahal da, X. mendetik XVIII. mendera bitarte. Ultreia zentroa asteartetik larunbatera bisitatzen ahal da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, eta igandeetan, 10:00etik 14:00etara.
Horri guztiari Iruñeko erakusketa-eskaintza zabala gehitu behar zaio, besteak beste, Ziudadelan, Kondestable Civivoxean eta Pompelo Civivoxean. Hain zuzen ere, Pompelo Civivoxean daude ikusgai hiriko erakusketa erdi-iraunkorrik garrantzitsuenak. Zenbait begirada Iruñeari Udalaren arte-bilduman erakusketan hainbat egileren 20 lanen hautaketa arretatsua dago ikusgai, autore horiek hiriari buruz duten ikuspegia islatuta. Udalaren arte-bildumako lanak dira. Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketak ibilbide bat egiten du gure garaiaren aurretiko I. mende horretan barrena: bertan bizi zen herrixka baskoiaren tradizio eta ohiturak jartzen ditu ikusgai, baita hirira heltzen den eragin erromatarra ere. Erakusketak garai horretara eramaten ditu ikusleak, eta horretarako, hainbat pieza baliatzen ditu, horietako batzuk egun arte ezezagunak; besteak beste, Irulegiko aztarnategiarekin eta beste objektu eta berreraikitze batzuekin lotutako piezak.
Azkenik, Javier Cigaren museo-bilduma iraunkorra Pompelo Civivoxean dago ikusgai: margolari iruindarraren 133 lan barne hartzen ditu. Guztiek artistaren jardunbidean barnako ibilbidea osatzen dute, hainbat generoren bidez: erretratua, pintura etnografikoa, paisaia, natura hila, erlijio-pintura, biluziak, gai historiko, alegoriko eta sinbolikoak etab. Horrez gain, askotariko teknikak baliatzen ditu: olio-pintura, marrazkia (arkatza, ikatz-ziria, gouachea), akuarela eta sanferminetako kartela, besteak beste.
Pompelo Civivoxeko erakusketak ohiko ordutegian egonen dira irekita, baina baita jaiegunetan ere. Zehatz-mehatz, Ostegun Santuan eta Ostiral Santuan, hiru erakusketak 11:30etik 13:30era egonen dira irekita. Apirilaren 4an, larunbata, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era egonen dira irekita erakusketak. Igandean eta Pazko bigarrenean itxita egonen dira.
Kondestable Civivoxari dagokionez, apirilaren 4an (larunbata) eta 5ean (igandea) egonen da irekita, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Bertan, beste erakusketa askoren artean, Artea Oinez erakusketa bisitatzen ahalko da. Gainera, Ziudadelako erakusgunea jaiegunetan eta igandeetan egonen da irekita, 11:30etik 13:30era, eta ohiko ordutegia izanen du gainerako egunetan. Arma aretoan, Bolborategian, Labean eta Mistoen aretoan ere erakusketak daude ikusgai.