Astelehen honetan hasi dira Sanduzelaiko patinodromoaren berrurbanizatze eta birmoldaketa lanak. Plaza handia bilakatuko da, auzoarentzako topagune publikoa; haurrendako jolasguneak, parkour zirkuitua, kiroldegi-pista, atari zabaleko gimnasioa, bideak, lorategiak eta berdeguneak izanen dira. Lanek sei hilabete iraunen dute, apirilaren erdialdera arte.
Jarduketa horrek gune bat sortuko du, egonleku eta Argaren ibai-parkera joateko igarobide izanen dena, 10.000 metro karratu baino gehiagoko ingurunean (5.600, plaza moduan zolatutako zonaldeaz eta beste 4.700, berdegunez). Oraingo patinaje-pista kenduko dute, horrela egungo mailakatzeak salbatzeko eta auzoa eta berdegunearen artean eta Arga ibaiaren bazterreko bideen artean trantsizio leun eta integrala sortzeko. Honela, eguneratu eta modernizatuko da hondatuta dagoen gunea eta hein batean ondorengo hiri-bilbetik isolatuta geratu dena, 70eko hamarkadakoa baita.
Gridillas etxeak ere eraitsiko dira lursaila planeamenduak aurreikusitako erabileretara egokitzeko; gaur egun udal-biltegi gisa erabiltzen dira, eta Sanduzelai kaleko azkenean kokatuta daude. Proiektuak Gridillas txalet txikia mantenduko du, orain arte auzoko zentro komunitarioaren gune osagarri gisa erabili dena, eta parkeko berdegunean txertatuko du. Lanak Lacunza Hermanos SL – F. Suescun Construcciones ABEEak eginen ditu, hari esleitu baitzaio kontratua 1,4 milioi euroan, eta egiteko epea 180 egunekoa izanen da.
Obrak hiru fasetan, apirilaren erdialdera arte
Obrak ekialdeko muturretik hasi dira, Santa Bizenta Maria kalea eta Argako pasealekua elkartzen diren zonaldetik. Urriaren erdialdera arte Gridillas etxeak eraitsiko dituzte eta elektrizitate, telefonia eta argiteriarako kanalizazioak prestatuko dituzte kalea ibairaino jarraituko duen bidearen azpian. Fase honek ez du ez trafikoaren ez oinezkoen desbideraketarik sortuko, ezta etxebizitzetara eta lokaletara sartzeko arazorik ere.
Behin lan horiek bukatuta, plaza handiaren gauzatzea hasiko da, gaur egun dauden kirol pista eta patinodromoa kenduz. Horretarako, oinezkoak Nafarroako etorbidetik zonaldera sartzeko bidea moztuko da eta igarobide paraleloak jarriko dira Labayen Doktorearen eta Santa Bizenta Maria kaleetako lokal eta etxebizitzentzako. Horretaz gain, Salva Doktorearen eta Landa Doktorearen kaleetan bakarrik espaloi batetik ibili ahalko da eta bi aparkatze-bandetako batean bakarrik aparkatu ahalko da.
Azkenik, datorren urteko martxoan, obren hirugarren eta azken fasea abiatuko da eta pasealekuak, bideak eta bidezidorrak gauzatuko dira, plaza handia Argaren ibai-parkearekin eta gainerako auzoko zonaldeekin lotzeko. Lan horiek behin-behineko desbideratzeak eraginen dituzte, ibai-parkean zurezko plataformen bidez eta Labayen Doktorearen ingurunean atalondoetara eta lokaletara sartzeko zaldainen bidez.