
Aurtengo sanferminetan San Jose plazako agertokian eginen da Sarasate pasealekuan antolatu ohi zen kultur programazioa, bertan berrurbanizazio-lanak egiten ari baitira. Ikuskizun horiek folklorea dute ardatz eta barne hartzen dituzte, besteak beste, Jota-soinuak zikloko jota tradizionalak, eguerditan, eta dantzari- eta bertsolari-saioak, arratsaldez. Era berean, agertokia adinekoen eguneko errondailen kontzerturako erabiliko da, baita txistularien alarde tradizionalaren 67. ediziorako ere. Aipatutako ekitaldi horiez gain, aurten, kontzertu berezi bat antolatu da Alde Zaharreko gune horretan, uztailaren 14an (asteartea).
Beste hainbat gune baloratu arren, plaza horretan egitea erabaki dute, Herritarren Segurtasuneko eta Hiri Kontserbazioko Alorrekin lankidetzan. Gune hori aukeratzeko, hainbat alderdi hartu dira kontuan, hala nola espazioak eskaintzen duen itzala, gertatzen ahal diren gorabeheren aurrean ebakuazio-bideak ezartzea eta programazioa hiriaren erdialdeko gune batean egiten jarraitzea, publikoa bertaratu dadin errazte aldera.
Agertokia katedraletik hurbilen dagoen aldean egonen da eta 14 metroko zabalera izanen du, gehienez ere, aurreko aldean, baita 4 metroko hondoa ere, agertokiaren atzeko aldean; halaber, 10 metro zabal eta 4 metro sakon izanen ditu agertokiaren lehen zatian, bi zuhaitzen artean. Azpiegiturak baranda bat izanen du atzeko aldean, eta bi alboko eskailera agertokiaren atzeko aldeko bi aldeetan. Agertokiak ez du estalkirik izanen.
IKUSKIZUNAK SAN JOSE PLAZAN
• Jota-soinuak zikloa, 12:00etan
• Bertsolariak, 19:00etan
• Dantzariak, 19:00etan
• Txistularien 67. alardea, 12:30ean
• Adinekoen eguneko errondailak, 12:00etan
• Uztailaren 14ko kontzertua, 20:00etan