Sanduzelaiko Auzo-kontseilua, hiriko lehena, urtea amaitu baino lehen hasiko da lanean, eta gaur, astelehenarekin, modu formalean izendatu dituzte kideak

Sanduzelaiko Auzo-kontseilua, hiriko lehena, urtea amaitu baino lehen hasiko da lanean, eta gaur, astelehenarekin, modu formalean izendatu dituzte kideak
Gaur ere, astelehenarekin, amaiera emanen zaio Arrotxapeko Auzo-kontseiluko parte hartzeko prozesu irekiaren bigarren faseari
Consejo de Barrio de San Jorge

 

Gaur, astelehenarekin, ofizialki izendatu dituzte Sanduzelaiko Auzo-kontseiluko kideak, eta hirian eginen den lehenengoa izanen da. Hori da, hain zuzen ere, kontseilua urtea amaitu baino lehen martxan jartzeko azken urratsa. Urtebetez aritu dira elkarlanean: hasieran, auzotarrei dei orokorra egin zitzaien, eta ondoren, talde eragile murriztu bat eratu da, auzoko eragileen mapaketa egin, egitasmoaren ahalmena eta aniztasuna aztertu eta elkarlanean erregelamendu-proposamen bat sortzeko.

Gaur, Alkatetzaren ebazpen bidez, organo horren osaera publikoki jakinarazi da: hautagaitzak aurkezteko prozesua abiapuntu hartuta, esperientzia eta ideiak aditzera eman eta konpromisoa erakustea da helburua, auzo bidezkoagoa, anitzagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko xedez. Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu du entitate eta partaideen zerrenda. Askotariko ikuspegiak barne hartzeko xedez, kontseiluan 17 entitatek eta teknikariek hartzen dute parte, baita Udaletxeko talde politiko bakoitzeko ordezkari batek ere. Borja Izaguirre Larrañaga auzoko zinegotziaren zuzendaritzapean eginen dute lan. 2019an onetsitako Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, gehienez % 60ko ordezkaritza izanen du genero bakoitzak, parekidetasuna bermatze aldera.

Auzo-kontseiluaren berezko izaera da azterketa-eztabaidagunea izatea eta Udalak eta lurraldeko funtsezko eragileek udal-politikak elkarrekin sortzea, lurralde-eremuko eguneroko bizitzari eragiten dioten Udalaren eskumeneko gaiei heltzeko. Kontseiluak informatzea, aholkatzea eta proposamenak egitea izanen du helburu: auzoan egiten den edozein ekintza jakinaraziko zaio Kontseiluari, eta Udalak kontuan hartuko du organo horren iritzia. Iritziak eta iradokizunak txosten batean jasoko diren arren, Udalari dagokio azken erabakia hartzea.

Hiru eragile mota
Gaurtik aurrera, auzoan lan egiten duten gizarte-entitate hauek osatuko dute kontseilua, hainbat alor barne hartuta: Sanduzelaiko auzo-elkartea (auzotarrak); Umetxea (haurrak eta nerabeak); Sare Feminista (emakumeak, berdintasuna eta feminismoa); Erretiratuen elkartea (adinekoak); Guraso Elkarteak (hezkuntza); parrokia eta Caritas (erlijioa); auzoko meskita (migratzaileak eta kultur aniztasuna); Kirolen Batzarra (kirola); Merkatari eta ostalarien elkartea; Acodifna (desgaitasuna eta irisgarritasun unibertsala) eta Kultur Koordinakundea (kultura). 

Halaber, bi alor desberdin ordezkatzen dituzten pertsonak barne hartzen ditu kontseiluak: batetik, ‘herritar aktiboak’, hau da, gazteriaren, ekologiaren, osasunaren eta ongizatearen eta kulturaren ordezkariak, baita emakume eta gizon bat ere, zeinak, hain zuzen ere, herritar aktiboen ordezkariak baitira. Bestetik, ‘aulki huts’ delakoak: plataformek eta herritarren mugimenduek osatzen dituzte, eta aldian-aldikoak eta aldi baterakoak izaten dira: kasu honetan, kalefakzioa jartzeko bigarren fasearekin lotutako mugimendua eta trafikoa lurperatzeko plataforma. 

