Sanduzelai eraldatzeko proiektuen lehiaketak gehienez hiru jarduketa-proposamen hautatuko ditu, epaimahai tekniko baten bidez

Sanduzelai eraldatzeko proiektuen lehiaketak gehienez hiru jarduketa-proposamen hautatuko ditu, epaimahai tekniko baten bidez
Proposamenak 25.000 euroz sarituko dira; prozesua irailean edo urrian ebatziko da eta gero, udazkenean, herritarren ekarpenei irekitako fase parte-hartzaile bat egonen da

Rotonda de San Jorge


Iruñeko Udalak gaur goizean aurkeztu ditu Sanduzelai eraldatzeko proiektuen lehiaketa arautuko duten oinarri administratiboak. Lehiaketan epaimahai batek esku-hartuko du. Hirigintza Gerentziak kudeatuko du lehiaketa, eta gehienez ere hiru proposamen aukeratuko dira. Proposamen bakoitzak 25.000 euroko saria jasoko du. Lehiaketa irailean edo urriaren hasieran ebatziko da, eta gero, udazkenean, herritarren parte-hartzeari irekitako informazio-fase batekin luzatuko da. Saio eta lantegiak eginen dira, eta bertan ekarpenak jasoko dira, etorkizunean behin betiko proiektua idazteari begira.

Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak aurkeztu ditu anonimoa izanen den eta prozedura irekiaren bidez eginen den proiektu-lehiaketaren ezaugarriak. Helburua da proposamen onenak hautatzea etorkizunean Sanduzelai eraldatzeko eta berrurbanizatzeko proiektu tekniko bat egiteko eta hobekuntza funtzionala egiteko oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten mugikortasunean eta irisgarritasunean. Parte-hartzaileek proposamenak aurkeztuko dituzte, eta epaimahai batek ebaluatuko ditu. Epaimahaiak, gainera, gomendioak eta iradokizunak egiten ahalko ditu. Lortutako ondorioak hautatutako taldeei helaraziko zaizkie, eta kontuan hartuko dira izapidetzen ahalko den kontratu eratorrian arautzen diren negoziazio edo baldintzetan.

Hautatutako hiru proposamenak idatzi dituzten taldeek herritarrei informazioa emateko saio batean azalduko dizkiete, haiek ere ekarpenak eta iradokizunak egin ditzaten. Horiek txosten tekniko batean jasoko dira, eta proiektua egiteko kontratu eratorrian arautuko diren baldintzetan kontuan hartuko dira. Lehiaketa amaitu eta gehienez hiru proposamen aukeratu ondoren, prozedura negoziatu bat lizitatzen ahalko da. Hautatutako hiru taldeek parte hartzeko eskubidea izanen dute, eskatutako kaudimena badute, proiektua garatzeko zerbitzu-kontratua esleitzeko.

Lehiaketaren helburuak
Lehiaketa honen helburu nagusia Sanduzelai eraldatu eta berrurbanizatzeko estrategia bat lantzea ahalbidetuko duten ideiak lortzea da. Estrategia horrek jarduera zehatzen plan bat ekarriko du, denboran planifikatuta eta balorazio ekonomikoa eginda. Zehazki, honako helburu hauek lortu nahi dira: Nafarroa etorbidearen eta Sanduzelaiko etorbidearen elkarguneko biribilgunean igarotze-zirkulazioaren eragina murriztea; oinezkoendako, bizikletendako eta eskualdeko hiri-garraiorako espazioa irabaztea; hiri-espazioa eraldatzea, auzoaren banaketa ezabatzea eta irisgarritasunari eta iragazkortasunari dagokienez hobetzea bermatzeko, eta, azkenik, espazio publikoa birnaturalizatzea eta sartu beharreko hiri-paisaiari tratamendu egokia ematea.

Jarduketa-esparruak iparraldetik hegoaldera Nafarroa etorbideak mugatutako eremua hartzen du: Ofitaseko biribilgunetik (PA-30, Santa Luzia kalea eta PA-34 errepideen arteko elkargunea) Biurdana kaleak, La Olivako Monasterioaren kaleak eta hilerriko errepideak bat egiten duten biribilguneraino. Eta ekialdetik mendebaldera, Sanduzelaiko etorbideak mugatzen du eremua, Sanduzelai kaletik Ortiz de Landázuri Doktorearen plazaraino. 

