Sanduzelaiko auzotarrek 88 proposamen aurkeztu zituzten biribilgunea eta auzoa bera hobetzeko Udalak urrian egindako kontsultan

Sanduzelaiko auzotarrek 88 proposamen aurkeztu zituzten biribilgunea eta auzoa bera hobetzeko Udalak urrian egindako kontsultan
Auzotarren ekarpenak auzoa eraldatzeko proiektu-lehiaketaren oinarriak arautuko dituen pleguan sartuko dira
Fitxategi

foto

 


Urriaren 16tik 30era Sanduzelaiko biribilguneari buruz egindako auzo-galdeketak auzotarren 88 proposamen jaso ditu. Auzotarrek iradokizunak eta birsortzeak egin dituzte biribilgunea eta ingurua ez ezik auzoko beste elementu batzuk ere hobetzeko. Ekarpen horiek guztiak Hirigintza Gerentziak eremuko zirkulazioa arintzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko prestatu duen proiektu-lehiaketan sartuko dira.

Auzoko beharrak aktiboki entzuteko ekimen hori gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu du Izaskun Zozaya Hirigintza eta Etxebizitzako eta Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi ordezkariak.

Udalak egindako kontsultan jasotako ekarpenak (71 aurrez-aurre eta 17 telematikoki egindakoak) hiru arlo nagusitan bildu dira: irtenbide-proposamen zehatzak; auzoko trafikoaren diagnostikoan eta ondorioetan eragiten duten proposamen orokorrak, eta auzoa eraldatzeko beste alderdi batzuk ardatz dituzten proposamenak, planteatutako kontsultan aurreikusten zen bezala.

Proposamen zehatzen artean, zirkulazioa lur azpitik eramatea eta auzotarrendako egun itxita dagoen Juaristi Doktorearen kaleranzko bidea irekitzea. Proposamen orokorrak bat datoz zirkulazioa eta horrek dakarren arriskuak desbideratzeko beharrarekin eta biribilgunea auzoarendako berreskuratzearekin, kutsadurarik eta zaratarik gabeko espazio publiko gehiagorekin. Halaber, elkarguneak bereizten dituen lau zatiak elkartzeko eskatu dute, auzoa modu globalean kontuan hartuko duten esku-hartzeekin.

Auzoarendako ekarpen orokorretan jasotako beste alderdi batzuk honako hauek dira: tokiko merkataritza hobetzea, parkeak eta hiri altzariak hobetzea, ekitaldiak egiteko eremu komunitario estali bat sortzea, baratze komunitario bat sortzea, asfaltatzea eta argiztapena hobetzea edo "Erdigune" izeneko lana berreskuratzea, zeinak auzoaren beharren diagnostikoa egin baitzuen hirigintzaren eta gizartearen ikuspegitik.

Proiektu-lehiaketa
Auzotarren ekarpenak epaimahaiaren esku-hartzea izanen duen Sanduzelai auzoa eraldatzeko proiektu-lehiaketaren oinarriak arautuko dituen pleguan sartuko dira. Udal-taldeek dokumentazioaren berri zehatza izan dute asteazken honetan Hirigintza Gerentzian, hura aztertu eta ekarpenak egin ahal izateko, kontratua lizitatzen hasi aurretik, ziur aski, abenduaren 13an.

Sanduzelai eraldatzeko eta berrurbanizatzeko eta irisgarritasuna eta oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeko proiektu-lehiaketa bi fasetan banatzen da. Lehenengoan, udal-teknikariek, elkargo profesionaletako eta beste administrazio batzuetako ordezkariek osatutako epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. 

Aurkeztutako proiektuen artean hiru hautatuko dira, lehiaketa arautzen duten oinarrien arabera, eta horietako batek irabaziko du. Aurreikuspenen arabera 39.500 euro (BEZa kanpo) bideratuko dira hiru sariendako: proposamen irabazleak 15.500 euro jasoko ditu; lehen accesitak, 12.000 euro, eta bigarren accesitak, 12.000 euro.

Bigarren fasean, prozedura negoziatuaren bidez zerbitzu-kontratua kontratatuko da. Prozedura horren aurretik, informazio-saio bat eginen da proposamen irabazlea herritarrei azaltzeko, eta beren ekarpenak eta iradokizunak jasoko dira, agiri teknikoetan kontuan izateko. 

Zerbitzu-lanak prozedura negoziatuaren bidez kontratatzeko aurrekontua 220.000 eurokoa izanen da (BEZa kanpo), eta hauen artean banatuko dira: proposamen irabazlea garatzeko oinarrizko proiektuak idazteko lanak (187.000 euro, BEZa kanpo) eta obren garapen-faseen araberako plangintza (33.000 euro, BEZik gabe). 

Era berean, idazketa-lanak lau zatitan banatuko dira: Biritxituko bideetan jardutea; Sanduzelaiko eremua berrurbanizatzea, Nafarroako etorbidea lurperatuz; Sanduzelaiko eremua berrurbanizatzea, Nafarroako etorbidea lurperatu gabe, eta mugikortasunarekin lotutako hainbat neurri barne hartzen ahal dituzten proposamen irabazleak proposatutako beste hobekuntza batzuk; kasu horretan, memoria baloratua eginen da. Jarduketa bakoitzari denbora-plangintza eta plangintza ekonomikoa atxiki beharko zaio.

Lehiaketak Sanduzelai auzoaren hobekuntza funtzionala du xede, irisgarritasunari eta oinezkoen, ibilgailuen eta ziklisten mugikortasunari dagokionez, bai eta auzoa Ipar-Hego ardatzean (Nafarroako etorbidea) eta Ekialde-Mendebalde ardatzean (Sanduzelai etorbidea) auzoa zeharkatzen duen ibilgailuen zirkulazioa murriztea. 


 


 

¿Te ha sido útil esta página?