Heldu den urteko erdia aldean eginen da errealitate Sanduzelai auzoko Juaristi doktorearen kaleko igarobide jasangarria, Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera. Abenduan bertan dago aurreikusita obren lizitazioa egitea, gehienez 431.991 euroan. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak egin du agerraldia prentsaurrekoan, bide honen berrurbanizazioaren xehetasunen berri emateko; izan ere, kale hau auzoko garrantzitsuenetakoa da bertan baitaude oinarrizko zerbitzu batzuk, hala nola ikastetxea eta osasun zentroa.
Proiektuan aurreikusita dagoenaren arabera, jarduketak barne hartuko ditu Juaristi doktorearen kalearen 930 metroak eta José Alfonso kalea, bietan lehenbizikoa bizitegiko bilakatuz eta abiadura orduko 20 kilometrora motelduz. Paraleloan doa kalea Sanduzelaiko etorbidearekin eta Nafarroa etorbideak bi zatitan egiten du; oztopo hori oinezkoendako lur azpiko pasabide baten bidez gainditzen da. Aurreko irailean auzoko kolektiboek besteak beste Enrique Maya alkatearekin eduki zuten bilera batean helarazitako eskariak kontuan hartu dira, eta, horrenbestez, berrurbanizazio-proiektua Sanduzelaiko etorbidean den Sanduzelai IParen inguruetaraino luzatu da. Hartara, ikasleen joan-etorriak erraztu nahi dituzte, bereizitako bidegorri baten bidez eta Sanduzelaiko etorbidearen zebrabidea egokituz bizikletetarako pasabide bat txertatuta.
Proiektuak sistema izeneko lau esku-hartze eremutan banatzen ditu igarobidea. ‘Hezkuntza-sistemak’ José María Repáraz doktorearen kalearen eta Nafarroa etorbidearen arteko tartea hartzen du eta Sanduzelai IPrainoko konexioa gehitu zaio; ‘lotura-sistemak’ lurrazpiko pasabideari heltzen dio; ‘komunitate-sistemak’ Juaristi doktorearen kalearen eta Labayen doktorearen kalearen arteko tartea hartzen du, eta, azkenik, ‘sistema berdea’ parkearen ondoan den José Alfonso doktorearen kaleari dagokio.
Lehenbiziko fasea: 7.788 metro karratu
Eremu guztiaren gaineko jarduketa faseetan eginen da. Lehenbiziko faseak ‘hezkuntza-sistemari’ eta ‘komunitate-sistemari’ helduko die, 7.788 metro karratutan, eta aparkatze-tokiak zein espaloiak berrantolatuko ditu, bai eta landaretza gehitu ere, betiere xede harturik kalearen konfort eta osasuna hobetzea, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanda.
‘Hezkuntza-sistemak’ bi ikastetxe, haur-eskola bat eta futbol-zelaia hartzen ditu, eta bertan galtzadaren zati bat erabiliko da bi noranzkotako bidegorri bereizi bat egiteko; zoladura gorria erabiliko da bidegorrian, Txantreako Andre Maria Laguntzako igarobidean bezala. Hego aldeko espaloian eginen da, ikastetxeen ondoan, eta hiru metro zabal izanen da. Bizikleta-aparkaleku bat instalatuko dute ikastetxeen sarreretatik hurbil, eta autoak desagerraraziko dituzte inguru horietatik.
Beste aldetik, ‘komunitate-sisteman’, Juaristi doktorearen kalea eta Labayen doktorearen kalea hartzen dituen tartean, aurreikusitako jarduketek jarraipena emanen diote bidegorri bereiziari eta espaloietan oinezkoendako eremu zabalak sortuko dituzte. Berez, bi kale horietan nabaria da, egun, kaleen estutasuna, bi metrotik beherakoak baitira, bai eta zuhaitzen zein hiri-altzarien gabezia; halaber, bertan toki asko ematen zaie aparkatze-tokiei.
Berrurbanizazio-proiektuari esker, oinezkoen eremua 3,5 metrotik 4,5era bitarte handituko da Juaristi doktorearen kaleko ipar-espaloian eta Labayen doktorearen kaleko mendebaldekoan. Hori bai, urbanizazio arina gauzatuko da, pintura, seinaleak eta altzariak erabiliz. Eta hori dena oinezkoendako eremu publikoa handitzeko xedez eginen da, oraingo % 35etik % 50era igaroko baita aurreikusitako jarduketen bidez.