Eremu horretan, Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko Udalaz Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa garatu aurretik eta ondoren egiten ahal diren konponbideak aztertu behar dira. Bigarren eremu bat sartu da, eskualde-mailan, eskualdeko bide-sarean proposatutako esku-hartzeen eragina aztertzeko.

Informazio-fasea eta proposamena herritarrei azaltzea
Hautaketa egin eta proiektu irabazleak zehaztu ondoren, hautatutako taldeek udazkenean saio bat eginen dute herritarrei beren proposamena aurkezteko. Saioan, oro har, egoeraren aurrekariak eta aurretiko diagnostikoa azalduko dituzte, baita aurretik egindako parte-hartze ekintzen ondorioak eta proposamenaren justifikazio teknikoa eta ekonomikoa ere. Aurkezpena material grafikoan oinarrituko da, bai fisikoan (panelak), bai informatikoan. 

Hautatutako proposamenen panelak zehazteke dagoen ekipamendu publiko batean instalatuko den erakusketa baten parte izanen dira. Hautatutako taldeek informazio-fase honetarako dibulgazio-agiriak egin beharko dituzte: proposamenaren laburpena DIN A1 tamainako panel arin batean eta PDF formatuan.

Parte hartzeko gune bat ere irekiko da, ekarpenak eta iradokizunak online jasotzeko, Erabaki Iruña web atariaren bidez, eta aurrez aurre, erakusketa hartzen duen gune berean jarritako hautetsontzi baten bidez. Horri guztiari dibulgazio-jarduerak eta lantegien eta beste ekintza batzuen bidez herritarren ekarpenak eta iradokizunak biltzeko jarduerak gehituko zaizkio. Herritarren ekarpen guztiak laburpen-dokumentu batean jasoko dira, eta teknikoki baloratuko dira.

Parte hartzen dutenen baldintzak
Lehiaketan parte hartzen ahalko dute pertsona natural edo juridikoek, espainiarrek edo atzerritarrek, jarduteko gaitasun betea izanik, kontratatzeko debeku edo bateraezintasunen batean sartuta ez badaude, eta interes-gatazkako egoeran ez badaude. Gutxienez bi proposatzaile dituen talde bat behar da, bata Arkitekturan tituluduna edo Arkitekturan graduatua, master gaitzailea duena, eta bestea Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzan tituluduna edo Ingeniaritza Zibilean graduatua, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzan gaitzen duen masterrarekin.

Diziplina anitzeko talde bat aurkezten bada, aurreko baldintzak betetzen dituen arkitekto edo ingeniari bat izan beharko da proposamenaren buru, eta hura izanen da lanen zuzendaria. Era berean, pertsona juridikoek baldintza berberetan parte hartzea aurreikusten da, baldin eta pertsona horien helburu sozialak lehiaketaren xedearekin bat badatoz, eta eskatutako titulazio-betekizunak betetzen badira. 

Lehiaketara proposamen jakin baten proposatzaile gisa aurkeztu direnak ezin izanen dira beste batean agertu, ez proposatzaile gisa, ez laguntzaile gisa. 

Talde bakoitzak langile kualifikatuak izan beharko ditu honako hauetarako: paisajismoko aholkularitza-zerbitzuak, hiri-lorezaintza eta natura-ingurunearen tratamendua, mugikortasun-lanak eta mikro eta makro eskalako trafiko-analisiak, eta topografia-lanak. Proposamena egin duten pertsonekin gertatzen ez den bezala, laguntzaileek talde batean baino gehiagotan parte hartzen ahalko dute, betiere laguntzaile gisa baino ez bada. 

Gehienez hiru proposamen hautatzea
Lanak goiburuarekin aurkeztuko dira, proposamenen anonimotasuna bermatzeko eta lehiaketaren objektibotasuna zaintzeko. Parte-hartzaileek beren proposamenak aurkeztu beharko dituzte, ahal dela, Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko Erregistro Osagarrian, baina Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean eta erregistro osagarrietan ere aurkezten ahalko dituzte.

Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 16. artikuluak baimentzen dituen erregistro ofizialetako batean proposamenak aurkezten dituztenek gerenciadeurbanismo@pamplona.es posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko diote hori zuzendaritzari, proposamenak aurkezteko gehieneko epearen barruan. Posta horretan bertan lehiaketaren edukiari buruzko argibideak eskatzen ahalko dira. Egiten diren komunikazioak anonimotasuna mantentzeko behar diren neurriekin egin beharko dira.

Proposamenak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Halaber, Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da proposamenak aurkezteko epearen amaiera-data.

Lehiaketa, epaimahaiaren esku-hartzearekin
Epaimahaia hamar kidek osatuko dute; horietako hiruk hitz egiteko eskubidea izanen dute, baina bozkatzeko ez. Joxe Martin Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkaria izanen da buru. Mahaikideak hauek izanen dira: Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Plangintza Zerbitzuko zuzendaria; Hirigintza Gerentziak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) izendatutako bi arkitekto; Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak izendatutako bi ingeniari, eta mugikortasuneko aditu bat, Iruñeko Udalak izendatuta.
Hitzarekin, baina botorik gabe, Iruñerriko Mankomunitateko garraio-ordezkari bat eta Herritarren Segurtasuneko Alorreko ordezkari bat arituko mahaikide gisa, eta, idazkaritza-lanetan, Iruñeko Udaleko

Hirigintza Gerentziako abokatu bat edo Zuzenbideko lizentziadun bat. Epaimahaikideen nortasuna Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da.

Epaimahaiak adituak gonbidatzen ahalko ditu eztabaida-saioetara, eta kanpoko kontsulta teknikoak egiten ahalko dizkie gaian adituak diren profesional kualifikatuei. Epaimahaiak modu kolegiatuan eta arrazoituan azalduko du zergatik uste duen saritutako proposamenek prozesuan jarraitzea merezi dutela, eta saritu ez diren proposamenei buruzko erabakia emanen du, erabakiaren oinarri den arrazoibide teknikoarekin batera.

Proposamenak baloratzeko irizpideak 
Proiektu-lehiaketaren oinarriek aurkeztutako proposamenak baloratzeko irizpideak jasotzen dituzte. Balorazio hori kalitate orokorrean oinarrituko da, lehiaketaren konplexutasun espezifikotik aztertuta. Kontuan hartuko dira, beraz, Sanduzelaiko eremua eraldatzeko eta berrurbanizatzeko proposamenen kalitate teknikoa, funtzionala, arkitektonikoa eta ingurumenekoa, eta hobekuntza funtzionala oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten mugikortasunean eta irisgarritasunean, bai eta horien plangintza denboran zehar eta balorazio ekonomikoa ere.
 
Bost balorazio-irizpide ezarri dira, gehienez 100 puntu lortzeko. Lehenengoa da trafikoak Sanduzelaiko biribilgunean duen eragina murriztea, horretarako behar diren ekintzekin batera (aurretikoak, behin-behinekoak edo behin betikoak). Horrek, gehienez, 30 puntu gehituko ditu. Bigarren irizpidea, 20 puntu bitartekoa, proposatutako jarduketen kostu ekonomikoarekin eta denbora-plangintzarekin –faseka– lotuta dago. 

Hirugarrenik (35 puntu bitarte), jarduera-eremurako aukeratutako irtenbide arkitektonikoa baloratuko da planteatutako proposamen bakoitzaren diseinuaren kalitateari dagokionez, eta funtsezkotzat joko dira irizpide hauek: irisgarritasun unibertsala, kohesio espaziala eta ingurumenaren eta hiri-paisaiaren hobekuntzak. Azken bi irizpideek, 10 eta 5 puntu artekoak, hurrenez hurren, zerikusia dute auzoaren mugikortasunaren hobekuntzan eragina izaten ahal duten eremutik kanpoko beste hobekuntza batzuekin eta 2023ko urriko parte-hartze prozesuan aurkeztutako iradokizunen bateragarritasunaren azterketarekin.
 

¿Te ha sido útil esta página?