Sanduzelaiko Aquavoxak gaur, asteazkenarekin, ireki ditu kanpoko igerilekuak. Udako denboraldia hasi da, irailaren 14ra bitarte, eta egunero irekiko da, 10:00etatik 20:30era (aldagelak 20:45ean itxiko dira). Hala osatu da udako denboraldiko udal-igerilekuen eskaintza, Arantzadiko kirolguneko kanpoko ontziak ekainaren 15ean ireki ondoren.
Berritasun nagusia COVID-19aren pandemiaren ondoriozko murrizketarik ez egotea da, bi urtez edukiera neurriekin, hainbat espaziotan maskara jartzeko betebeharrarekin eta osasun-krisiak ezarritako gainerako mugekin egon ondoren. Sanduzelaiko Aquavoxeko instalazioetan honako hauek daude: 50 x 25 metroko igerileku olinpikoa, aisialdiko igerileku zurrustaduna eta jacuzziduna, plisti-plasta ibiltzeko igerilekua, erretegi-eremua (aldez aurreko erreserbarekin), haurrendako jolasgunea, erabilera anitzeko aretoa eta kafetegi-jatetxea.
Bainuetxe-eremua itxita egonen da udako denboraldian eta jardunera itzuliko da irailaren erdialdetik aurrera. Sanduzelaiko Aquavoxeko gimnasioa zabalik egonen da, uztailaren 6tik 14ra salbu, sanferminekin bat itxita egonen baita. Iruñeko Udalak gogorarazten du nahitaez bete behar dela instalazioak erabiltzeko erregelamendua, bai eta erretegietako erabilera-jarraibideak ere.
Abonamenduak eta eguneko sarrerak
Udako abonamenduak eskuratzeko aukera dago oraindik, bai eta eguneko sarrerak erostekoa ere, hala Arantzadiko nola Sanduzelaiko instalazioetarako. Online eskura daitezke hemen: https://aranzadi.provis.es 25 eta 64 urte bitartekoendako udako abonamenduak 80,75 euro balio du; 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 60,50 euro, eta 65 urtetik gorakoendako eta 13 urtetik beherakoendakoak 40,30 euro.
Online, esteka horretan bertan, eguneko sarrerak ere eros daitezke, zeinak 2021eko prezioari eutsi baitiote. Eguneko sarrerak 25 eta 64 urte bitarteko pertsonendako 4,45 euro balio du (5,50 euro igande eta jaiegunetan); 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 3,05 euro (3,90 euro igande eta jaiegunetan), eta 65 urtetik gorakoendako eta 13 urtetik beherakoendako prezioa 2,70 euro da edozein egunetan, bai lanegunetan bai igande edo jaiegunetan.
Murriztapen-eskubidea dutenek aldez aurretik honako izapide hau egin beharko dute: tarifa hori jasotzeko eskubidea ziurtatzen duen dokumentazioa bidali descuentossanjorge@sedena.es edo descuentosaranzadi@serveo.com helbide elektronikoetara.