Sanduzelaiko Juaristi Doktorea eta Sanduzelai kaleen arteko elkarguneko espaloiak handitu dira oinezkoen segurtasuna eta ibilbideak hobetze aldera

Sanduzelaiko Juaristi Doktorea eta Sanduzelai kaleen arteko elkarguneko espaloiak handitu dira oinezkoen segurtasuna eta ibilbideak hobetze aldera
Oinezkoen pasabideetan ere esku hartu da eta ibilgailuek egin behar dituzten biraketen erradioak murriztu dira zirkulazioa baretzeko neurri gisa
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udalak azken bi asteetan jarduketa sorta bat egin du Juaristi Doktorea eta Sanduzelai kaleen elkargunean bide-segurtasuna eta oinezkoen ibilbideak hobetze aldera. Espaloiak handitu dira, oinezkoen pasabideetan esku hartu da eta ibilgailuek egin behar dituzten biraketen erradioak murriztu dira zirkulazioaren baretzea sustatzeko neurri gisa.

Elkargune horretan espaloiak handitzeak 200 metro koadroko oinezkoendako espazio berria ekarri du, nagusiki lehendik marraz margotuta zeuden eta inongo erabilerarik ez zuten eremu batzuei irabazi zaiena. Espaloi berri horiei esker Juaristi Doktorearen kaleko oinezkoen pasabidearen luzera murriztea lortu da, eta gainera, zabalera handitu da. Pasabidearen irisgarritasun baldintzak hobetu dira, egungo araudiari jarraiki zolatu baita. Pasabidearen ardatza zintarrien ardatzarekiko perpendikularra da, eta horrek ere itsuen irisgarritasuna hobetzen du.

Bestalde, Sanduzelai kaleko bidegurutzea espaloiaren kotara goratu da. Jarduketa hau oinezkoen ibilbidearen hobekuntza bat da, izan ere, joan-etorriak espaloiarekin jarraituz egiten dira. Oinezkoen segurtasunaren hobekuntza ere areagotu da, ibilgailuek arrapala bat gainditu behar baitute, eta horrek zirkulazioaren baretze eraginkorra dakar, ibilgailuek abiadura moteldu behar baitute pasabideko arrapaletan. Espaloiak bidegurutze horretan ere aurreratu dira; hala, gurutzatzeko behar den distantzia eta denbora murrizten dira.

Juaristi Doktorearen kaletik puntu horretara heltzen den bidegorriko bizikleten pasabidea Sanduzelai kaleko pasabide goratuan integratu da, bizikleten zirkulazioaren segurtasuna ere hobetuz. Halaber, zeuden farolak eta seinale bertikalak birkokatu dira oinezkoendako eremu berrira egokitzeko.

Jarduketa horiek 36.300 euroko aurrekontua izan dute eta Urbanismo Táctico Pamplona ABEEk (Construcciones Lacunza eta Goyo Señalizaciones) gauzatu ditu, Udalak lan mota horietarako onetsitako esparru-akordioaren kargura. Esku-hartze horrek Sanduzelaiko auzo-eztabaidagunean bizilagunek egindako eskaerari erantzuten dio, eremu horretako oinezkoendako izaera sustatu eta bide-segurtasuna handitzeko.

¿Te ha sido útil esta página?