Gurutze Gorriko anbulantzia bateko osasun-langileek eta San Martin zentroko zerbitzu medikoek gaur goizean erditze bat artatu dute San Fermin kalean bertan. Gertakariak goizeko 07:05 inguruan izan dira eta neskato jaioberria zein ama egoera onean daude. Gurutze Gorriko anbulantzia entzierroko dispositiboranzko bidean zihoan Errekoleten plazako osasun-arretarako puntuan zerbitzua egin ondoren, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera zihoan ibilgailu batek gelditu dituenean.
Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean Iruñeko Udalak Yamaguchi plazako pantaila erraldoian eginen den Eurocoparen finalaren emanaldiaren inguruan idatzitako Autobabeseko Planaren berri izan du. Planaren xedea da segurtasunarekin, garbiketarekin eta osasun-arretarekin zerikusia duten alderdiak prebenitu eta kontrolatzea, ekitaldira 5.000 pertsona bertaratzen ahal direla uste baita.
19:00etan zirkulazioa moztuko da Barañaingo etorbidearen elkargunearen eta Azella kalearen arteko Errioxa kaleko tartean, bertaratutakoen segurtasuna bermatu eta oinezkoendako gune bat sortzeko. 20:00etatik partida hasi arte musika egonen da Álex Muguiro DJaren eskutik. Partidaren ondoren musikak jarraituko du. Goizeko 01:30ak aldera Errioxa kaleko tartea zirkulaziorako irekiko da berriz, arratsaldean itxita egon ostean.
Pantailak 6 x 3 metroko tamaina izanen du eta eremuan garbiketa-, segurtasun- eta higiene-zerbitzuak indartuko dira. Komun kimikoetarako 6 kabina eta 2 piramide instalatuko dira eta babes zibileko hamabost bat laguntzaile eta polizia-errefortzuak egonen dira, bai eta Gurutze Gorriaren, DYAren eta Nafarroako Osasun Zerbitzuaren arreta medikoa eta osasun-postu aurreratu bat ere.
118 salaketa eta 18 atxilotu, bat balizko sexu-eraso batengatik
Uztailaren 13an (larunbata) festetako azken-aurreko egunean, 118 salaketa jarri ziren polizia-kidegoetan, aurreko urteko egun berean baino % 18,1 gutxiago, osteguna izan baitzen, eta 144 erregistratu baitziren. Hiru salaketatik bi, zehazki 77, ebasketekin lotuta egon dira; kopuru hori iazko sanferminetako uztailaren 13an jarritako 80 salaketen antzekoa da. Egunean zehar, 18 pertsona atxilotu zituzten festetan salatutako hainbat delituren balizko egileak zirelakoan.
Goizaldean aurreko egunean gertatutako sexu-eraso bat salatu da. Salaketaren ondoren polizia gorputzek balizko egilea berehala atxilotu dute, biktimaren ingurune hurbilekoa baitzen. ‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ sentsibilizazio-kanpainari dagokionez, Gazteluko plazako argibide-gunean 13.874 arta eman dira (informazio-materiala banatzea) eta, gainera, 15 gertakari erregistratu festak iraun bitartean.
Gaur goizean egindako Babes Zibileko Tokiko Batzordean beste datu batzuen berri ere izan dute, hala nola 2.200 sonometria eta zarata-ikuskapen egin direla hainbat lokaletan. Horietatik guztietatik, % 66 zuzenak ziren eta % 34ri zehapen espedienteak ezarri zitzaizkien, batez ere, araudiak baimendutako gehieneko mailak gainditzeagatik.
Atzo, hainbat etilometria eta droga-kontrol egin ziren. 10.632 alkoholemia-kontrol egin ziren (Guardia Zibila) eta emaitza positiboa izan zen 35 kasutan; bestalde, drogak detektatzeko 24 proba egin ziren, eta hainbat substantzietan emaitza positiboa izan zen12 kasutan.