Hauek dira kontseiluan ordezkatzen diren Sanduzelaiko zerbitzu eta baliabideak, : Komunitate-polizia, Gizarte zerbitzuak, Civivox zentroa eta Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxeak eta osasun-zentroak. Eta, azkenik, politikari hauek hartuko dute parte Sanduzelaiko Auzo-kontseiluan: Javier Labairu Elizalde (UPN); Zaloa Basabe Gutiérrez (EH Bildu); Xabier Sagardoy Ortega (PSN-PSOE) Carmen Alba Orduña (PP); Javier Leoz Sanz (Geroa Bai) eta Txema Mauleón Echeverría (Contigo – Zurekin).

Hiriko bigarren Auzo-kontseilua
Arrotxapeko Auzo-kontseilua, hiriko bigarrena, eratzeko parte hartzeko prozesua bi fasetan egin da. Lehenengo fasea otsailetik maiatzera bitarte egin zen: bizilagunek eta udal-langileek osatutako talde eragile batek aldizkako saioetan lan egin zuen La Carbonilla Zentro Komunitarioan. Fase horretan Udalaren Partaidetzarako Erregelamenduak aztertu zituzten, auzoari buruzko hainbat informazio-iturri ikertu ziren eta topaguneak zein proiektuak eta tokiko erakundeak identifikatzen hasi ziren. Horri guztiari esker, ezagutza-oinarri komuna ezarri eta etorkizuneko Auzo-kontseiluaren balizko lan-ildoei buruz hausnarketa egin zuten.

Bigarren fasea irailetik azarora bitarte egin zen, eta Kontseiluaren antolaketari buruzko lan praktikoagoak izan zituen ardatz. Talde eragileak auzoko topaguneen mapa digital bat egin zuen, elkarlanean, eta gizarte-eragileak identifikatu eta arlo sektorialetan sailkatu zituen, ordezkaritza plurala bermatze aldera. Era berean, gehienez ere 30 kontseilukideko egitura ezarri zen, instituzioen eta gizarte-ehunaren ordezkariak barne hartuko dituena. Bigarren fasea amaituta, honako hauek dira egin beharreko hurrengo urratsak: Kontseilua Auzo-eztabaidagunean berrestea, Osoko Bilkuran onestea eta hautagaitzak aurkeztea, sektorekako bilerak egitea eta kideak hautatzea kontseilua behin betiko eratzeko.


AUZO-KONTSEILUAK

•    XEDEA: Iruñeko herritarrek udalerriko bizitzan eta kudeaketan parte hartzeko dituzten moduak, bitartekoak eta prozedurak arautzea, bai banaka, bai herritarrak biltzen dituzten elkarte, talde eta erakundeen bitartez.

•    ZER DIRA: Auzo-kontseiluak lurraldeko partaidetzarako organoak dira, eta Auzo-eztabaidaguneekin batera, lurraldeko partaidetza organoak osatzen dituzte. Tokiko antolakundearen organo osagarriak dira, eta herritarren partaidetza bideratzen, errazten eta sustatzen dute udalerriari dagozkion gaien kudeaketan. Parte-hartzea zerbitzu, plan, programa, proiektu eta Udalaren jarduketa jakin batzuei buruz izaten da.

•    FUNTZIOAK: Auzo-kontseiluen eskumenak informazioa bildu eta ematea, Udalaren galderei erantzutea eta proposamenak egitea dira nagusiki, eta beraz, Kontseiluak egoki jotzen dituen azterketa, proposamen eta iradokizunak egin ahal izanen ditu jarrera bateratuak bilatzeko, bai Kontseiluaren beraren ekimenez, bai beste udal-organo batzuek eskatuta.

•    Auzo-kontseiluaren eginkizuna helburuak lortzeko beharrezkoak diren lanak koordinatu, antolatu eta bultzatzea da, eta Auzo-eztabaidaguneak bere esku utzi ditzakeen eskumenez gain, honako hauek ere izanen ditu:
*Informatiboak: auzoari zuzenean eragiten dion orori buruzko informazioa biltzea, gero informazio hori herritarren kolektiboei eta bizilagunei emateko.

*Aholku-emaileak: Udalak auzoko herritarren eta erakundeen iritzia galdetuko dio auzoari eragiten dioten erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan nagusiki, hala nola hirigintza-planak egitean eta zuzkidura esanguratsuen inguruko erabakiak hartzeko orduan.

*Udaleko kasuan kasuko organo eskudunak aurrez erabaki eta onetsitako gaiak herritarren parte-hartzea aintzat hartuta kudeatzea, betiere beren inguruneari erreferentzia esklusiboa egiten badiote.
 

¿Te ha sido útil esta página?