Bizikletaren espazioa ere asko handituko dute, izan ere, bidegorri bereiziko metro bakar bat ere ez izatetik 600 metro izatera igaroko da behin obrak amaitutakoan. Bidegorri bereiziari, gainera, autoen eta bizikleten elkarbizitzako errei batek emanen dio jarraipena Labayen doktorearen kalean, norabide bakarreko lau metro zabalean non seinaleak ere jarriko baitira.
Ekozelulak natura espaloietara hurbiltzeko
Proiektuan aurreikusi dutenez, berdeguneetako ia 140 metro karratu eraikiko dituzte kaleko espaloietan, orain landaretza oso urria den tokian; halaber, orain dauden 57 zuhaitzei beste hogei gehiago gehituko dizkiete. Hori egiteko eko-zelulak erabiliko dira, hau da, erabilera anitzeko guneak, non txandakaturik txertatzen baitira berdeguneak, jolasguneak eta egonlekuak autoei kentzeko aurreikusi den kale-zatian. Gune horiek berezko entitatea izanen dute, forma pentagonal edo hexagonalekoak izanen dira, eta kale osoan barna zabalduko dira hetereogeneoki, kalearen egoera hobetzeko, ingurumen, ekologia, konfort, bizigarritasun eta osasunaz bezainbatean.
48 eserleku jarriko dituzte bertan (16 banku eta 27 aulki, denak egurrezkoak), hamabost topaleku sortuko dituzte, eta beste bost, jolaserako.
Berrurbanizazioa arina baita, ez dute obra handirik eginen: oinezkoendako toki berriak pintura bidez eta hiri-altzariez mugatuko dituzte galtzadaren gainean, eta horretarako aurrez ezarritako ereduak baliatuko dituzte, ikus-hizkuntza berria sortuz. Hori horrela, kolore urdinak bidegorriaren eremuak zedarrituko ditu, eta kolore laranjak jolasguneak identifikatuko ditu.
Eko-zelula bakoitzaren gainerako elementuei dagokienez, altzairu galbanizatuko 63 hidro-lorategi –96 zentimetroko altuerakoak– instalatuko dituzte, bertan zuhaitz txikiak eta zuhaixkak landatzeko. Halaber, 18 hidro-parterre egonen dira, altzairu galbanizatukoak ere baina 48 zentimetro altu direnak; haietan landatzeko toki gehiago egonen da, eta bertan zuhaixka txikiak eta tapiz-landareak jarriko dituzte. Oinezkoen gune hauen beste apaingarri bat ianen dira pinu-zurezko zeharrormak. Guztira, horietako 60 instalatzea aurreikusi da lehen faseko jarduketa-eremu osoan zehar. 16 zentimetro altu eta 26 zabal dira listoiak, eta luzera aldakorra dute. Haien bidez zedarrituko dira, hain zuzen, atseden informaleko guneak, apal txiki batzuk eta jolasguneak. Zeharrorma hauek elkarri eta zoladurari lotuta daude.
Eserlekuak, jolasak eta bizikleta-aparkalekuak
Espazioa 60 zentimetro zabal diren egurrezko 27 aulkik eta 175 eta 300 zentimetro arteko 16 bankuk osatuko dute; horiez gain, hormigoizko hiru jolas-mahai paratuko dituzte, xake- edo partxis-jokoak txertatuak dituztenak, eta hormigoizko sei bola paisaiaren parte gisara, bi handi eta lau txiki, zeinei bost paperontzi eta bizikleten gurpilak puzteko bonba bat gehituko zaizkien.
Bidegorria gomazko 59 bereizgarrik eta plastikozko 57 balizak, zutik, zedarrituko dute. Horrez gain, bizikletak aparkatzeko 67 barra paratuko dituzte horretarako gordetako espazioetan.
Igarobide jasangarri hau eraikitzearekin batera, orain eremuan aparkatzeko dauden 320 tokiak 150era jaitsiko dira. Nolanahi ere, Udalak jarduketa batzuk eginen ditu zirkulazioa ondoko kaleetan berrantolatzeko, bertan aparkatze-tokien kopurua handitze aldera. Zehazki, Juaristi doktorearen kalearen alboko Santa Bizenta María kalean esku hartuko dute, bai eta José Alfonso doktorearen kalean ere. Biak ala biak noranzko bakarrekoak bilakatuko dira, ilaran aparkatzeko tokiak kenduko dituzte, eta beste berri batzuk prestatuko bateria-erdian aparkatzeko. Guztira, 110 aparkatoki gehiago lortuko dira.
Eraberritze-lan hauen helburua da oinezkoei eskainitako espazioa handitzea egun ibilgailuek betetzen dutenaren kalterako. Izan ere, auzoaren egungo egoeraren gaineko azterlanek agerian uzten dute autoek okupatzen dutela kale honen % 65.