Sanduzelaiko Civivoxean, ostegun arratsaldean, 18:30etik aurrera, hamargarren errondako azken auzo-foroa eginen da: Sanduzelaikoa izanen da. Borja Izagirre Larrañaga auzoko zinegotzia eta Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzia izanen dira auzo-foroaren buru, udal-teknikariek lagunduta.
Auzo-foroa bizilagunek eta auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen dutenek parte hartzeko organo irekia da, eta udal-ordezkariek ohiko hurrenkeran parte hartuko dute: proiektu komunitarioak aurkeztuko dira eta herritarrek galderak eta iradokizunak egiteko aukera izanen dute. Foroan bertan Sanduzelaiko Auzo-kontseiluaren (hiriko lehen Auzo Kontseilua) egindako hiru bileretan egindako aurrerapenak aurkeztuko dira, bai eta Kontseiluaren lan-ildoak eta antolaketa eta funtzionamenduko egiturak ere.
Foroak ordu eta erdi inguru iraunen du, eta aurrez aurre eta zuzenean jarraitzen ahalko da www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez. Entzumen urritasuna dutenen irisgarritasuna bermatze aldera, saioan zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dira. Foroarekin batera Udalaren Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Programaren hogeita hamargarren urteurrenaren omenezko erakusketa egonen da ikusgai: Iruñeko Udalak hainbat herrialdetan– Niger, Guatemala, Mendebaldeko Sahara eta Senegal, kasurako– finantzatutako proiektuen 15 argazki biltzen ditu.
Azken auzo-foroarekin batera egindako beste jarduera osagarrietako bat auzoko ekimen komunitarioak bertatik bertara ezagutzeko ibilaldia izan da. Ibilaldia Sanduzelaiko osasun-zentrotik abiatu da eta Sanduzelai Zentro Komunitarioko (Sanduzelai k. 11) Josi eta Josi joskintza-lantegia bisitatu dute; hori gutxi balitz, auzoari buruzko erreferentzia historikoak egin dituzte Osasun-zentroko parkean, eta auzoko fauna eta florari buruzkoak Arga Ibaiaren pasealekuan, bai eta Komuna Baratza baratze komunitarioa bisitatu ere.
Auzo-foroen hamargarren erronda amaitutakoan, Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrak erronda guztian zehar egiten den ebaluazio-prozesuan ateratako ondorioak jasotzen ditu, ekimena hobetzen eta finkatzen jarraitze aldera. Hauek dira helburuak: egungo funtzionamendua aztertzea, indarguneak identifikatzea eta parte hartzeko tresna horren eragina eta barne-koordinazioa indartzea ahalbidetzen duten hobekuntza-esparruak hautematea. NUPeko irakasle eta ikasleak udal-teknikariekin, ordezkari politikoekin eta herritarrekin batera lanean aritu dira erronda guztian.
2026KO AZKEN AUZO-FOROA
Maiatzak 28, osteguna:
Sanduzelai 18:30. Sanduzelaiko Civivoxa (Gortari Doktorearen plaza, z.g.)